Nazioarteratzea, merkatu globala… Gaur egun mundu mailan lan komertziala definitzen duten terminoak dira. Kontzeptu horiekin erabat lotuta, “eleaniztasuna” ere badago; bere jarduera komertziala mundura hedatu nahi duen edozein erakunde edo enpresak kontuan hartu beharrekoa da. Eleaniztasuna ondo kudeatzea ezinbestekoa izango da merkatu globalean mugitzeko.
Egun, erraza da merkatu globalean negozioak egitea. Teknologia berriei esker, erraz sal ditzakegu gure produktu eta zerbitzuak munduko edozein herrialdetan. Enpresaren markak arrakasta izateko, ordea, ondo definitutako terminologiaren erabilera kontsekuente bat izatea da gakoa.
Enpresa baten terminologiak haren marka eta irudia definitzen ditu, eta bezeroek beren beharren asebetetzearekin lotzen dute. Zure enpresaren terminologia koherentea ez bada, barne- eta kanpo-komunikazioa arriskuan daude. Eta zure enpresa nazioartean zabaldua badago, arrisku hori are handiagoa da.
Produktua edo zerbitzua atzerrira eramatearekin batera, horrekin erlazionatutako terminologia ere eramaten dugu; beraz, komunikazioak garbia eta egiazkoa izan behar du. Horrela ez bada, gaizki-ulertuak eta produktuarekin erlazionatutako kontzeptu okerrak zabaltzeko arriskua dago, eta, jakina, horrek guztiak eragin zuzena izango du gure salmentetan.
Terminologia-arazoak ditugunean
Negozioetan, nahaste txiki batek desadostasun handi bat sor dezake!
Merkatu global honetan, bezeroak mundu osoan zehar banaturik daude. Horrek ezberdintasunak sortzen ditu kulturan, ekonomian, politikan eta, noski, hizkuntzetan. Atzerriko herrialde batean arrakasta izateko, bezero potentzialak gai izan behar du zeri buruz ari garen ulertzeko.
Arazoak ez dira izaten kulturen eta hizkuntzen desberdintasunen ondorioz soilik; alor espezializatuetan, arazo teknikoak ere ugariak izan daitezke. Gabezia handia dago, gaur egun, ulermenean eta itzulpenetan, eta, gehienetan, terminologia ez da kontuan hartzen nazioarteko merkaturatzean.
Gaur egun, nazioarteko enpresa ugari jabetu dira horretaz, eta terminologiaren kudeaketa beren lan-erreminta gisa ezarri dute, ohartzen baitira horrek abantailak ekarriko dizkiela etorkizunean globalizazio-estrategian.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, oso garrantzitsua da produktu eta zerbitzuak definitzen dituen terminologia egokia erabiltzea, hizkuntza-arazoak eta gaizki-ulertuak saihesteko.
Beraz, nazioarteratze-estrategian, termino eta hizkuntza egokiak erabiltzeak berezko garrantzia du, gure produktua eta zerbitzua behar bezala deskribatzeko eta bezero eta hornitzaileen arteko komunikazioa bermatzeko.
Kasu erreal bat
Horretaz jabetu ziren automobilgintza-alorreko zenbait enpresa. Sektore horretan, etengabe sortzen dira termino berriak, eta, eguneroko lanean, argi ikusi dute haiek jaso eta aztertzeko beharra. Horregatik, alor horretako Batz, Cikautxo, Ekin, Elay, GKN eta Maier enpresek bat egin dute, eta, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko terminologia-adituen aholkularitzapean, Automobilgintza Hiztegia sortu dute.
Nabarmena da globalizazioaren aroak beste enpresa-errealitate baterantz eraman dituela enpresa horiek, eta urtetik urtera gero eta gehiago direla automobilgintzaren sektorean nazioarteratze-prozesuetan murgilduta dauden enpresak. Errealitate berri horretan, hizkuntzak kudeatu beharrean aurkitu dira, hala nola laneko prozesuetan, bezero eta hornitzaileekiko harremanetan, langileen arteko harremanetan, baliabide eta aplikazio informatikoetan.
Helburu horri begira, hizkuntzak egoki kudeatzeko, urrats garrantzitsua da edozein sektoreren eta enpresaren terminologiaren kudeaketa gauzatzea. Enpresak estrategia linguistikoa jardunean txertatua izatea giltzarria da lehiakortasunerako, bezeroengandik gertuago egoten laguntzen dielako.
Enpresei bide horretan laguntzeko, terminologo eta itzultzaile profesionalen laguntza ezinbestekoa da, kontzeptu eta termino zuzenak bilatzeko eta horren maiz egiten diren itzulpen oker eta akatsak saihesteko.