EkoLinguA, hiztunak ahalmentzeko solas-joko berria

Ekolingua

Hizkuntza-ekologiaren kontzeptu gakoetara hurbiltzeko karta-jokoa da EkoLinguA solas-jokoa eta, Europako Batzordearen babesarekin, FUND proiektuaren baitan sortu den PlayDecide eztabaida-jokoan du oinarri metodologikoa. Gai zehatzen inguruan era guztietako iritziak dituzten pertsonen arteko hausnarketak, arrazoitzeak eta eztabaidak erraztea du helburu PlayDecidek.

2012az geroztik Soziolinguistika Klusterrak eta Eusko Ikaskuntzak gidatu dute egitasmoa, eta beste erakunde askorekin lankidetzan garatu dute. Horien artean daude, Elhuyar Aholkularitza, Topaguneko, HUHEZIko eta EHUko hainbat aditu, Gipuzkoako Foru Aldundia, UEMA eta Bermeoko, Errenteriako, Oñatiko eta Zumaiako udalak.

EkoLinguA herritarrak trebatzeko eta haien motibazioan eragiteko ekarpena egin nahi duen baliabide bat da, beste hainbat baliabide eta ekimenekin osa daitekeena. Publiko zabala du jomugan: espezializatua eta ez-espezializatua, euskalduna eta euskaraz ez dakiena, hau da, EkoLinguA baliabide egokia da bai hizkuntza-ekologiaren edukietan sakondu nahi duten euskaltzaleentzat, baita hizkuntza-ekologiaz informaziorik ez duen edozein herritarrentzat ere. Jokoak sare-ikuspegia du, herritarrak trebatzea helburu izanik, trebatutako herritarrak jokoaren dinamizatzaile eta ekintzaile bihurtzea bilatzen duelako.

Orain arte, produktua probatzeko lau esku-hartze egin dira, egitasmoa babestu duten lau udalerri horietan, hain zuzen ere. Hona hemen Zumaian eta Errenterian egindako esku-hartzeen ondoren osatutako bideoak:

Ekolingua-ZumaianErrenteria Non erabili eta zertarako

Jokoaren edukiak edozeinek ulertzeko eta bereganatzeko modukoak dira; gutxi gorabehera, 16 urtetik gorako herritarrentzat da egokia. Parte-hartzaileen arteko interakzioa bultzatzen duenez, taldeko kideek egiten dituzten ekarpenen sakontasun-mailak mugatuko du gogoetaren nolakotasuna.

EkoLinguA solas-jokoa egokia izan daiteke esparru hauetan erabiltzeko:

  • Eskola-eremua. DBHko ikasleak eta irakasleak.Gutxieneko adin bat eskatzen duenez, DBHtik gorako mailetan koka daiteke. Euskara-klaseetan erabil daiteke eta ikastetxearen proiektu pedagogikoan txertatu. Halaber, baliagarria izan daiteke gurasoekin erabiltzeko ere.
  • Helduen alfabetatze-eremua. Hizkuntza-ezagutzak jasotzeaz gain, karta-jokoaren bidez, soziolinguistikari eta hizkuntza-ekologiari buruzko ezagutza sakonak jaso ditzakete ikasleek. Eskola-eremuan bezala, hemen ere ikasketa-prozesuan txerta litezke edukiak.
  • Herriko elkarteak. Herriko era guztietako elkarte eta erakundeetako kideekin bidera daiteka. Halaber, baliagarria izan daiteke kideak trebatzeko, hizkuntza- ekologiaren alorrean sakontzeko, hizkuntza-ekologistak sortzeko.
  • Herritarrak. Oro har, dinamika irekiak egin daitezke, adin, sexu nahiz jatorri desberdineko herritarrekin.

EkoLinguA solas-jokoa apirilaren 22an aurkeztu zen, Donostiako Miramar Jauregian. Aurrerantzean materiala eta berau aplikatzeko gida metodologikoa erabilera librekoa izango da eta edonoren esku egongo da, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Egitasmoaren inguruko informazio xeheagoa nahi izanez gero, hemen duzu horretarako aukera.

Kategoria: Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak. Gorde lotura.

Erantzun bat EkoLinguA, hiztunak ahalmentzeko solas-joko berria-ri

  1. egilea: Oihana Garcia

    EkoLinguA solas-jokoa baliagarria da Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzaileari Almerian gertatutako egoeraren eta antzeko egoeren inguruan gogoeta eragiteko. Gai horretaz eta EkoLinguA solas-jokoaz jardun du, hain zuzen ere, Elhuyarko Juanjo Perezek Arrosa irrati sareko Zebrabidea saioan: http://bitakora.arrosasarea.org/2015/04/27/juanjo-perez/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>