Udal-ordenantzak, berdintasunerako politikak indartzeko tresnak

Udal-ordenantzak

Badira bi hamarkada baino gehiago Hego Euskal Herriko udalerriak emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak lantzen hasi zirela, emakumeek bizitzako arlo guztietan jasaten duten zapalkuntza-egoera iraultzeko eta euren bizi-baldintzak hobetzeko helburuarekin.

Urte horietan zehar, udaletako berdintasunerako zerbitzuak kanpora begirako jardueran zentratu dira batez ere, besteak beste, herritarrak berdintasunaren beharraz sentsibilizatzeko eta emakumeak ahalduntzeko ekimenak antolatuz. Genero-zeharlerrotasunaren estrategiak ez du hainbesteko ibilbiderik egin oraindik, langintza zaila baita inondik inora, estrategia honen arrakasta ez baitago Berdintasun Sailaren esku soilik. Genero-zeharlerrotasunaren erronka eta zailtasun nagusia bat eta bera dira, labur esatearren: berdintasunaz udaleko sail guztiak arduratzea, Berdintasun Sailetik harago, politika publikoetan genero-ikuspegia txertatuz. Eta langintza hau arrakastatsua izateko beharrezkoak dira konpromiso politiko sendoa, Berdintasun Sailak udal barruan errekonozimendua izatea eta udaleko periferiatik erdigunera ekartzea, langileen gutxieneko sentsibilizazioa eta inplikazioa, baliabideak jartzea eta udaleko kultura lantzea, elkarlanean aritzeko dinamikak sortuz.

Berdintasunean ibilbide bat egin ondoren, udal asko hasi dira genero-zeharlerrotasunaren estrategia garatzeko pausoak ematen eta, iruditzen zait, horretarako tresna indartsua dela berdintasunerako ordenantza. Hain zuzen ere, hori da Zarauzko Udalaren kasua: ahalegin handia egin da Udalaren barne-jarduera berdintasunaren ikuspegitik arautzeko.

Zein une da egokia udal-ordenantza lantzeko? Udal-ordenantza bat plan soil bat ez den neurrian,  gomendagarria da ordenantzei heldu aurretik berdintasun-politikatan bide bat egitea,  prozesua gidatuko duen berdintasunerako sailak sendotasuna eta errekonozimendua izatea, konpromiso politiko argia… Izan ere, ordenantzek, lege-maila altuagoa duten neurrian, aldaketak eragin behar dituzte, eta aldaketa horiei aurre egiteko oinarri sendo samarra behar da, ordenantza baliorik gabeko arau-multzo bat bilakatzea nahi ez badugu.

Zarauzko Udalak 2017ko maiatzeko Osoko Bilkuran onartu berri du Berdintasunerako Udal-ordenantza: 21 kapitulu, 63 artikulu, eztabaida askoren ondorengo fruitu. Emaitza garrantzitsua, inondik inora. Berdintasun-politikak lege-mandatua dira hemendik aurrera Zarautzen.

Emaitza ez ezik, ordea, ordenantza eraikitzeko prozesuak berak garrantzia eta protagonismo berezia izan du. Ordenantza garatzeko baldintzak sortzen hasteko baliatu dugu prozesua, Udal-langileak, teknikariak eta ordezkari politikoak sentsibilizatzeko, trebatzeko eta elkarlanean jartzeko ariketa eginez. 100 lagun baino gehiagok parte hartu dute trebakuntza-saioetan, orokorrak batzuk eta sail jakinen beharrak lantzeko, beste batzuk: Berdintasunerako ordenantzak, araudiak eta lege-markoa; hirigintzan genero-ikuspegia nola txertatu; politika publikoetan genero-ikuspegia txertatzea; herritarrentzako ekitaldietan eta jardueratan genero-ikuspegia; Gizarte Zerbitzuetan herritarrekin lan egitean genero-ikuspegia aintzat hartzea, lehenengo elkarrizketak nola egin, etab; eta kontratu nahiz diru-laguntza publikoetan berdintasuneko klausulak sartzea.

