Andoaingo kaleak denontzat berdin (=)

Gure imajinario kolektiboan, hiriak eta hirigintzak ez dute generoarekiko loturarik, baina hirigintza ez da neutroa. Hiriak diseinatu diren eran diseinatu direlako ditugu ordutegiaren arabera bete edota hustu egiten diren auzo eta guneak, haurren edo pertsona adinduen autonomia sustatzen ez duten herriguneak, tabernetako terrazek espazioa jandako plazak, etab.

Andoain-berdintasuna

Elhuyar Aholkularitzak eta Projekta Urbes for all  arkitekto-taldeak lankidetzan Andoainen genero-ikuspegitik hobetu beharreko puntuen mapa dinamikoa egin dugu aurten, eta Basteron ikusgai egon den erakusketarekin bukatu da. Mapa dinamiko edo aldakorra dela nabarmendu nahi dugu, puntu berriak agertuko dira behar berriak sortu ahala, eta identifikatutakoak desagertuz joango dira Andoaingo Udalak interbentzioak egin ahala.

Andoain-berdintasuna-I

Tradizionalki, hirien diseinua ordainpeko lan produktiboaren dinamikaren beharren arabera antolatu izan da. Horrela, ez dira kontuan hartu izan giza erreprodukziorako zein giza bizitzaren iraupenerako ezinbestekoak diren zaintzen eta arreten multzoa, lan erreproduktiboaren behar espezifikoak.

Zaida Muxiren hitzetan, “genero-ikuspegitik egindako hirigintza, funtsean honetan datza: produkzio-mundutik eta erreprodukzio-mundutik datozen beharrak baldintza berdinetan jartzean”. Hirigintzan genero-ikuspegia kontuan hartzea da eguneroko bizitzatik eta esperientzietatik eratorritako eta orain arte kontuan hartu izan ez diren beharrak kontuan hartu eta agerian jartzea.

Baldintza berdinetan jartzeak lan erreproduktiboaren beharrak agerian jartzea dakar, hirigintzan erabiltzen diren tresnetan genero-ikuspegitik begiratuta garrantzitsuak diren datuak gehitzea. Azken batean, baliorik ez duenak ez du daturik, eta daturik ez badu, ez da inon ageri.

Baina nola eragiten digu honek gure eguneroko bizitzetan?

Segurtasunaren ikuspegitik, oso argi ikus dezakegu hirigintzak segurtasun-gabezia eta ahultasun-sentimendua areago ditzakeela. Era berean, egoki egiten denean, emakumeen ahalduntzean eta aske sentitzeko sentsazioan eragin positiboa izan dezake.

Espazio batean orientatzea erraza izatea, norberak ikustea eta besteek ikusia izatea, argiztapen egokia izatea garrantzitsua da segurtasun-sentsazioa areagotzeko; baina, dudarik gabe, toki bat segurua izan dadin eraginkorrena toki bizia eta mugimenduduna izatea da, edo beste era batera esanda, jarduerak egunaren ordu jakin batzuetan bakarrik dituzten espazio funtziobakarrak ekiditea, alegia.

Marta Roman geografoak hauxe dio beldurrean oinarrituriko segurtasunaren inguruan: “Poliziaren esku-hartzean oinarritutako konponbideak osasunean ebakuntzak bezalakoak dira: beharrezkoak, baina saihestu beharrekoak”.

Baina segurtasunean ez ezik, beste arlo batzuetan ere kontuan izan behar da genero-ikuspegia: haurren eta adinduen beharretara egokituko den hirigintza- eta zerbitzu-eskaintza zabala duten herriak behar ditugu. Hori bermatzeko ardatz nagusiak hauek dira: mugikortasuna, irisgarritasuna eta zerbitzuen eta ekipamenduen sare egokia osatzea.

Mugikortasun-azpiegiturak diseinatzean lan produktiboak eragindako beharrak eta bidaiak besterik ez badira kontuan hartzen, eguneroko bizitzetako ekintza asko kanpoan gera daitezke. Gaur egun, ohikoa da lanaldi bikoitza (edo hirukoitza), eta hori bereziki emakumeek izaten dute; horrela, bidaia amaigabe eta motzak tartekatu behar izaten dituzte (erosketak, etxeko kudeaketa, lana, zaintza…). Eguneroko mugikortasuna erraztuko duten aukera ezberdinak egotea zaindu beharra dago. Oinezkoentzako seguruak diren autorik gabeko bideek lehentasuna izan behar dute eta garraio publikoaren zerbitzu jasangarri batekin osatu behar dira.

