Udalek araudi edo ordenantzak egin ohi dituzte, gai edo arlo jakin batzuetan, gehienetan zailtasunak edo arazoak sortzen direnean. Araudietan eskubideak aitortzen dira, baina baita betebeharrak eta mugak ere, eta hor pizten da betiko eztabaida: arazorik ez bada, zergatik edo zertarako arautu? Eta araudia eginez gero, gero beti betetzeko da? Hori gertatzen da, baita ere, herritarren partaidetza bultzatu nahi duten araudi edo ordenantzekin: herri batzuetan onartu eta indarrean daude; beste batzuetan onartu bai, baina ez da praktikan jarri; beste batzuetan egiteko borondatea badaukate, baina ez dakite nondik edo nola hasi… Azkenaldian bada, gainera, kontuan izan beharreko beste alderdi bat: 2/2016 Legea, Toki Erakundeei buruzkoa, Gasteizko Legebiltzarrak onartua. Izan ere, VI. tituluko IV. kapituluan, lege horrek aukera eta helduleku berriak proposatzen ditu herritarren partaidetzarako, batik bat prozesuen arloan, zenbait termino zehazten eta definitzen dituelako eta tresna edo eredu zehatzak proposatzen dituelako; halaber, Legeak bereziki azpimarratzen eta bultzatzen du herritarren partaidetza ordenantza edo erregelamendu bidez arautzea. Beraz, udal askoren etorkizunerako agendetan sartuko da ordenantza egitea.
Nolanahi ere, ordenantza egiten hasi aurretik, aurretik komeni da zenbait baldintza kontuan izatea eta ahal baldin bada betetzea, hauek, besteak beste:
- Adostasun politikoa, beharrean bat etortzea udaleko alderdiak, abaguneen eta uneko egoera jakinen gainetik, eta betetzeko konpromiso eta borondate irmoa adieraztea.
- Partaidetzan ibilbidea egina izatea eta eskarmentu hori kontuan izatea ordenantza idazteko orduan.
- Elkarlanean egina izatea, ordenantzaren subjektu izango diren guztiek hartzea parte erredakzioan: hautetsiak, udal-teknikari eta -langileak, herri-elkarte eta erakundeak, herritarrak…
- Herriko ezaugarri bereziak kontuan izatea eta ordenantzan jasotzea.
- …
Toki Erakundeen Legea onartu zen garai bertsuan (2016ko apirilean) erabaki zuen Legorretako Udalak herritarren partaidetzaren oinarriak are gehiago finkatzea eta sakontzea, hau da, ordenantzarako oinarriak lantzea. Hain zuzen ere, arestiko baldintza gehienak betetzen ziren Legorretan: Udaleko alderdiak ados zeuden partaidetza arautu beharraz, herrian bazegoen esperientzia edo ibilbide luzea herritarren partaidetzan, Legorreta herri bizia da elkarte eta taldeei dagokienez… Horrela, 2016ko ekainean, prozesua abian jarri ondoren, pauso hauek eman genituen:
- Saio bat udal-hautetsiekin eta udal-teknikari eta -langile guztiekin, parte hartzeko oinarriak lantzeko.
- Hiru saio elkarrekin udal-hautetsiak, udal-teknikari eta -langileak, herri-elkarte eta -taldeetako ordezkariak eta herritarrak, parte hartzeko sistemaren eta ordenantzaren ezaugarriak zehazteko.
Saio presentzial horiez gain, herritarrek aukera izan zuten prozesuan Internet bidez ere parte hartzeko, #partaidetzaOnen bidez, eta prozesuan aurrera joan ahala sortzen eta erabiltzen joan ginen materialak (aktak, beste leku batzuetako araudiak…) ere plataforma horretan jarri genituen.
Prozesua oso emankorra eta aberasgarria izan zen, oso giro onean (ikus bideoa), eta bereziki nabarmentzekoa izan zen partaidetza, kopuruaren eta aniztasunaren aldetik, bai udal-hautetsiena eta langileena, baita herriko taldeetako eta elkarteetako ordezkariena eta herritarrena ere; izan ere, 37 legorretarrek hartu zuten parte, emakumeek (18) eta gizonek (19) oso orekatuta eta adin-tarte guztietakoek.
Bidean, korapilo batzuk aurkitu genituen, antzeko araudiak egitean azaldu ohi direnak, eta askatzen ahalegindu ginen:
- Legalitatea versus legitimitatea, edo bestela esanda, ordenantzak zenbateraino kokatu behar duen legalitate estuaren barruan, Udalak nola lagundu edo aitortu behar dituen legearekin bat ez datozen herri-ekimenak.
- Norena da azken hitza eta erabakia? Prozesuen emaitzek zenbateraino izan behar dute lotesleak? Nola bermatu herritarren hitzak edo nahiak aurrera egiteko aukera izango duela?
- Zer gai landu daiteke edo ez partaidetza-prozesuen bidez?
- …
Korapilo horiek askatu eta argitu ondoren, behin ordenantzaren oinarriak ezarrita, beste ordenantza batzuetan eta Toki Erakundeen Legean oinarrituta, behin-behineko zirriborroa idatzi genuen eta hautetsiei helarazi genien. Horrela, irailaren 29ko udalbatzak ordenantza ontzat jo zuen aho batez, eta laster herritarren aurrean aurkeztuko da.