Behin Udal-ordenantza onartuta, ordea, inoiz baino ageriago jartzen da bitartekoen beharra. Udal-ordenantzak iparra marrazten du, egin beharrekoa, baina, kasu askotan, lanketa bat egitea eskatzen du, bide bat; eta horretarako, funtsezkoa da Udalak beharrezkoak diren baliabide guztiak jartzea; hori egin ezean, asko murriztuko baita Udal-ordenantzaren indar arauemailea.

Agian oraindik goiz samar da udal-ordenantzek emakumeen bizi-baldintzak hobetzeko eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzeko duten ahalmena neurtzeko. Ziurrenik araua ez da nahikoa izango; baina ordenantzek duten indar arauemaileak, epaitegien aurrean erreklama daitezkeen eskubide eta betebeharrak sortzeaz gain, beste udal-arau batzuk alda ditzake, eta maila bereko edo apalagoko arauek gai baten inguruan bere kontra egiten badute, indargabetu egiten ditu. Eta hori bera, bere horretan, bada zerbait, ezta?

Kategoriak Elhuyar | Erantzun

Une jakin batean lortutako arrakastaren zein zati dagokio aurretik egindako lanari?

For the Women’s House, Faith Ringgold.  Rikers Island emakumezkoen espetxean margotutako murala, 1971

For the Women’s House, Faith Ringgold.
Rikers Island emakumezkoen espetxean margotutako murala, 1971

Mari Luz Estebanek argitaratu duen azken liburuan honela dio: “azken aldian,  funtsezko hiru eremu iraunkor daude feminismoan ekintza espezifikoak bideratzeaz gain mota askotako emakumeen (eta gizon batzuen) bilgune gisa dihardutenak, eta aukera ematen dutenak ezagutza eta ekintzailetza uztartzeko, modu asko eta interesgarrietan”. Hiru eremu horien artean aipatzen ditu, hain juxtu, Emakumeen Etxeak. Eta, egia esanda, norberaren errealitate hurbilenetik begirada altxatuta badago nora begiratu: mugimendu feministaren aldarrikapena izan denak dagoeneko hainbat herritan izan du bere isla. Hor daude Arrasateko Emakumeen Txokoa, Azpeitiko Emakumeen Txokoa, Basauriko Marienea, Donostiako Emakumeen Etxea, Durangoko Andragunea, Eibarko Andretxea, Ermuko Emakumeen Topalekua eta Ondarroako Etxelila, egun Emakumeen Etxeen Sarea osatzen dutenak. Baina gehiago dira, han eta hemen, horrelako egitasmoak garatzen edo garatzeko asmotan diren udalerriak. Guk 2016-2017 ikasturtean garatutako Errenteriako Emakumeen Etxearen egitasmoa lehen pertsonan bizitzeko aukera izan dugu eta, egia esan, gozatu dugu.

Emakumeen Etxea definitzeko prozesuak hainbat lanketa egin beharra eskatzen zuen, hainbat galdera mahai gainean jarri eta horiei erantzun adostuak emateko ariketa egitea, alegia: Nolako Emakumeen Etxea nahi dugu? Zertarako? Zer eratako ekimenak egiteko? Zein ezaugarri fisiko behar ditu? Nortzuk izango dira erabiltzaileak eta bertako kideak? Zer nolako erabilerak ahalbidetuko ditu? Udalak eta emakumeek zer ekarpen egin beharko liokete Etxeari proiektua sendoa eta jasangarria izan dadin? Nola gobernatuko da Etxea eta zer erabaki-gune izango ditu? Bada, galdera horien guztien aurrean jarri, gogoeta egin eta adostasunetara iristeko, 6 bileratan elkartu dira ia 80 emakume, gazteak eta helduak; antolatuak eta antolatu gabeak; auzo desberdinetakoak; jatorri desberdinetakoak; parte hartzen ohituak eta horrelako prozesu batean lehen aldiz parte hartu dutenak. Hartu dute denbora, utzi dituzte alde batera bestelako eginkizunak, lotsak eta nekeak; egin dituzte proposamenak; iritzia eman eta besteena entzun dute; posizionatu dira; eta azkenik, adostu dute.

