Kalinpan: ume, gazte eta helduen edari isotonikoa

Bermeotarrak kirolzaleak dira. Arrauna, pilota, saskibaloia, gimnasia, eskubaloia, txirrindularitza, dantza, eskubaloia, judoa… Kirol guztiak atsegin dituzte! Baina zein hizkuntzatan ibiltzen dira itsasoan? Zein hizkuntzatan sartzen dituzte golak? Zein hizkuntzatan egiten dituzte luzatze-ariketak? Zein hizkuntzatan animatzen dituzte herriko kirolariak?

Kalinpan

2010ean kirol-eremuan egindako diagnostikoaren arabera, bai kirolariek bai zaleek gaztelania erabiltzen zuten, neurri handi batean, joko-zelaian zein harmailetan, uretan zein portuan, lehiaketetan zein entrenamenduetan. Horren aurrean, sentsibilizazio-kanpaina ikusgarri eta eraginkor bat egitea erabaki genuen, eta kirol-eremua euskalduntzen lagunduko zuen maskota sortzea bururatu zitzaigun. Horrela jaio zen Kalinpan, Bermeoko edari isotonikoa. Bermeon, beti kalean ibiltzen denari esaten zaio Kalinpan eta hortik datorkio izena gure maskotari.

Dagoeneko 5 urte pasa dira Kalinpan lata jostalaria lehendabiziko aldiz Bermeoko kaleetan gora eta behera ikusi genuenetik. 2010eko Arrain Azokan izan zen, eta herritarrek harrera bikaina egin zioten lehenengo egunetik. Hasiera hartan, Kalinpanen zeregin nagusia zen animo-oihuak banatzea, kirol-ekitaldietan ikusleek euskara gehiago erabil zezaten. Denborarekin, ostera, Kalinpanen indarra beste eremu batzuetara ere zabaldu da, eta, gaur egun, herriko hainbat ekitaldietara joaten da gure maskota: Erromeridxera, Sukalki Egunera, ikastetxeetako jaietara, Merke-merke eta Dendarik Denda azoketara, Euskararen Egunera…

Kalinpan1

Euskara entzuten duen tokian musuak eta besarkadak banatzen ditu, eta bermeotarrek ere maitasuna eta berotasuna erakusten diote berari. Gainera, ez pentsa Kalinpan teknologia berrien aurrean kikiltzen denik; ez, gero! Jo eta su dabil sare sozialetan, eta a zer poza hartzen duen lagun izateko eskaera berriak jasotzen dituenean!

Kirola euskalduntzeko ahaleginean, Kalinpanek Udaleko Euskara sailaren eta Udaleko zinegotzien babes osoa izan du hasiera-hasieratik. Euskara Sailak 10 urte baino gehiago daramatza lanean, udalerriko arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera handitzeko, eta azken urteetan Elhuyar Aholkularitzaren laguntza izan du zeregin horretan. Geurien be bai egitasmoaren bidez, herriko enpresekin eta kultur elkarteekin euskararen erabileraren aldeko hitzarmenak landu genituen hasieran, eta, horren ondoren, proiektua beste eremu batzuetara zabaltzeko beharra eta aukera ikusi genuen.

Kalinpan2

Kirolaren alorrean, besteak beste, kiroldegiko monitoreek bete beharreko hizkuntza-irizpideak landu ditugu, eta segimendu estua egiten dugu urtero, euskararen erabilera bermatzeko beharrezkoak diren baliabideak eta laguntza eskaintzeko. Horrez gain, zenbait elkartetan berariazko esku-hartzeak egin ditugu, hala nola futbolean, arraunean eta pilotan.

Egindako lana ez da izan alferrikakoa; izan ere, kiroldegian zein kirol-taldeetan aldaketak eragin ditugu: kiroldegian monitore euskaldunen kontratazioak gora egin du, kirol-ekitaldietan euskarari lekua zabaldu diogu, euskara erabiltzeko erresistentziak zituzten pertsonak sentsibilizatu ditugu… Baina oraindik badago zer egin! Bermeoko kirol-taldeetan berba-sareak sortu nahi ditugu, kideen hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera indartzeko. Horixe izango da hurrengo urteetako erronka.

Hemendik aurrera ere, Kalinpanek musuak eta besarkadak banatzen jarraituko du han eta hemen, euskarak Bermeon behar duen lekua irabazi arte. Ikusten baduzu, ez joan agurtu barik!

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak | Etiketak , | Erantzuna 1

Eman Bostekoa, hartu konpromisoa

Elhuyar Aholkularitzaren Bostekoa talde baten hizkuntza-ohitura aldatzeko tresna eraginkorra da, taldekideen bizipenetan eta haien arteko harremanetan oinarritzen dena. 2011n, horri buruzko artikulu bat argitaratu genuen Gestion aldizkarian, eta, gaurkotasun osoa duenez, hona ekarri nahi izan dugu, egokituta.

