Andoaingo kaleak denontzat berdin (=)

Gure imajinario kolektiboan, hiriak eta hirigintzak ez dute generoarekiko loturarik, baina hirigintza ez da neutroa. Hiriak diseinatu diren eran diseinatu direlako ditugu ordutegiaren arabera bete edota hustu egiten diren auzo eta guneak, haurren edo pertsona adinduen autonomia sustatzen ez duten herriguneak, tabernetako terrazek espazioa jandako plazak, etab.

Andoain-berdintasuna

Elhuyar Aholkularitzak eta Projekta Urbes for all  arkitekto-taldeak lankidetzan Andoainen genero-ikuspegitik hobetu beharreko puntuen mapa dinamikoa egin dugu aurten, eta Basteron ikusgai egon den erakusketarekin bukatu da. Mapa dinamiko edo aldakorra dela nabarmendu nahi dugu, puntu berriak agertuko dira behar berriak sortu ahala, eta identifikatutakoak desagertuz joango dira Andoaingo Udalak interbentzioak egin ahala.

Andoain-berdintasuna-I

Tradizionalki, hirien diseinua ordainpeko lan produktiboaren dinamikaren beharren arabera antolatu izan da. Horrela, ez dira kontuan hartu izan giza erreprodukziorako zein giza bizitzaren iraupenerako ezinbestekoak diren zaintzen eta arreten multzoa, lan erreproduktiboaren behar espezifikoak.

Zaida Muxiren hitzetan, “genero-ikuspegitik egindako hirigintza, funtsean honetan datza: produkzio-mundutik eta erreprodukzio-mundutik datozen beharrak baldintza berdinetan jartzean”. Hirigintzan genero-ikuspegia kontuan hartzea da eguneroko bizitzatik eta esperientzietatik eratorritako eta orain arte kontuan hartu izan ez diren beharrak kontuan hartu eta agerian jartzea.

Baldintza berdinetan jartzeak lan erreproduktiboaren beharrak agerian jartzea dakar, hirigintzan erabiltzen diren tresnetan genero-ikuspegitik begiratuta garrantzitsuak diren datuak gehitzea. Azken batean, baliorik ez duenak ez du daturik, eta daturik ez badu, ez da inon ageri.

Baina nola eragiten digu honek gure eguneroko bizitzetan?

Segurtasunaren ikuspegitik, oso argi ikus dezakegu hirigintzak segurtasun-gabezia eta ahultasun-sentimendua areago ditzakeela. Era berean, egoki egiten denean, emakumeen ahalduntzean eta aske sentitzeko sentsazioan eragin positiboa izan dezake.

Espazio batean orientatzea erraza izatea, norberak ikustea eta besteek ikusia izatea, argiztapen egokia izatea garrantzitsua da segurtasun-sentsazioa areagotzeko; baina, dudarik gabe, toki bat segurua izan dadin eraginkorrena toki bizia eta mugimenduduna izatea da, edo beste era batera esanda, jarduerak egunaren ordu jakin batzuetan bakarrik dituzten espazio funtziobakarrak ekiditea, alegia.

Marta Roman geografoak hauxe dio beldurrean oinarrituriko segurtasunaren inguruan: “Poliziaren esku-hartzean oinarritutako konponbideak osasunean ebakuntzak bezalakoak dira: beharrezkoak, baina saihestu beharrekoak”.

Baina segurtasunean ez ezik, beste arlo batzuetan ere kontuan izan behar da genero-ikuspegia: haurren eta adinduen beharretara egokituko den hirigintza- eta zerbitzu-eskaintza zabala duten herriak behar ditugu. Hori bermatzeko ardatz nagusiak hauek dira: mugikortasuna, irisgarritasuna eta zerbitzuen eta ekipamenduen sare egokia osatzea.

Mugikortasun-azpiegiturak diseinatzean lan produktiboak eragindako beharrak eta bidaiak besterik ez badira kontuan hartzen, eguneroko bizitzetako ekintza asko kanpoan gera daitezke. Gaur egun, ohikoa da lanaldi bikoitza (edo hirukoitza), eta hori bereziki emakumeek izaten dute; horrela, bidaia amaigabe eta motzak tartekatu behar izaten dituzte (erosketak, etxeko kudeaketa, lana, zaintza…). Eguneroko mugikortasuna erraztuko duten aukera ezberdinak egotea zaindu beharra dago. Oinezkoentzako seguruak diren autorik gabeko bideek lehentasuna izan behar dute eta garraio publikoaren zerbitzu jasangarri batekin osatu behar dira.

Horrekin batera, irisgarritasunean, segurtasunean eta oinezkoen lehentasunetan oinarritzen diren hiriek menpekotasuna duten pertsonen (haurrak, adinduak, behar bereziak dituzten pertsonak) autonomia sustatzen dute. Horrek askatasun eta aukera gehiago ematen dizkie horien zaintzaz arduratzen diren pertsonei, eta hori guztia kalean, espazio publikoan, agerian geratzen da.

Era berean, hirian emakumeen presentzia sinboliko zein erreala bultzatu behar da; kaleen, plazen, parkeen eta eraikin esanguratsuen izenen bitartez, emakumeen ahalduntzean lagunduko duten mekanismoak espazio publikoan islatutzeko eta erreferentzia izateko, espazioan egiten dituzten jarduera errealak balioztatu eta horien beharretara egokituz.

Espazio publikoan zaintza-lanak errazteaz gain, eguneroko bizitzarako ekipamenduak kontziliazioa eta erantzukizuna bultzatzen duten ekipamenduak dira, eta estu lotuta daude bizitza pertsonal, familiar eta lanekoaren arteko bateragarritasunarekin.

Gaur egun oraindik ere gizarte-antolakuntza erantzunkideago baten alde lanean ari gara, baina egungo antolakuntzarekin, ezinbestekoa da zaintzako azpiegiturak eskura izatea. Horien hurbiltasuna edo irisgarritasun egokia ezinbesteko baldintza da zaintza-lanak bere gain dituzten pertsonek, gehienetan emakumeek, bizi-kalitate egokia izan dezaten.

Ezinbestekoa da, beraz, pertsonen beharretan oinarrituko diren hiriak sortzea. Horretarako adierazle dira ekipamendu-kopurua, ordutegi zabala, espazio publiko hornitua, irisgarria, eguralditik babestuko gaituena, etab. Baina beharrezkoak dira, baita ere, komunitatea sortzen edo partaidetza sutatzen eta sare soziala ehuntzen lagunduko dutenak. Hirigintzak ez ditu arazo guztiak konponduko, arazo guztien sortzaile ere ez den heinean; baina hirigintzak lagundu dezake.

Oharra: artikulu hau Naiara Arri Garciak (Elhuyar Aholkularitza) eta Miren Vives Urbietak (Projekta) elkarlanean idatzia da.

Kategoria: Elhuyar, Emakume eta gizonen berdintasuna. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>