Adostu den proiektua bere osotasunean ezagutu nahi duenak ez du hona joan besterik. Bertan topatuko du Emakumeen Etxearen proiektua bera eta, baita prozesuan zehar egindako bileren aktak eta prozesua aberasteko egindako jardunaldiaren inguruko informazioa ere. Jardunaldi hartan azaldu ziren beste esperientzia batzuk, inspiratzaileak izan zitezkeenak. Zehazki, aurkeztu ziren Azpeitia, Ondarroa eta Donostiako Emakumeen Etxeen ezaugarriak eta dinamikak. Emakumeen Etxeen arteko antzekotasunak antzekotasun, Errenteriakoa ezaugarrituko duten elementu nagusiak, nire ustez, hauek dira:

  • Errenteriako Emakumeen Etxeak erreferentziazko gunea izan nahi du beste emakume batzuekin egon nahi duten Errenteriako zein eskualdeko emakumeentzat: erreferentzia, maila fisikoan zein sinbolikoan. Eta erreferentzia zertarako? Trebakuntzarako, aktibismo sozio-politikorako, harremanetarako, laguntza eskatu edo baliabideak eskuratzeko, eta, informazio-iturri gisa.
  • Ahalik eta emakume gehien erakarriko dituen proiektua izan nahi du, herrian egituratuta, Etxetik harago herriko talde eta elkarteekin sare gisa artikulatuta egongo dena. Etxeak Etxetik harago presente egon nahi du eta herriko elkarte eta kolektiboak Etxera erakarri, beti ere, emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta feminismoa lanketagai hartuta.
  • Jarduera irekia zein itxia izan nahi du Etxeak. Emakume elkarte eta taldeentzako bilgune eta lanerako gune izan nahi du, baina baita bertako jarduerekiko interesa duten herritar guztientzako trebakuntza- eta sentsibilizazio-gune ere. Ordutegiaren ikuspegitik ere, halakoxea izatea proposatzen da: ordu jakinetan publikoarentzako irekia, ordu jakinetan publikoarentzako itxia, baina Etxekideentzako erabilgarri.
  • Bere organoek irekiak eta gardenak izan nahi dute eta Emakumeen Etxearen organo gorena izango den Asanbladaren deialdiak publikoak izango dira. Asanblada proiektuaren helburu eta balioekin bat egin eta parte hartu nahi duten emakume (eta eragile) guztiek osatu ahal izango dute. Organo gorena dela diogu, bertan egingo direlako gogoeta eta eztabaida nagusiak eta bertan adostuko direlako Etxearen jarduerarekin lotutako erabaki nagusiak.
  • Etxearen ardura eta kudeaketa Udalaren eta bertako kide izan nahi duten emakumeen eta emakume-elkarteen arteko lankidetzan eta ardura partekatuan oinarrituta egin nahi da, bakoitzak dagokiona bere eginez eta lankidetza hori garatzeko espazioak sortuz. Besteak beste, Udalak eta Etxean parte hartzen duten elkarte eta emakumeek lankidetzan jarduteko Koordinazio Organo bat aurreikusi da.

Prozesuan gauza gutxi batzuk erabakita etorri dira: etxearen kokalekua, adibidez. Udalak berak proposatu du eta proposamen horri ez zaio eragozpenik jarri. Beste kontu batzuk, prozesuan landu diren arren, erabaki edo adostu gabe geratu dira, Etxearen izena kasu. Edonola ere, prozesuan parte hartu duten emakumeek, sentsibilitate desberdinetako emakumeen arteko lankidetzaren aldeko hautua egin duten bezalaxe, Udalaren eta emakumeen arteko lankidetza-markoen aldeko hautua egin dute.

