Berrikuntza soziala, tokiko garapen integralerako akuilu

Azken urteetan berrikuntza soziala kontzeptua asko zabaltzen ari da erakundeetan. Baina zertaz dihardugu berrikuntza sozialaz hitz egiten dugunean? Oraindik ere nahiko kontzeptu lausoa eta zabala da; ia edozer sar daiteke gizartea eta berrikuntza ardatz dituen aterkipe horretan. Hori dela-eta, azken bi urteotan gaia bereziki landu dugu Elhuyar Aholkularitzan guretzat eta ingurukoentzat baliagarri izan daitekeen lan-marko bat eraikitzeko asmoz.

berrikuntza soziala-Ihttp://berrikuntzasoziala.elhuyar.eus

Nolanahi ere, argi dugu Euskal Herria ez dela hutsetik abiatzen arlo honetan. Esperientzia ugari ezagutu dugu Euskal Herrian azken hamarkadetan berrikuntza sozialtzat har daitezkeenak, eta ia oharkabean gure herria munduan erreferente egin dutenak. Horien artean ditugu, besteak beste, euskararen biziberritze-prozesua, ekonomia soziala garatzeko eredu propioak edota azken urteetan kontsumo-ereduaren inguruan sortu diren ekimenak.

Aurrera begira, gure ikuspegitik berrikuntza sozialaren egitekoa da euskal gizartearen egungo erronka nagusiei erantzutea. Erronka horietatik, honako bost hauek dira, gure ustez, tokiko garapen integralaren ikuspegitik lehentasunezkoak:

  • Autoeraketa eta gobernantza demokratikoa. Tokian tokiko komunitateak sortzeko-, erabakitzeko eta antolatzeko gaitasuna indartzea garrantzitsua da, gizarte batek dituen behar nagusiei norbere baliabideekin erantzuteko. Azken batean, herritarrak euren orainaren eta etorkizunaren subjektu aktibo, erantzule eta protagonista izatean dago pertsonak, erakundeak eta gizartea garatzeko gakoa.
  • Euskara biziberritzea. Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza, eta euskal nortasunaren eta kulturaren adierazpiderik garrantzitsuenetako bat. Baina euskara oraindik ere hizkuntza gutxitua da euskal gizartean, eta, beraz, gure hizkuntza biziberritzea eta euskararen osasuna bermatzea da hiztun-komunitate moduan dugun erronkarik garrantzitsuenetariko bat.
  • Emakume eta gizonen berdintasuna. Emakumezkoak biztanleriaren erdia dira, baina ez dute bizitza sozio-politikoan modu parekidean parte hartzen. Gizarte-bizitzaren hainbat esparrutan ez dira, beraz, emakumezkoen ikuspegi, behar eta iritziak behar bezala ez jasotzen, ezta kontuan hartzen ere erabakiak hartzeko garaian. Hori dela-eta, emakume eta gizonen berdintasuna da euskal gizartearen beste ipar nagusietako bat.
  • Garapen lokala eta iraunkortasuna. Industri gizartearen sorreratik hona, areagotu egin da gizakiaren esku-hartzea naturan. Garapen-eredu antropozentrikoaren eraginez, naturaren beharrak eta mugak agerian geratu dira: natur baliabideak urritzen ari dira, klima aldatzen, hondakinak pilatzen… Egungo kontsumo-eredua ez da jasangarria eta beharrezkoa dugu eredu iraunkorragoetarako trantsizioa. Trantsizio horretan, etorkizuneko lan-ildoetako bat da tokian tokiko sareak ehuntzea, eta maila lokalagoa eta irizpide sozialagoak dituzten merkatuak sortzea .
  • Elkarlana, lankidetza eta elkartasuna. Gizartea eraldatzea eta berrikuntzarako bidea ez dira norbanakoen eskutik etorriko. Beharrezkoa da elkarlana eta elkartasuna oinarri izango duten egitasmoak eta sareak eraikitzea, norabide berean indarra egiteko.

Bestetik, berrikuntza sozialeko egitasmoek arrakastaz jarduteko, proiektuek honako hiru ezaugarri hauek barne hartzea garrantzitsua da:

  • Bideragarritasuna, bi norabidetan: batetik, bideragarritasun eta burujabetza ekonomikoa (hau da, autofinantzatzeko bideak landu behar dituzte); bestetik, egiturazko bideragarritasuna (hau da, egitasmoak denboran iraun dezan, beharrezkoa du, baita ere, lantalde sendo, motibatu eta gaitua izatea oinarrian).
  • Sormena eta dinamismoa. Berrikuntza sozialeko egitasmoek pertsonen sormena eta ekintzailetasuna garatzen laguntzen dute, egitasmo dinamikoak eta biziak baitira.
  • Zabalkundea eta transferentzia. Berrikuntza sozialak berezkoa du izaera irekia eta publikoa, hau da, sortzen den hori komunitatearen zerbitzura jartzea. Halaber, lagundu egiten du norabide berean eragitea helburu duten egitasmo berriak abiatzen eta garatzen.