Bostekoaz galdetzean, “Barrenak astindu” dizkiola dio CAFeko langile Mikel Viñauk, eta, bi hitz soiletan, ezin hobeto azaldu du prozesuaren dinamika eta helburua. Izan ere, Bostekoak astindua eragin nahi du pertsonengan eta horien jarreretan, horrela, pertsonengandik abiatuta, talde osoaren errealitatea aldatzeko. Bostekoa Eraldaketa-prozesu bat baita azken finean,  pertsonen eta taldearen hizkuntza-ohiturak aldatzeko egiten den ibilbidea.

Bostekoak

Elkarrekin helmugarantz, poliki eta pauso irmoz. Enpresa baten baitan, elkarrekin lan egiten duten edo harremana maiz duten lagunak elkartzen ditu Bostekoak, hamar-hamabost kideko taldeetan. Bospasei saiotan, euskararekiko jarrera kontzienteak bultzatzeko eta beraien arteko harremanak euskalduntzeko gogoeta egiten dute, Elhuyar Aholkularitzako teknikarien gidaritzapean. Asmoa da, poliki-poliki, enpresa guztian eragitea eta, horrenbestez, talde batek prozesua amaitu orduko, beste talde bat abian jartzea, sare moduko bat ehuntzeko.

Konfiantzazko giroa sortu behar da”, dio Elhuyar Aholkularitzako teknikari Maite Zipitriak. CAFen Irungo eta Beasaingo lantegietan gisa horretako saioak gidatu izan ditu Maitek, eta, bere esanetan, “ezinbestekoa da langileak gustura sentiaraztea, pentsatzen eta sentitzen dutena lasai esateko moduko giroa sortzea. Umorea ere oso garrantzitsua da. Prozesu horietan kide guztiek dute lekua, eta guztiek dute zeresana, zer irakatsia eta zer ikasia. Horretarako, eguneroko dinamikatik atera behar dugu, ohiko bileretatik, beste formatu bat erabili konfiantza-giro hori sortzeko. Euskararen inguruan sentitzen eta pentsatzen duguna mahai gainean jarri behar dugu, eta teknikariok gogoeta sustatu behar dugu, pentsatzen dugun horren atzean benetan zer dagoen azaleratzeko. Egiten duguna zergatik egiten dugun kontziente izan behar dugu, jarrera eta jokaerak aldatu ahal izateko”.

Beraz, nork bere urratsak eman behar ditu, taldeak pausoak egin ditzan. Emaitzak ere halaxe zabaltzen dira, norberarengandik hasi eta talderaino: langile batzuek euskaltegian izena emateko motibazioa aurkitzen dute, eta beste batzuek haien arteko hizkuntza-ohiturak aldatzen dituzte, horrelaxe erabakitzen dutelako: “Bakoitzak nahi duen pertsonarekin hartzen du euskaraz egiteko eta ohiturak aldatzeko konpromisoa. Gainera, abiatzea eginda dago: dagoeneko prozesuan euskaraz egin dute beraien artean, eta, beraz, errazagoa da lotsak eta beldurrak alde batera uztea”.

Kategoriak Elhuyar | Erantzun

EkoLinguA, hiztunak ahalmentzeko solas-joko berria

Ekolingua

Hizkuntza-ekologiaren kontzeptu gakoetara hurbiltzeko karta-jokoa da EkoLinguA solas-jokoa eta, Europako Batzordearen babesarekin, FUND proiektuaren baitan sortu den PlayDecide eztabaida-jokoan du oinarri metodologikoa. Gai zehatzen inguruan era guztietako iritziak dituzten pertsonen arteko hausnarketak, arrazoitzeak eta eztabaidak erraztea du helburu PlayDecidek.

2012az geroztik Soziolinguistika Klusterrak eta Eusko Ikaskuntzak gidatu dute egitasmoa, eta beste erakunde askorekin lankidetzan garatu dute. Horien artean daude, Elhuyar Aholkularitza, Topaguneko, HUHEZIko eta EHUko hainbat aditu, Gipuzkoako Foru Aldundia, UEMA eta Bermeoko, Errenteriako, Oñatiko eta Zumaiako udalak.

EkoLinguA herritarrak trebatzeko eta haien motibazioan eragiteko ekarpena egin nahi duen baliabide bat da, beste hainbat baliabide eta ekimenekin osa daitekeena. Publiko zabala du jomugan: espezializatua eta ez-espezializatua, euskalduna eta euskaraz ez dakiena, hau da, EkoLinguA baliabide egokia da bai hizkuntza-ekologiaren edukietan sakondu nahi duten euskaltzaleentzat, baita hizkuntza-ekologiaz informaziorik ez duen edozein herritarrentzat ere. Jokoak sare-ikuspegia du, herritarrak trebatzea helburu izanik, trebatutako herritarrak jokoaren dinamizatzaile eta ekintzaile bihurtzea bilatzen duelako.