Politika publikoak gizarte gisa ditugun erronkei eta arazoei aurre egiteko ditugun tresna garrantzitsuenak dira. Eta arazo eta erronka horiei modu egoki eta jasangarrian erantzun nahi badiegu, garrantzitsua da bakoitzak dagoen tokitik duen ezagutza partekatuz, arazoak eta erronkak zein diren elkarrekin identifikatzea eta arazo eta erronka horiei zer erantzun emango diegun elkarrekin adostea, Joan Subiratsek politika publikoen koprodukzioa deitzen duen hori. Baina horretarako, baldintzak sortu behar dira. Emakumeek (feminismoak) eta udalek elkarrekin jardungo badute, elkarrekikotasuna ezinbesteko printzipioa da: besteak beste, elkarren interesek eta nahiek tokia izatea; eman bai, baina jaso ere egiten dutela sentitzea; egindako ahaleginak nolabaiteko emaitza izango duela sinistea; bestearen asmoengan konfiantza izatea. Eta hori ez da prozesu bakarrean edo prozesu puntual batekin lortzen. Lanerako oinarri horiek denbora eskatzen dute eta dinamika jakinak etengabe elikatzea.

Errenteriako prozesuaren arrakastaren gakoetako bat hor dagoela esango nuke: azken urteetan sustatu diren elkarlanerako egitura iraunkorretan eta dinamiketan. Horregatik komeni da geure buruari galdetzea une jakin batean lortutako arrakastaren zein zati dagokion prozesuari berari eta zer aurretik egindako lanari.

Kategoriak Elhuyar, Emakume eta gizonen berdintasuna | 2 erantzun

Bada beste modu bat: Laboral Kutxa berdintasunerako bidean

Elhuyar-Laboral Kutxa 1978ra arte, emakume ezkonduek senarraren baimena behar izaten zuten bankuetan edo kutxetan kontua irekitzeko, baita Laboral Kutxan ere (orduan, Euskadiko Kutxa). Jokaera matxista horiek oso aspaldiko kontuak iruditzen zaizkigun arren, gizonen eta emakumeen berdintasunaren lege-aitorpena oso berriki erdietsitako lorpena dugu. Laboral Kutxan badakite berdintasun formala ez dela nahikoa emakumeek mendez mende enpleguaren arloan sartzeko izan dituzten oztopoak gainditzeko. Horregatik, aitzindariak izan dira politika aktiboak ezartzen, benetako berdintasuna noizbait errealitate bihurtzea nahi dutelako.

Laboral Kutxak berdintasunaren aldeko ibilbideari eta apustuari orain dela 20 urte ekin zion, 1997an, Emakunderen aitortza-ziurtagiria lortu zuenean. Orduz geroztik, emakumeen eta gizonen berdintasunerako hiru plan landu ditu erakundeak. Azken bietan bidelagun izan gaitu gu, Elhuyar Aholkularitza.

Gustura gerturatzen gara Laboral Kutxara, lanera bagoaz ere: etxean bezala sentitzen gara, oso ongi zaintzen gaituzte, bezeroekin eta zerbitzuak eskaintzen dizkiegun pertsonekin ere detaile politak dituzte. Horrez gain, argi eta garbi ikusten dugu berdintasunaren gaiarekin kezka duen erakundea dela, nahiz eta, oraindik ere, berdintasunerako bidean zer hobetu baduen. Kopuruei begiratuz gero, emakume eta gizon bazkideen kopuruak antzekoak dira, oreka da nagusi. Kategoriei erreparatuz, ardura-postuetan zenbat eta gorago, orduan eta emakume gutxiago daude. Baina errealitate horrekin arduratuta daude, eta aldatu egin nahi dute. Gero eta emakume gehiago hasten dira lanean Laboral Kutxan, baina ardura-postuetara iristeko ibilbidean, kristalezko sabaiarekin topo egiten dute horietako askok (zuzendarien % 6 eta buruen % 28 dira emakumeak).

Aldaketarako bideari ekin dio Laboral Kutxak, eta 2011tik hona, bultzada handia eman die berdintasunerako politikei:

Egitura egonkorra eta aktiboa sortu du. Berdintasuna kudeatzeko, bi pertsona izendatu dituzte: arduraduna (Gestio Sozialeko zuzendaria) eta koordinatzailea ; gainera, Berdintasunerako Batzordea indartu egin da, bertan, erakundean figura klabeak diren pertsonak integratuz: Gestio Sozialeko zuzendaria, Komunikazio Saileko zuzendaria, lege-aholkularia, Kontseilu sozialeko kideak… Horrez gain, gure aholkularitza-zerbitzuak jasotzen dituzte 2011. urteaz geroztik. Berdintasunaren kudeaketa Zuzendaritzaren agendan presente dago. Berdintasunerako Plana erakundearen Plan Estrategikoan eta urteko Kudeaketa Planean integratu da eta garrantzi berezia eman zaio berdintasunaren aldeko lidergoari. Gaiaren garrantzia eta kontzientzia zabaldu egin da lankideen artean. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren gaia gero eta presenteago dago lankideen eguneroko lanean. Hori lortzeko, hainbat bide landu dira Laboral Kutxan:

