Goazen tokira goazela, atsegingarri gertatzen zaigu gure hizkuntzan mintzo den norbait aurkitzea, ezta? Edo informazioa gure hizkuntzan irakurtzeko edo entzuteko aukera izatea. Gauza bera gertatzen zaie gure ingurura etortzen diren kanpotarrei ere.
Turista eta bisitariei ematen diezuen zerbitzuari balio erantsi bat eman nahi? Orain errazagoa da. QR kodeak irakurri eta informazioa norberak nahi duen hizkuntzara itzultzen duen aplikazio bat garatu dute. Hala, bisitariak, automatikoki, bere hizkuntzan jaso ditzake informazio-testuak eta –audioak bere mugikorrean.
Aplikazioaren abiapuntua Manex Garaio EHUko Informatika Fakultateko ikertzailearen karrera-amaierako proiektua izan da. Kode irekian garatu da aplikazioa, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren proiektuaren barruan, eta Albaola Itsas Kultur Faktorian erabili da lehendabizikoz, baina helburua da aplikazioa beste toki batzuetara ere hedatzea. Hain zuzen, Elhuyarrek egingo du aplikazioa tokian tokiko beharretara egokitzeko eta zabaltzeko lan hori. Hizkuntza-bikote batzuetan, aurrez prestatutako testuak txerta daitezke, eta beste hizkuntza batzuk itzulpen automatikoaren bidez eskaini. Aitzol Astigarragak ederki azaldu ditu aplikazioaren ezaugarriak.
Zure museoan edo ibilbide kultural edo turistikoan aplikazio hau jartzea interesatzen bazaizu, laguntzeko prest gaituzu.