Orain arte, produktua probatzeko lau esku-hartze egin dira, egitasmoa babestu duten lau udalerri horietan, hain zuzen ere. Hona hemen Zumaian eta Errenterian egindako esku-hartzeen ondoren osatutako bideoak:

Ekolingua-ZumaianErrenteria Non erabili eta zertarako

Jokoaren edukiak edozeinek ulertzeko eta bereganatzeko modukoak dira; gutxi gorabehera, 16 urtetik gorako herritarrentzat da egokia. Parte-hartzaileen arteko interakzioa bultzatzen duenez, taldeko kideek egiten dituzten ekarpenen sakontasun-mailak mugatuko du gogoetaren nolakotasuna.

EkoLinguA solas-jokoa egokia izan daiteke esparru hauetan erabiltzeko:

  • Eskola-eremua. DBHko ikasleak eta irakasleak.Gutxieneko adin bat eskatzen duenez, DBHtik gorako mailetan koka daiteke. Euskara-klaseetan erabil daiteke eta ikastetxearen proiektu pedagogikoan txertatu. Halaber, baliagarria izan daiteke gurasoekin erabiltzeko ere.
  • Helduen alfabetatze-eremua. Hizkuntza-ezagutzak jasotzeaz gain, karta-jokoaren bidez, soziolinguistikari eta hizkuntza-ekologiari buruzko ezagutza sakonak jaso ditzakete ikasleek. Eskola-eremuan bezala, hemen ere ikasketa-prozesuan txerta litezke edukiak.
  • Herriko elkarteak. Herriko era guztietako elkarte eta erakundeetako kideekin bidera daiteka. Halaber, baliagarria izan daiteke kideak trebatzeko, hizkuntza- ekologiaren alorrean sakontzeko, hizkuntza-ekologistak sortzeko.
  • Herritarrak. Oro har, dinamika irekiak egin daitezke, adin, sexu nahiz jatorri desberdineko herritarrekin.

EkoLinguA solas-jokoa apirilaren 22an aurkeztu zen, Donostiako Miramar Jauregian. Aurrerantzean materiala eta berau aplikatzeko gida metodologikoa erabilera librekoa izango da eta edonoren esku egongo da, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Egitasmoaren inguruko informazio xeheagoa nahi izanez gero, hemen duzu horretarako aukera.

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak | Erantzuna 1

Enpresen kudeaketa aurreratua eta hizkuntza-teknologien erabilera uztarri berean

Joan den abenduan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak “Euskarazko IKTak Mintegia” antolatu zuen, euskarazko teknologiak euskal ekonomia osatzen duten ekosistemako eragileei erakusteko asmoz. Pasa dira hilabete batzuk eta ez naiz hasiko mintegiaren kronika egiten, bikain egin baitute hori Asier Sarasuak, Pello Urzelaik, Alexander Gabilondok eta Fagor Automation-ek.  Patxi Baztarrikak ere egin zuen euskarazko IKTen egoeraren irakurketa, eta euskararen osasun digital ona azpimarratuz, baina ez naiz ur handi horietan sartuko.

Elay enpresak apustu garrantzitsua egin du hizkuntza-teknologien alde

Elay enpresak apustu garrantzitsua egin du hizkuntza-teknologiak bere lan-prozesuetan txertatzeko

Esan bezala, mintegiak bazuen helburu bat: euskarazko IKTen merkatua handitzeko urratsak ematea, merkatu hori dinamizatzea, baina irudipena dut mintegian parte hartu zuten gehienak ez zirela enpresak. Hau da, enpresetako kudeatzaile, marketin-arduradun edo giza baliabideetako profesional oso gutxi zeuden eta hor dago, dudarik gabe, teknologien sarbidea zailtzen duen galga nagusia. Alegia, ez dugula irismen nahikorik enpresen erabaki-gune nagusietara.

Nire ustez enpresen kudeaketa aurreratua, efizientzia eta euskarazko hizkuntza-teknologien erabilera uztarri berean doaz, eta bide horretatik saiatu nintzen hitzaldia egituratzen, enpresen eta bertako profesionalen beharretatik abiatuta euskarazko hizkuntza-teknologien erabilera eta beharra ikusarazten.  Enpresen lehiakortasuna (lidergo industriala) eta euskararen garapena (gizarte-erronka) elkarrekin lotzea ezinbestekoa iruditzen zait, merkatu hori zabaldu nahi bada behintzat.

Aipatu ditugunak oso galdera eta behar ohikoak dira enpresetan, eta gaur egun erantzun teknologiko zehatzak dituzte. Ikusi ahal izan duzuen bezala, euskaraz ere bai.

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak, Teknologiak | Etiketak | Erantzun