Egunero da norbaiten edo zerbaiten eguna, zerbait aldarrikatzeko edo norbait oroitzeko eguna, zerbait edo norbait nabarmentzeko edo ageriago jartzeko eguna. Besteak beste, Zuzentzaileen Nazioarteko Eguna da gaur, eta zuzenketa-lanei behar besteko aitortza egiteko aprobetxatu nahi dugu.
Krisi ekonomikoaren ondorioz edo aitzakian, krisian dago zuzentzailearen lanbidea. Dena egin behar da merke eta azkar; beraz, ez dago astirik eta dirurik norbaitek sortu edo itzuli duen testu bat beste batek berrikus eta zuzendu dezan. Baina benetan aurrezten al da dirua berrikuspen edo orrazketarako tarterik eta lanordurik erabili gabe? Gure amak esaten duen bezala, «zuhurraren poltsak bi zulo».
Itzultzen aritu den orok interpretatuko zuen noiz edo noiz jatorrizko testu-zatiren bat oker. Eta nori ez zaio gertatu ustez idatzi duena irakurtzea nahiz eta benetan beste zerbait jartzen duen? Garrantzitsua da, beraz, batek idazten duena beste batek irakurtzea argitaratu edo bezeroari entregatu aurretik, bi begik baino gehiago ikusten baitute lauk. Eta garrantzitsua da bigarren irakurle hori irakurle soil bat baino gehiago izatea, edukiari soilik erreparatuko ez diona, formari, gramatikari, ortografiari, ortotipografiari, hitzen ordenari, puntuazioari, koherentziari, kohesioari… arreta jarriko diena.
Elhuyarren, Hizkuntza eta Teknologia unitateko zuzentzaileek egiten dute lan hori, testugile eta itzultzaileekin elkarlanean. Talde-lan horrek emaitza hobea dakar, jakina, eta EN ISO 17100:2015 kalitate-arauaren eskakizun garrantzitsuenetako bat betetzen dugu hala gainera.
Zuzenketan «galtzen» duguna emaitzan «irabazten» dugu, eta, horri esker, lankideen eta bezeroen gogobetetzea hobetzen dugu.
Aitor dezagun, beraz, urtean egun batez soilik bada ere, zuzentzaileen lan ezinbesteko eta batzuetan esker txarrekoa. Bejondeizuela!