  • Gai zehatzak jorratzeko, hainbat lantalde martxan jarri dira eta horietan parte hartu duten lankideak berdintasun-gaietan murgildu dira.
  • Berdintasunerako Planari lotutako buletina argitaratzen da, sei hilerik behin.
  • Berdintasunaren inguruan eztabaida pizteko foroa sortu da.
  •  Ahalegina egin da lanketetan lankideak inplikatzeko. Esate baterako, Laboral Kutxan gertatzen diren berdintasun- eta desberdintasun-egoerak aztertzeko esketxak landu dira eta esketxetako aktore eta gidoigileak Laboral Kutxako langileak izan dira.

Elhuyar-Laboral Kutxa-I

  • Langile guztiek berdintasunaren inguruko inkestak jaso dituzte, eta, horien bidez, langileak sentsibilizatu eta euren ikuspegi eta iritziak jaso ditugu.

Baina oraindik badago zertan eragin. Azken urteetan landutako diagnostikoen bidez eta langileei egindako inkesten bidez aztertu dugu erakundeko emakumeek zer zailtasun dauzkaten ardura-postuetara iristeko, eta horien zergatiak:

  • Lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak: emakumeak dira, batez ere, bateragarritasunerako neurriak erabiltzen dituztenak.
  • Genero-aurreiritziak eta rolak, oraindik ere, emakumeentzako oztopo dira, ardura-postuetara heltzeko orduan.
  • Emakumeen boteretze falta, ardura-postuetan aritu nahi izateko.

Beraz, datozen urteetan, zailtasun edo oztopo horiei aurre egiteko estrategiak lantzen jarraituko du Laboral Kutxak, benetako berdintasuna lortu arte. Azaroaren 15ean, Nuria Agirre Unzuetak (Laboral Kutxako Gestio Sozialeko zuzendariak) Laboral Kutxaren berdintasunerako politiken berri eman zuen Euskalit-ek antolatutako “Estrategia Aurreratua Kooperatibetan” jardunaldian. Bideoa eta argazkiak eskuragarri dituzue: http://emakunde.blog.euskadi.eus/2016/11/la-igualdad-en-las-empresas-en-las-empresas-cooperativas-a-debate/

 

Kategoriak Elhuyar, Emakume eta gizonen berdintasuna | Erantzun

Partaidetza-ordenantza: Legorretako Udala

Legorreta_2_saioa_2016_06_08 017

Udalek araudi edo ordenantzak egin ohi dituzte, gai edo arlo jakin batzuetan, gehienetan zailtasunak edo arazoak sortzen direnean. Araudietan eskubideak aitortzen dira, baina baita betebeharrak eta mugak ere, eta hor pizten da betiko eztabaida: arazorik ez bada, zergatik edo zertarako arautu? Eta araudia eginez gero, gero beti betetzeko da? Hori gertatzen da, baita ere, herritarren partaidetza bultzatu nahi duten araudi edo ordenantzekin: herri  batzuetan onartu eta indarrean daude; beste batzuetan onartu bai, baina ez da praktikan jarri; beste batzuetan egiteko borondatea badaukate, baina ez dakite nondik edo nola hasi… Azkenaldian bada, gainera, kontuan izan beharreko beste alderdi bat: 2/2016 Legea, Toki Erakundeei buruzkoa, Gasteizko Legebiltzarrak onartua. Izan ere, VI. tituluko IV. kapituluan, lege horrek aukera eta helduleku berriak proposatzen ditu herritarren partaidetzarako, batik bat prozesuen arloan, zenbait termino zehazten eta definitzen dituelako eta tresna edo eredu zehatzak proposatzen dituelako; halaber, Legeak bereziki azpimarratzen eta bultzatzen du herritarren partaidetza ordenantza edo erregelamendu bidez arautzea. Beraz, udal askoren etorkizunerako agendetan sartuko da ordenantza egitea.

