Hiztunpolisa liburu mamitsuan, Jon Sarasuak ideia eta proposamen ugari plazaratu zituen, eta besteak beste, erein beharra aldarrikatu zuen, hurrengo hamarraldietarako subjektu eragileen masa kritiko bat sortzeko baldintzak jartzea eta horiek behar bezala trebatzea, hau da, hazian inbertitzea. Neguan gaude, baina geure txikian, ereiten aritu ginen azaroan, eta ez dugu dudarik ereindakoa erneko dela etorkizunean.
Vitoria-Gasteiz hiriak baditu bereizgarri nabarmen batzuk, eta zerrendatzen hasiz gero, hor azalduko zaigu, seguru asko, inguruko herrialdeetako ikasleak jasotzea Arabako Campusean, eta nolako ekarpena egiten dioten hiriko egunerokoari; gainera, nolako ikasketak eskaintzen diren ikusita, Campusa euskararen arnasgunetzat ere jo izan da, gazte euskaldun ugariren elkargunea delako. Ikasle horietako askok euskaraz ikasteko eta bizitzeko hautua egin dute, baina batzuetan ez zaie erraza egiten, zailtasun ugariri egin behar izaten dietelako aurre egunerokoan. Oztopo horiek, ordea, gaindi daitezke behar bezala prestatuz gero, eta horretan aritu ginen Arabako Campuseko ikasle batzuekin, soziolinguistikako eta hizkuntza-ekologiako edukietan trebatzen, Vitoria-Gasteizeko Udalak martxan jarritako “Hizkuntza Ekologistak” proiektuaren bidez eta EHU/UPVren Arabako Campusarekin elkarlanean.
Helburu nagusia gazteak trebatzea izan zen, baina bagenituen, baita ere, helburu zehatzago batzuk: hizkuntzaren erabileraz gogoeta egitea eta eragitea, argumentuak eta erremintak ematea egunerokorako, hizkuntza-lider izateko ahalduntzea, ikasleek elkar ezagutzea eta elkarlanean jartzea… Laburbilduz, gazte horiek prestatu egin genituen, gero Ekolingua solas-jolasaren saio baten bideratzaile izan zitezen. Horrela, gazteekin teoria eta praktika uztartu genituen, eta hainbat alor landu: euskararen egoera, motibazioa, erabilera, esperientzia interesgarriak, hizkuntza-ekologiaren oinarriak… Funtsean, ohiko galdera batzuk egin eta erantzunak bilatu genituen: euskara lehenestea “diskriminazioa” da? Zer da “errespetua”? Badago hizkuntza zailik edo errazik, politik edo itsusirik? Hizkuntza-aniztasuna ona da?… Prestakuntza-saioen ondoren, deialdi zabala egin genuen, nahi zuen gazte orok Ekolinguan jolasteko, eta azaroaren 14an egin genuen saioa. Bertan, aurrera begirako gako ugari azpimarratu genituen: enpatiaren eta irmotasunaren garrantzia, autoestimuaren indarra, euskalkiak ematen duen berezitasuna, euskaraz egiteko “beharra” sortzea, hizkuntzei balioa ematen dieten ezaugarriak… Halaber, etorkizunerako konpromiso batzuk ere hartu genituen: lehen hitza euskaraz egitea, euskarazko produktuak kontsumitzea, euskararen aldeko eragile aktiboak izatea… Ekolingua, berez, jolasa da, baina jolasen bidez hartzen dira, sarritan, bizitzarako armak.
“Hizkuntza Ekologistak” proiektuaren bidez gazteak trebatu genituen etorkizunerako, eta seguru asko gazte horiek orain erosoago eta irmoago egingo diete aurre euskaldun izateak dakartzan zailtasunei, oztopoei eta erronkei. Ereina dago hazia Arabako Campusean, eta ez nolanahikoa, gainera; laster erneko zaizkigu kimu eta aukera berriak.