Urtean hiru aldiz, Elhuyarreko hurbileko harreman-sarearekin Trukegunea izeneko ekimena antolatzen dugu, enpresetako euskara-planetako ordezkarien bilgunea, elkarren berri izateko eta esperientziak konpartitzeko. Pasa den astean izan zen bigarren saioa, euskararen ziurtagirien ingurukoa: Bai Euskarari Ziurtagiria eta Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiria.
Gaian kokatzeko, ziurtagiri bakoitzaren ezaugarriak ezagutu genituen: arduradunak, sorrera, baldintzak, puntuazioak, prozesua zein den… Bakoitzaren webguneetan erraz topa daiteke informazioa:
Bi ziurtagiriak hainbat maila dituzte, eta hauek dira ezaugarri nagusiak:
- Bai Euskarari Ziurtagiriak euskaraz izan beharreko elementuak zehazten ditu, maila bakoitzaren arabera, lau ardatzetan banatuta: hizkuntza-gaitasuna, hizkuntza-paisaia, kanpo-harremanak eta barne-harremanak. Ziurtagiriaren elkarteko teknikariak euskararen egoera hobetzeko plangintza egiten lagunduko dio erakundeari.
- Bikainek puntuazioaren araberako tarteak proposatzen ditu, eta beharrezkoa da gutxieneko puntu-kopuru bat maila jakin bat lortzeko. Lau ardatz dira, kasu honetan ere: irudi korporatiboa eta komunikazioa, kanpo-harremanak, barne-harremanak eta hizkuntzen kudeaketa. 1 000 puntu banatzen dira, eta, ebaluatzaileek egiten duten txostenean indarguneak eta hobetzekoak adierazten dira.
Ziurtagirien nondik norakoak ezagututa, goi-mailako ziurtagiriak lortzeko klabeak ezagutzea ezinbestekoa iruditzen zitzaigun, eta, horretarako, esperientzia zabala duten bi lagun izan genituen Trukegunean: Andoni Zubeldia (Orkli enpresako Euskara Batzordeko kidea eta Bikaineko Ebaluatzaile Klubeko kidea) eta Anaje Narbaiza (Elay enpresako Euskara Planaren bultzatzailea eta Bikaineko Ebaluatzaile Klubeko kidea). Biek ere urte asko daramatzate euskara-planetan, eta ziurtagiriak ondo ezagutzen dituzte, batez ere Bikain.
Eta zer hartu behar da kontuan ezinbestean goi-mailako ziurtagiria lortzeko?
- Sendotasuna: PDCA zikloa (Plan, Do, Check, Act), alegia, planifikatu eta egin ostean, emaitzak neurtzea eta horren arabera doitzea ezinbesteko da, planaren ibilbidea eta noranzkoa neurtzeko.
- Pertsonekin komunikazioa: pertsonekin zuzenean komunikatu, bakoitzak jakin dezan berarengandik zer espero den. Euskara ez dakitenei azaldu ikasi egin beharko dutela edo zein diren asmoak; euskara ikasten dutenak euskara erabiltzera “behartu”; alegia, euskara hutsezko elkarrizketak, komunikazioak… izan ditzatela euskaraz ikasi ahala.
- Kontratazio-politika sendoa: enpresara sartuko diren pertsona berriak euskaldunak izatea; eta hori ezin denean bermatu, 3 urtetan ikasteko konpromisoa hartzea. Horretarako, enpresak matrikula ordaintzen du, eta, ikastorduen erdia jarri.
- Sistematizazioa: euskarak kalitate-ezaugarri guztiekin batera egon behar du, ez aparteko lekuan. Euskarak edo hizkuntzek ez dute aparteko lekua izan behar. Alegia, langileak badaki lanean segurtasun-neurri batzuk behar dituela, eta horregatik eskularruak janzten ditu; bada, berdin-berdin jakin behar du txostena euskaraz egin behar duela.
Horiek guztiak xehatu eta erakunde bakoitzera egokitzea ezinbestekoa izango da goi-mailako ziurtagiria lortu nahi bada. Era berean, lortutakoa denboran mantentzeko eta atzera ez egiteko, hizkuntzak kudeatzeko egitura sendoa behar da eta erakundean txertatuta egon beharko du.