Nolanahi ere, ordenantza egiten hasi aurretik, aurretik komeni da zenbait baldintza kontuan izatea eta ahal baldin bada betetzea, hauek, besteak beste:

  • Adostasun politikoa, beharrean bat etortzea udaleko alderdiak, abaguneen eta uneko egoera jakinen gainetik, eta betetzeko konpromiso eta borondate irmoa adieraztea.
  • Partaidetzan ibilbidea egina izatea eta eskarmentu hori kontuan izatea ordenantza idazteko orduan.
  • Elkarlanean egina izatea, ordenantzaren subjektu izango diren guztiek hartzea parte erredakzioan: hautetsiak, udal-teknikari eta -langileak, herri-elkarte eta erakundeak, herritarrak…
  • Herriko ezaugarri bereziak kontuan izatea eta ordenantzan jasotzea.

Toki Erakundeen Legea onartu zen garai bertsuan (2016ko apirilean) erabaki zuen Legorretako Udalak herritarren partaidetzaren oinarriak are gehiago finkatzea eta sakontzea, hau da, ordenantzarako oinarriak lantzea. Hain zuzen ere, arestiko baldintza gehienak betetzen ziren Legorretan: Udaleko alderdiak ados zeuden partaidetza arautu beharraz, herrian bazegoen esperientzia edo ibilbide luzea herritarren partaidetzan, Legorreta herri bizia da elkarte eta taldeei dagokienez… Horrela, 2016ko ekainean, prozesua abian jarri ondoren, pauso hauek eman genituen:

  • Saio bat udal-hautetsiekin eta udal-teknikari eta -langile guztiekin, parte hartzeko oinarriak lantzeko.
  • Hiru saio elkarrekin udal-hautetsiak, udal-teknikari eta -langileak, herri-elkarte eta -taldeetako ordezkariak eta herritarrak, parte hartzeko sistemaren eta ordenantzaren ezaugarriak zehazteko.

Saio presentzial horiez gain, herritarrek aukera izan zuten prozesuan Internet bidez ere parte hartzeko,  #partaidetzaOnen bidez, eta prozesuan aurrera joan ahala sortzen eta erabiltzen joan ginen materialak (aktak, beste leku batzuetako araudiak…) ere plataforma horretan jarri genituen.

Prozesua oso emankorra eta aberasgarria izan zen, oso giro onean (ikus bideoa), eta bereziki nabarmentzekoa izan zen partaidetza, kopuruaren eta aniztasunaren aldetik, bai udal-hautetsiena eta langileena, baita herriko taldeetako eta elkarteetako ordezkariena eta herritarrena ere; izan ere, 37 legorretarrek hartu zuten parte, emakumeek (18) eta gizonek (19) oso orekatuta eta adin-tarte guztietakoek.

Bidean, korapilo batzuk aurkitu genituen, antzeko araudiak egitean azaldu ohi direnak, eta askatzen ahalegindu ginen:

  • Legalitatea versus legitimitatea, edo bestela esanda, ordenantzak zenbateraino kokatu behar duen legalitate estuaren barruan, Udalak nola lagundu edo aitortu behar dituen legearekin bat ez datozen herri-ekimenak.
  • Norena da azken hitza eta erabakia? Prozesuen emaitzek zenbateraino izan behar dute lotesleak? Nola bermatu herritarren hitzak edo nahiak aurrera egiteko aukera izango duela?
  • Zer gai landu daiteke edo ez partaidetza-prozesuen bidez?

Korapilo horiek askatu eta argitu ondoren, behin ordenantzaren oinarriak ezarrita, beste ordenantza batzuetan eta Toki Erakundeen Legean oinarrituta, behin-behineko zirriborroa idatzi genuen eta hautetsiei helarazi genien. Horrela, irailaren 29ko udalbatzak ordenantza ontzat jo zuen aho batez, eta laster herritarren aurrean aurkeztuko da.

Kategoriak Elhuyar, Partaidetza | Erantzun