Erronka eta ezaugarri horiek kontuan hartuta, berrikuntza sozialeko egitasmoak ebaluatzeko adierazle-tresna bat sortu dugu. Zertarako izan daiteke baliagarria edo erabilgarria tresna hau?

  • Produktu, zerbitzu edo egitasmo berriak diseinatzen laguntzeko eta gizartearen garapen integralerako garrantzitsuak diren irizpide berriak txertatzeko diseinuaren fasetik.
  • Erakunde edo lurralde-eremu batean ditugun produktu, zerbitzu edo egitasmoak berrikuntza sozialaren ikuspegitik ebaluatu, birpentsatu eta hobetzeko.
  • Diru-laguntzak edota irabazi ekonomikoak gizartean banatzerakoan, gizarte-inpaktuan oinarrituriko irizpide sendoak izateko.
  • Berrikuntza sozialeko egitasmoak identifikatu eta ikusgai jartzeko, erreferentzialtasuna emateko eta balioan jartzeko. Berrikuntza sozialeko egitasmoen eta eragileen sarea osatzeko.

Berrikuntza sozialeko irizpideei jarraiki, orain arte egindako lana sarean jarri dugu guztion eskura: berrikuntzasoziala.elhuyar.eus. Bertan, tresnaren laburpen bat txertatu dugu eta azken urtean Beterri eskualdeko eragileekin garatu dugun prozesuaren berri ere ematen dugu. Prozesu horren helburua izan da eskualdean berrikuntza sozialaren inguruko dinamika iraunkor bat sortzea, horretarako bertako eragileak artikulatuz, hainbat egitasmo ebaluatuz eta hortik ikasketa-prozesu bat garatuz. Egitasmoa Beterri Garapen Integralerako Agentziarekin elkarlanean garatu dugu eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismo Sailaren babesarekin. Hona hemen Beterri eskualdean garatutako egitasmoaren laburpen-bideoa:

berrikuntza sozialahttps://www.youtube.com/watch?v=EnuVCVVNIss

Kategoriak Elhuyar | Etiketak | Erantzun

ItzulpenFlow – Itzulpenetarako ERPa

Krisi-garaian, zerbitzuak merkatzeko ahalegina egin beharrean aurkitzen gara. Gainera, globalizazioaren eraginez munduko beste puntan dauden enpresak ere gure zerbitzuak eskaintzen hasi badira, are gehiago.

Egoera hau oso nabarmena da itzulpengintzaren alorrean. Azken urteetan, itzulpenen prezioak nabarmen jaitsi dira, eta direnak eta ez direnak egiten ari dira itzulpen-enpresak gastuak murrizteko. Kudeaketan pasatzen den denbora murriztea da hori lortzeko modu bat. Efizienteagoak bagara kudeaketan, denbora gehiago izango dugu produkziorako; alegia, itzulpenak egiteko.

Orain arte, itzulpen-enpresa askok antolatu du bere kudeaketa-lana kalkulu-orri batekin eta posta elektronikoarekin. Horrek, ordea, baditu desabantailak. Batetik, posta-helbide bat sortu ohi da mezuak pertsona batek baino gehiagok jaso ahal izateko. Baina konplikatua izaten da mezu bakoitza zeinek ikusi edota erantzun duen jakitea, lana egiten norbait hasi den jakitea, eta abar.

Bestetik, kalkulu-orri batean idazten dira egiten ari garen lanen xehetasunak. Datuak eskuz kalkulatzen dira, eta norbaitek apuntatu behar ditu kalkulu-orrian. Baina non gordetzen da kalkulu-orria? Norbaiten ordenagailuan? Pertsona bakar baten esku? Gaur egun, sarean ere gorde liteke, baina horrek ez liguke aurreztuko datuak eskuz sartzeko behar dugun denbora.

Bada irtenbiderik, ordea; ItzulpenFlow aplikazioak horrelako arazoak ekidin eta askoz laguntza gehiago ematen du: https://demo.itzulpenflow.com/

ItzulpenFlow_logoa

Itzulpen eta zuzenketa asko kudeatu behar dituzten pertsona eta erakundeentzako sistema bat da ItzulpenFlow. Web-zerbitzu bat da; beraz, hura erabiltzeko, ez dugu ezer instalatu behar, eta edozein tokitan erabili ahal izango dugu, nabigatzailearen eta Interneteko konexioaren bidez (baita mugikorretik ere!). Aukera ematen du erabiltzaile-mota bat baino gehiago zehazteko: kudeatzaileak, itzultzaileak, zuzentzaileak, eskatzaileak, kanpoko kolaboratzaileak… Eta erabiltzaile bakoitzak informazio ezberdina izango du: fakturazio-atala, lan bakoitzari lotutako dokumentuak, bezero bakoitzak egindako lan guztien laburpena eta iragazkiak, estatistikak eta abar.

