Kalinpan: ume, gazte eta helduen edari isotonikoa

Bermeotarrak kirolzaleak dira. Arrauna, pilota, saskibaloia, gimnasia, eskubaloia, txirrindularitza, dantza, eskubaloia, judoa… Kirol guztiak atsegin dituzte! Baina zein hizkuntzatan ibiltzen dira itsasoan? Zein hizkuntzatan sartzen dituzte golak? Zein hizkuntzatan egiten dituzte luzatze-ariketak? Zein hizkuntzatan animatzen dituzte herriko kirolariak?

Kalinpan

2010ean kirol-eremuan egindako diagnostikoaren arabera, bai kirolariek bai zaleek gaztelania erabiltzen zuten, neurri handi batean, joko-zelaian zein harmailetan, uretan zein portuan, lehiaketetan zein entrenamenduetan. Horren aurrean, sentsibilizazio-kanpaina ikusgarri eta eraginkor bat egitea erabaki genuen, eta kirol-eremua euskalduntzen lagunduko zuen maskota sortzea bururatu zitzaigun. Horrela jaio zen Kalinpan, Bermeoko edari isotonikoa. Bermeon, beti kalean ibiltzen denari esaten zaio Kalinpan eta hortik datorkio izena gure maskotari.

Dagoeneko 5 urte pasa dira Kalinpan lata jostalaria lehendabiziko aldiz Bermeoko kaleetan gora eta behera ikusi genuenetik. 2010eko Arrain Azokan izan zen, eta herritarrek harrera bikaina egin zioten lehenengo egunetik. Hasiera hartan, Kalinpanen zeregin nagusia zen animo-oihuak banatzea, kirol-ekitaldietan ikusleek euskara gehiago erabil zezaten. Denborarekin, ostera, Kalinpanen indarra beste eremu batzuetara ere zabaldu da, eta, gaur egun, herriko hainbat ekitaldietara joaten da gure maskota: Erromeridxera, Sukalki Egunera, ikastetxeetako jaietara, Merke-merke eta Dendarik Denda azoketara, Euskararen Egunera…

Kalinpan1

Euskara entzuten duen tokian musuak eta besarkadak banatzen ditu, eta bermeotarrek ere maitasuna eta berotasuna erakusten diote berari. Gainera, ez pentsa Kalinpan teknologia berrien aurrean kikiltzen denik; ez, gero! Jo eta su dabil sare sozialetan, eta a zer poza hartzen duen lagun izateko eskaera berriak jasotzen dituenean!

Kirola euskalduntzeko ahaleginean, Kalinpanek Udaleko Euskara sailaren eta Udaleko zinegotzien babes osoa izan du hasiera-hasieratik. Euskara Sailak 10 urte baino gehiago daramatza lanean, udalerriko arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera handitzeko, eta azken urteetan Elhuyar Aholkularitzaren laguntza izan du zeregin horretan. Geurien be bai egitasmoaren bidez, herriko enpresekin eta kultur elkarteekin euskararen erabileraren aldeko hitzarmenak landu genituen hasieran, eta, horren ondoren, proiektua beste eremu batzuetara zabaltzeko beharra eta aukera ikusi genuen.

Kalinpan2

Kirolaren alorrean, besteak beste, kiroldegiko monitoreek bete beharreko hizkuntza-irizpideak landu ditugu, eta segimendu estua egiten dugu urtero, euskararen erabilera bermatzeko beharrezkoak diren baliabideak eta laguntza eskaintzeko. Horrez gain, zenbait elkartetan berariazko esku-hartzeak egin ditugu, hala nola futbolean, arraunean eta pilotan.

Egindako lana ez da izan alferrikakoa; izan ere, kiroldegian zein kirol-taldeetan aldaketak eragin ditugu: kiroldegian monitore euskaldunen kontratazioak gora egin du, kirol-ekitaldietan euskarari lekua zabaldu diogu, euskara erabiltzeko erresistentziak zituzten pertsonak sentsibilizatu ditugu… Baina oraindik badago zer egin! Bermeoko kirol-taldeetan berba-sareak sortu nahi ditugu, kideen hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera indartzeko. Horixe izango da hurrengo urteetako erronka.

Hemendik aurrera ere, Kalinpanek musuak eta besarkadak banatzen jarraituko du han eta hemen, euskarak Bermeon behar duen lekua irabazi arte. Ikusten baduzu, ez joan agurtu barik!

Kategoria: Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak Etiketak , . Gorde lotura.

Erantzun bat Kalinpan: ume, gazte eta helduen edari isotonikoa-ri

  1. Ni ere hor nabil blogen bidez kirolean euskara zabaldu nahiean. Bejondeizuela eta Zorionak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>