Gure inguruan gailentzen ari diren gobernantza-ereduetan, Administrazioaren aurrekontuen eraginkortasunak eta kontu-emateak leku berezia hartu dute azken urteotan. Gobernu guztiak bereziki ahalegintzen dira ongi azaltzen dirua zertan eta nola inbertitzen den. Baina, gehienetan, eraginkortasun-printzipio hori Administrazioak berak sustatu eta gauzatutako egitasmoetara mugatu izan da. Ikuspegia zabaldu eta diru-laguntza deialdietan ere txertatu beharreko kultura dela sinetsita, diru-laguntza horiek gizartean duten eragina edo inpaktua neurtzeko metodologia garatu dugu. Izan ere, maiz agintarien kezka-iturri izaten da diru-laguntzen programen eraginkortasuna, bilatzen dituzten helburuak zer neurritan betetzen diren, diruz lagundutako programa eta ekintza horiek zer inpaktu duten herritarrengan, zer balio sustatzen diren edota gobernutik bultzatu nahi den eredu sozialaren ikuspunturik txertatzen ote den diruz lagundutako egitasmo horietan. Bestalde, diru-laguntza horien onuradunek ere munta horretako galderei erantzun behar izaten diete, maiz, euren lana zalantzan jarria ikusirik. Euren lanaren eragina gizarteari ikusarazteko premia badute, hortaz. Bi aldeei (Administrazioari eta eragindako entitateei) komeni zaie, beraz, datuen bidez agertzea guztion diru hori zertarako erabili den; eta diru-laguntzen bidez egiten den lan hori egingo ez balitz herrian zer hutsune geratuko litzatekeen ikusaraztea.
Behar horiei erantzuteko sortu dugu Zirrara metodologia, diru-laguntza publikoen inpaktu soziala neurtzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren laguntzaz, Usurbil eta Oñatiko udalek sustatuta, Sinnpleren eta Elhuyar Aholkularitzen gidaritzapean. Udal horietako bakoitzean diru-laguntzen bi deialdi hautatu ditugu: kulturakoa eta auzotasun-programakoa, Oñatin; eta kulturakoa eta kiroletakoa, Usurbilen. Horrela, deialdi horien bidez emandako diruarekin egin ziren egitasmoek herrian izan duten inpaktu soziala neurtu dugu.
Metodologia diseinatzeko orduan, inguruko esperientziak eta Europan dauden joera nagusiak aztertu genituen. Literaturak argi uzten du ezinezkoa dela eraikitzea eredu bakarra, ez adminitrazio guztietarako, ezta esku-hartze guztietarako ere. Nolanahi ere, eraiki dugun eredua oso moldagarria da, bai estrategietara, bai erakundeetara, baita diru-laguntzetara ere; halaber, egokituta dago Europako estandarretara, eta bat dator inguruan dauden inpaktu soziala neurtzeko joerekin. Hala, metodologia berriak prozesu komun bat du, administrazio guztietako edozein sailetarako erabilgarria dena, baina aplikatuko den aldi bakoitzerako inpaktu-eremu eta adierazle-eredu desberdinak eraikiko dituena, errealitate bakoitzera egokituta eta moldatuta. Ereduaren arloak edo moduluak udal bakoitzaren lan-arloak eta inpaktu-eremuak kontuan hartzen ditu, eta, hala, neurketarako adierazleak benetan eragindako aldaketara bideratzea lortzen dugu. Tresna guztiz malgua da, eta aurrez definitutako adierazle-sorta batetik abiatu arren, kasuan kasu, adierazleak gehitu edo aldatzeko aukera eskaintzen du. Era berean, metodologia diseinatzerakoan, aintzat hartu dugu gero egin beharreko datu-bilketetan ahalik eta baliabide gutxien erabili behar izatea. Europako Batasuneko gomendioek jasotzen dute prozesuan zehar herriko elkarte eta eragile sozialak aintzat hartzea, inpaktu-logika barneratzen joan daitezen, eta esperientzia pilotu honetan geuk ere txertatu egin dugu eragileon ikuspegia, eurak ere prozesuan inplikatuz.
Landa-lana
Lehenik, Gobernu-talde bakoitzak legegintzaldirako duen estrategia, sustatu nahi duen herri-eredua eta bultzatu nahi dituen balioak ezagutu ditugu. Diru-laguntzen programak aztertu ostean, udal bakoitzean bi hautatu ditugu, eta horietan balio horiek nola txertatzen diren aztertu dugu. Horrek ekarri du, gehienetan, deialdien azken xedea edo misioa berrikusi edo egokitu behar izatea, erakundearen estrategiarekin zehatzago lerrokatze aldera.
Diru-laguntzen programek aldaketak eragin nahi izaten dituzte onuradun izan daitezkeen pertsonengan eta erakundeetan. Epe motzean eta luzean diru-laguntzen deialdi bakoitzarekin bilatzen diren aldaketak aztertu ditugu, eta aldaketa horiek neurtzeko adierazleak sortu ditugu. Adierazle horien neurketak eman digu, hain zuzen ere, kasu bakoitzerako inpaktuaren emaitza.
Inpaktu hori txosten batean jaso dugu, eta irudi bidez laburbildu. Usurbil eta Oñatiko kulturako diru-laguntzen inpaktua laburbiltzen duten irudiak jaso ditugu segidan. Irudiotan ikus daiteke antzeko bi herri izanagatik ere, diru-laguntzaren xedea desberdina den neurrian, inpaktu-eremuak ere desberdinak direla, eta, beraz, azken emaitza ere desberdina dela.
Ikasitakoa
Prozesuak erakutsi digu Zirrara metodologia egokia dela Administrazioaren diru-laguntzen inpaktua kuantifikatzeko, eta diru-laguntzen bidez egindako lanaren hedapenerako oso tresna baliagarria dela. Edozein deialditan modu berean aplikatzeko urratsak sistematizatu egin ditugu, baina tresna malgua da deialdi bakoitzaren ezaugarrietara egokitzeko.
Gainera, udal-gobernuei gogoeta eragiteko tresna egokia da metodologia hau; izan ere, udalak xede komun baterantz bideratzen ditu, eta diru-laguntzen deialdien ikuspegi estrategikoa garatzen laguntzen die. Hala, metodologiak lagundu egiten du zehazten deialdi bakoitzaren bidez epe motzean, ertainean eta luzean lortu nahi den emaitza. Bestalde, metodologia honek lagundu egiten du deialdi bakoitzaren indarguneak eta hobetzeko alderdiak identifikatzen, eta aurrera begira egin daitezkeen aldaketak identifikatzen ditu. Azpimarratu beharreko beste alderdi bat bada herriko eragileak prozesuan txertatzeak dituen onurak, horiek udalen xede eta balioetan inplikatzea ahalbidetzen baitu.