Gainera, itzulpen-lan baten pauso guztiak automatizatuta daude, eta abisuak jasotzen dira posta elektronikoz. Hala, plataforman itzulpen-eskaera bat egiten denean, sistemak, automatikoki, dokumentuaren hitz- eta karaktere-kopurua zenbatzen du eta aurrekontua prestatzen du eskatzailearentzat. Gero, sistemak itzultzaileari abisatzen dio lan bat esleitu zaionean; zuzentzaileari, itzulpena berrikusteko prest dagoenean; eskatzaileari, lana amaitu denean… Eta horrela fluxu osoa osatu arte.

Etengabe ari gara aplikazioa hobetzen, eta oraintsu itzulpen automatikoarekin ere lotu dugu. Modu horretan, adibidez, gaztelaniatik katalanera itzultzeko eskaera bat iristen zaigunean, zuzenean itzulpen automatikotik pasa, eta zuzentzaileak mezua jasoko du esleipenaren berri emanez. Lana zuzenduta dagoenean, bezeroak bueltan jasoko du. Zerbitzu azkarragoa eta merkeagoa lortuko dugu.

Azken hilabeteetan, beste modulu bat garatu dugu. Haren bidez, itzultzeko jasotzen diren dokumentuen analisia egin daiteke plataforman biltegiratuta dauden itzulpenen kontra. Analisia egiteaz gain, itzulpen horretarako egokiena den itzulpen-memoria deskargatu ahal izango dugu. Memoria txiki ideala deskargatuta, lana azkarrago egingo dugu.

Dagoeneko, hainbat erakunde ari dira abantaila horietaz baliatzen, hala nola Arabako Foru Aldundia, KUTXABANK, Zaldibarko Udala, Euskampus Fundazioa eta Elhuyar bera.

 

ItzulpenFlow

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak | Etiketak , | Erantzun

Liburu bat zertarako

Herritarrekin, parte-hartzeko esperientziak Gipuzkoan (2013-2014) liburua, Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratua eta Imanol Azkue Ibarbiak idatzia
Deskargatu liburua doan

Liburu bat gauza askotarako erabil daiteke: apalak apaintzeko; herren egiten duen mahaia berdintzeko; besapean edo eskuan hartu eta paseatzeko; norbaiti oparitzeko; oina gainean jarri eta 10 zentimetro igotzeko… Liburu hau ere horietarako guztietarako erabil daiteke, noski, baina ez dugu asmo horiekin egin. Liburu hau batez ere begiratzeko eta irakurtzeko da, 2013-2014an Gipuzkoan egin diren parte hartzeko esperientzien berri emateko eta nahi izanez gero, antzekoak martxan jartzeko etorkizunean.

Herritarrekin-Parte hartzeko esperientziak

Izan ere, han eta hemen, herri txiki, ertain eta handietan, lan handia egin da azkenaldian Gipuzkoako herritarrek erakundeen gestioan eta herrigintzan parte hartzeko, baina esperientzia horiek, sarritan, isolatuta egiten dira, elkarren berri jakin gabe, herriko edo inguru hurbileko mugen barruan eta berez daukaten balioa aitortu gabe. Horregatik, garrantzitsua da aldian behin geldialdia egitea, egindakoaz hausnartzea, ondo eta gaizki egindakoetatik ikastea eta aurrera begirako elementu berriak geureganatzea. Liburu honen bidez, Gipuzkoako herritar eta erakunde ugarik egindako lana aintzat hartu eta erakutsi nahi izan dugu.

Parte-hartzea-Oñati

 

Liburu honek badauka, ordea, aurrekari bat: 2012-2013ko esperientziak bildu zituena. Horregatik, oso antzekoa da itxuran, egituraketan eta edukietan, baina ahal izan dugun neurrian, hobetzen ahalegindu gara. Horrela, oraingoan herri bakoitzaren hasieran, taula bat sartu dugu, herri horretan egindako esperientziak laburbiltzen dituena, eta ondoren esperientzia horietako bat edo bi sakonago azaltzen dira.