Horrekin batera, irisgarritasunean, segurtasunean eta oinezkoen lehentasunetan oinarritzen diren hiriek menpekotasuna duten pertsonen (haurrak, adinduak, behar bereziak dituzten pertsonak) autonomia sustatzen dute. Horrek askatasun eta aukera gehiago ematen dizkie horien zaintzaz arduratzen diren pertsonei, eta hori guztia kalean, espazio publikoan, agerian geratzen da.

Era berean, hirian emakumeen presentzia sinboliko zein erreala bultzatu behar da; kaleen, plazen, parkeen eta eraikin esanguratsuen izenen bitartez, emakumeen ahalduntzean lagunduko duten mekanismoak espazio publikoan islatutzeko eta erreferentzia izateko, espazioan egiten dituzten jarduera errealak balioztatu eta horien beharretara egokituz.

Espazio publikoan zaintza-lanak errazteaz gain, eguneroko bizitzarako ekipamenduak kontziliazioa eta erantzukizuna bultzatzen duten ekipamenduak dira, eta estu lotuta daude bizitza pertsonal, familiar eta lanekoaren arteko bateragarritasunarekin.

Gaur egun oraindik ere gizarte-antolakuntza erantzunkideago baten alde lanean ari gara, baina egungo antolakuntzarekin, ezinbestekoa da zaintzako azpiegiturak eskura izatea. Horien hurbiltasuna edo irisgarritasun egokia ezinbesteko baldintza da zaintza-lanak bere gain dituzten pertsonek, gehienetan emakumeek, bizi-kalitate egokia izan dezaten.

Ezinbestekoa da, beraz, pertsonen beharretan oinarrituko diren hiriak sortzea. Horretarako adierazle dira ekipamendu-kopurua, ordutegi zabala, espazio publiko hornitua, irisgarria, eguralditik babestuko gaituena, etab. Baina beharrezkoak dira, baita ere, komunitatea sortzen edo partaidetza sutatzen eta sare soziala ehuntzen lagunduko dutenak. Hirigintzak ez ditu arazo guztiak konponduko, arazo guztien sortzaile ere ez den heinean; baina hirigintzak lagundu dezake.

Oharra: artikulu hau Naiara Arri Garciak (Elhuyar Aholkularitza) eta Miren Vives Urbietak (Projekta) elkarlanean idatzia da.

Kategoriak Elhuyar, Emakume eta gizonen berdintasuna | Erantzun

Goi-mailako ziurtagiriak lortzeko gakoak

Urtean hiru aldiz, Elhuyarreko hurbileko harreman-sarearekin Trukegunea izeneko ekimena antolatzen dugu, enpresetako euskara-planetako ordezkarien bilgunea, elkarren berri izateko eta esperientziak konpartitzeko. Pasa den astean izan zen bigarren saioa, euskararen ziurtagirien ingurukoa: Bai Euskarari Ziurtagiria eta Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiria.

Gaian kokatzeko, ziurtagiri bakoitzaren ezaugarriak ezagutu genituen: arduradunak, sorrera, baldintzak, puntuazioak, prozesua zein den… Bakoitzaren webguneetan erraz topa daiteke informazioa:

Bi ziurtagiriak hainbat maila dituzte, eta hauek dira ezaugarri nagusiak:

   BaiEuskarari_ZerbitzuaLana1          bikain

  • Bai Euskarari Ziurtagiriak euskaraz izan beharreko elementuak zehazten ditu, maila bakoitzaren arabera, lau ardatzetan banatuta: hizkuntza-gaitasuna, hizkuntza-paisaia, kanpo-harremanak eta barne-harremanak. Ziurtagiriaren elkarteko teknikariak euskararen egoera hobetzeko plangintza egiten lagunduko dio erakundeari.
  • Bikainek puntuazioaren araberako tarteak proposatzen ditu, eta beharrezkoa da gutxieneko puntu-kopuru bat maila jakin bat lortzeko.  Lau ardatz dira, kasu honetan ere: irudi korporatiboa eta komunikazioa, kanpo-harremanak, barne-harremanak eta hizkuntzen kudeaketa. 1 000 puntu banatzen dira, eta, ebaluatzaileek egiten duten txostenean indarguneak eta hobetzekoak adierazten dira.