Parte-hartzea

Ideia bat egiteko, hona hemen liburuko edukiei buruzko zenbait kopuru:

  • Gipuzkoako 75 herritako esperientziak daude jasota, eskualde guztietakoak (10); halaber, Aldundiaren parte hartzeko esperientzia nagusiak ere badaude.
  • Guztira, parte hartzeko 237 esperientzia daude jasota, horietatik 125 sakonago azalduta.
  • Herri-mota guztietakoak daude: herri txikietakoak (41), herri ertainetakoak (16) eta herri handietakoak (18).
  • Hainbat arlotakoak: aniztasuna (7 esperientzia), auzolana (9), berdintasuna (8), euskara (7), garapen iraunkorra eta ingurumena (29), haurrak/gazteak/adinekoak (24), herri-izaera (12), herritarrekin harremanak (11), hezkuntza (4), hirigintza (30), kirolak (6), komunikazioa (5), kultura (28), mugikortasuna (8), partaidetzako aurrekontuak (24), parte hartzeko sistema (13), sozioekonomia (6)…
  • 78 lagunen (43 emakumezkoren, 35 gizonezkoren) testigantzekin, bizi izan zutenaren berri emateko.

Liburuan ez daude, noski, Gipuzkoan denboraldi honetan egindako esperientzia guztiak, batez ere erakundeetatik (udaletatik eta Aldunditik) bultzatutakoak jaso nahi zirelako eta kanpo geratu direlako beste hainbat talde eta elkarterenak, baina liburuan ageri direnak benetan egindakoak dira, eta egin dituztenek beraiek azaldu dizkigute, gainera.

Parte-hartzea-Irati-Lourdes

Liburua apirilean kaleratu zuen Aldundiak, eta Gipuzkoako udal eta liburutegi guztietara banatu zuen. Aurrekoa bezala, ez da salgai jarri. Gaztelaniazko bertsioa, berriz, ekainean argitaratu zen.

Liburu hau ez ahal da erabiliko apalak apaintzeko, herren egiten duen mahaia berdintzeko, soto ilunetan hautsa hartzeko…

Liburuaren fitxa
Izenburua: Herritarrekin, parte hartzeko esperientziak Gipuzkoan (2013-2014)
Egilea: Imanol Azkue Ibarbia
Argitaratzailea: Gipuzkoako Foru Aldundia
Urtea: 2015
Orrialde-kopurua: 373
ISBN: 978-84-7907-703-7

Kategoriak Partaidetza | Etiketak | Erantzun

«Probatu eta trebatu» euskara online lantzeko ikastaroa

Euskaraz idazten ari garela, zenbat aldiz sortzen zaizkigu zalantzak? Zenbat aldiz errepikatzen ditugu akats bertsuak? Batzuetan, badugu nori galdetu, edo argibide bila nora jo. Beste batzuetan, ez gara konturatu ere egiten gure ahulguneez.

Euskaraz badakigu, ordea, eta euskara ikasteko eskaintzen diren ikastaro gehienetan lortzen den maila gainditua dugu. Eta, gainera, ez dugu astirik ikastaro presentzial batean parte hartzeko.

Dena da posible, ordea. Elhuyarrek eskaintza berezia baitu behar horiei erantzuteko: «Probatu eta trebatu».

Euskara online lantzeko ikastaro bat da, Moodle plataformaren bidez egiten dena. Euskaraz alfabetatuak egonagatik euskaraz idaztean eta hitz egitean gehienok ditugun erabilera okerrak zuzentzeko eta askotan izaten ditugun zalantzak argitzen ikasteko prestatu da.

Horretarako, landu beharreko gaien zerrenda bat osatu du Elhuyarrek, urte askotako esperientzian oinarrituta, eta galdetegi bat osatu du gai horiek lantzeko. Galdetegia ausaz elikatzen da galdera-banku batetik; horregatik, beti da berria, beti desberdina. Gainera, galdera bakoitzak lantzen duen gaiari buruzko azalpenak eta informazioa jasotzen ditu ikasleak erantzunak eman ahala. Azalpena galderaren emaitzarekin batera iristen zaionez, ikasleak erabakitzen du noiz irakurri behar duen azalpen hori arreta handiz, eta noiz dagoen prest aurrera egiteko. Hala, ia jolasean, norberak ikusten du hutsuneak non dituen, eta haiek lantzeko aukera du.

Adibidea

Berdin balio du lehendik ikasitakoak eguneratzeko, akats tipikoak zuzentzeko eta gauza berriak ikasteko.

Eta ikasteko bide horretan, gainera, ikaslea ez dago bakarrik. Gainerako ikaskideekin batera foro batean parte hartzeko aukera du, elkarri galderak eginez eta erantzunez are gehiago ikasteko. Tutore bat jartzeko aukera ere badago, foroa dinamizatzeko eta zalantzak argitzeko.

Ekainaren 19an, MoodleMoot Euskadi 2015 topaketan (Bilbon) azaldu zituen ikastaroaren nondik norakoak Ixiar Iza Elhuyarreko itzultzaile eta trebatzaileak. Bideo honetan ikus dezakezu aurkezpena: https://youtu.be/eiMQUYNzGpE.

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak | Etiketak , | Erantzun