Ziurtagirien nondik norakoak ezagututa, goi-mailako ziurtagiriak lortzeko klabeak ezagutzea ezinbestekoa iruditzen zitzaigun, eta, horretarako, esperientzia zabala duten bi lagun izan genituen Trukegunean: Andoni Zubeldia (Orkli enpresako Euskara Batzordeko kidea eta Bikaineko Ebaluatzaile Klubeko kidea) eta Anaje Narbaiza (Elay enpresako Euskara Planaren bultzatzailea eta Bikaineko Ebaluatzaile Klubeko kidea). Biek ere urte asko daramatzate euskara-planetan, eta ziurtagiriak ondo ezagutzen dituzte, batez ere  Bikain.

Eta zer hartu behar da kontuan ezinbestean goi-mailako ziurtagiria lortzeko?

  • Sendotasuna: PDCA zikloa (Plan, Do, Check, Act), alegia, planifikatu eta egin ostean, emaitzak neurtzea eta horren arabera doitzea ezinbesteko da, planaren ibilbidea eta noranzkoa neurtzeko.
  • Pertsonekin komunikazioa: pertsonekin zuzenean komunikatu, bakoitzak jakin dezan berarengandik zer espero den. Euskara ez dakitenei azaldu ikasi egin beharko dutela edo zein diren asmoak; euskara ikasten dutenak euskara erabiltzera “behartu”; alegia, euskara hutsezko elkarrizketak, komunikazioak… izan ditzatela euskaraz ikasi ahala.
  • Kontratazio-politika sendoa: enpresara sartuko diren pertsona berriak euskaldunak izatea; eta hori ezin denean bermatu, 3 urtetan ikasteko konpromisoa hartzea. Horretarako, enpresak matrikula ordaintzen du, eta, ikastorduen erdia jarri.
  • Sistematizazioa: euskarak kalitate-ezaugarri guztiekin batera egon behar du, ez aparteko lekuan. Euskarak edo hizkuntzek ez dute aparteko lekua izan behar. Alegia, langileak badaki lanean segurtasun-neurri batzuk behar dituela, eta horregatik eskularruak janzten ditu; bada, berdin-berdin jakin behar du txostena euskaraz egin behar duela.

Horiek guztiak xehatu eta erakunde bakoitzera egokitzea ezinbestekoa izango da goi-mailako ziurtagiria lortu nahi bada. Era berean, lortutakoa denboran mantentzeko eta atzera ez egiteko, hizkuntzak kudeatzeko egitura sendoa behar da eta erakundean txertatuta egon beharko du.

 

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak | Etiketak , , | Erantzun

Eleaniztasuna museoetan eta kultur ibilbideetan sustatzeko aplikazioa

Goazen tokira goazela, atsegingarri gertatzen zaigu gure hizkuntzan mintzo den norbait aurkitzea, ezta? Edo informazioa gure hizkuntzan irakurtzeko edo entzuteko aukera izatea. Gauza bera gertatzen zaie gure ingurura etortzen diren kanpotarrei ere.

QR-1025_content

Turista eta bisitariei ematen diezuen zerbitzuari balio erantsi bat eman nahi? Orain errazagoa da. QR kodeak irakurri eta informazioa norberak nahi duen hizkuntzara itzultzen duen aplikazio bat garatu dute. Hala, bisitariak, automatikoki, bere hizkuntzan jaso ditzake informazio-testuak eta –audioak bere mugikorrean.

unnamed(2)

Aplikazioaren abiapuntua Manex Garaio EHUko Informatika Fakultateko ikertzailearen karrera-amaierako proiektua izan da. Kode irekian garatu da aplikazioa, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren proiektuaren barruan, eta Albaola Itsas Kultur Faktorian erabili da lehendabizikoz, baina helburua da aplikazioa beste toki batzuetara ere hedatzea. Hain zuzen, Elhuyarrek egingo du aplikazioa tokian tokiko beharretara egokitzeko eta zabaltzeko lan hori. Hizkuntza-bikote batzuetan, aurrez prestatutako testuak txerta daitezke, eta beste hizkuntza batzuk itzulpen automatikoaren bidez eskaini. Aitzol Astigarragak ederki azaldu ditu aplikazioaren ezaugarriak.

Zure museoan edo ibilbide kultural edo turistikoan aplikazio hau jartzea interesatzen bazaizu, laguntzeko prest gaituzu.

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak, Teknologiak | Etiketak , , , , | Erantzun

Terminologia-kudeaketaren garrantzia enpresetan

Nazioarteratzea, merkatu globala… Gaur egun mundu mailan lan komertziala definitzen duten terminoak dira. Kontzeptu horiekin erabat lotuta, “eleaniztasuna” ere badago; bere jarduera komertziala mundura hedatu nahi duen edozein erakunde edo enpresak kontuan hartu beharrekoa da. Eleaniztasuna ondo kudeatzea ezinbestekoa izango da merkatu globalean mugitzeko.

Egun, erraza da merkatu globalean negozioak egitea. Teknologia berriei esker, erraz sal ditzakegu gure produktu eta zerbitzuak munduko edozein herrialdetan. Enpresaren markak arrakasta izateko, ordea, ondo definitutako terminologiaren erabilera kontsekuente bat izatea da gakoa.

languages

Enpresa baten terminologiak haren marka eta irudia definitzen ditu, eta bezeroek beren beharren asebetetzearekin lotzen dute. Zure enpresaren terminologia koherentea ez bada, barne- eta kanpo-komunikazioa arriskuan daude. Eta zure enpresa nazioartean zabaldua badago, arrisku hori are handiagoa da.

Produktua edo zerbitzua atzerrira eramatearekin batera, horrekin erlazionatutako terminologia ere eramaten dugu; beraz, komunikazioak garbia eta egiazkoa izan behar du. Horrela ez bada, gaizki-ulertuak eta produktuarekin erlazionatutako kontzeptu okerrak zabaltzeko arriskua dago, eta, jakina, horrek guztiak eragin zuzena izango du gure salmentetan.

Terminologia-arazoak ditugunean

Negozioetan, nahaste txiki batek desadostasun handi bat sor dezake!

Iturria: http://www.sdl.com/cxc/language/terminology-management/

Iturria: http://www.sdl.com/cxc/language/terminology-management/

Merkatu global honetan, bezeroak mundu osoan zehar banaturik daude. Horrek ezberdintasunak sortzen ditu kulturan, ekonomian, politikan eta, noski, hizkuntzetan. Atzerriko herrialde batean arrakasta izateko, bezero potentzialak gai izan behar du zeri buruz ari garen ulertzeko.

Arazoak ez dira izaten kulturen eta hizkuntzen desberdintasunen ondorioz soilik; alor espezializatuetan, arazo teknikoak ere ugariak izan daitezke. Gabezia handia dago, gaur egun, ulermenean eta itzulpenetan, eta, gehienetan, terminologia ez da kontuan hartzen nazioarteko merkaturatzean.

Gaur egun, nazioarteko enpresa ugari jabetu dira horretaz, eta terminologiaren kudeaketa beren lan-erreminta gisa ezarri dute, ohartzen baitira horrek abantailak ekarriko dizkiela etorkizunean globalizazio-estrategian.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, oso garrantzitsua da produktu eta zerbitzuak definitzen dituen terminologia egokia erabiltzea, hizkuntza-arazoak eta gaizki-ulertuak saihesteko.

Beraz, nazioarteratze-estrategian, termino eta hizkuntza egokiak erabiltzeak berezko garrantzia du, gure produktua eta zerbitzua behar bezala deskribatzeko eta bezero eta hornitzaileen arteko komunikazioa bermatzeko.

Kasu erreal bat

Horretaz jabetu ziren automobilgintza-alorreko zenbait enpresa. Sektore horretan, etengabe sortzen dira termino berriak, eta, eguneroko lanean, argi ikusi dute haiek jaso eta aztertzeko beharra. Horregatik, alor horretako Batz, Cikautxo, Ekin, Elay, GKN eta Maier enpresek bat egin dute, eta, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko terminologia-adituen aholkularitzapean, Automobilgintza Hiztegia sortu dute.

Nabarmena da globalizazioaren aroak beste enpresa-errealitate baterantz eraman dituela enpresa horiek, eta urtetik urtera gero eta gehiago direla automobilgintzaren sektorean nazioarteratze-prozesuetan murgilduta dauden enpresak. Errealitate berri horretan, hizkuntzak kudeatu beharrean aurkitu dira, hala nola laneko prozesuetan, bezero eta hornitzaileekiko harremanetan, langileen arteko harremanetan, baliabide eta aplikazio informatikoetan.

Helburu horri begira, hizkuntzak egoki kudeatzeko, urrats garrantzitsua da edozein sektoreren eta enpresaren terminologiaren kudeaketa gauzatzea. Enpresak estrategia linguistikoa jardunean txertatua izatea giltzarria da lehiakortasunerako, bezeroengandik gertuago egoten laguntzen dielako.

Enpresei bide horretan laguntzeko, terminologo eta itzultzaile profesionalen laguntza ezinbestekoa da, kontzeptu eta termino zuzenak bilatzeko eta horren maiz egiten diren itzulpen oker eta akatsak saihesteko.

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak | Etiketak | Erantzun