Mari Luz Estebanek argitaratu duen azken liburuan honela dio: “azken aldian, funtsezko hiru eremu iraunkor daude feminismoan ekintza espezifikoak bideratzeaz gain mota askotako emakumeen (eta gizon batzuen) bilgune gisa dihardutenak, eta aukera ematen dutenak ezagutza eta ekintzailetza uztartzeko, modu asko eta interesgarrietan”. Hiru eremu horien artean aipatzen ditu, hain juxtu, Emakumeen Etxeak. Eta, egia esanda, norberaren errealitate hurbilenetik begirada altxatuta badago nora begiratu: mugimendu feministaren aldarrikapena izan denak dagoeneko hainbat herritan izan du bere isla. Hor daude Arrasateko Emakumeen Txokoa, Azpeitiko Emakumeen Txokoa, Basauriko Marienea, Donostiako Emakumeen Etxea, Durangoko Andragunea, Eibarko Andretxea, Ermuko Emakumeen Topalekua eta Ondarroako Etxelila, egun Emakumeen Etxeen Sarea osatzen dutenak. Baina gehiago dira, han eta hemen, horrelako egitasmoak garatzen edo garatzeko asmotan diren udalerriak. Guk 2016-2017 ikasturtean garatutako Errenteriako Emakumeen Etxearen egitasmoa lehen pertsonan bizitzeko aukera izan dugu eta, egia esan, gozatu dugu.
Emakumeen Etxea definitzeko prozesuak hainbat lanketa egin beharra eskatzen zuen, hainbat galdera mahai gainean jarri eta horiei erantzun adostuak emateko ariketa egitea, alegia: Nolako Emakumeen Etxea nahi dugu? Zertarako? Zer eratako ekimenak egiteko? Zein ezaugarri fisiko behar ditu? Nortzuk izango dira erabiltzaileak eta bertako kideak? Zer nolako erabilerak ahalbidetuko ditu? Udalak eta emakumeek zer ekarpen egin beharko liokete Etxeari proiektua sendoa eta jasangarria izan dadin? Nola gobernatuko da Etxea eta zer erabaki-gune izango ditu? Bada, galdera horien guztien aurrean jarri, gogoeta egin eta adostasunetara iristeko, 6 bileratan elkartu dira ia 80 emakume, gazteak eta helduak; antolatuak eta antolatu gabeak; auzo desberdinetakoak; jatorri desberdinetakoak; parte hartzen ohituak eta horrelako prozesu batean lehen aldiz parte hartu dutenak. Hartu dute denbora, utzi dituzte alde batera bestelako eginkizunak, lotsak eta nekeak; egin dituzte proposamenak; iritzia eman eta besteena entzun dute; posizionatu dira; eta azkenik, adostu dute.
Adostu den proiektua bere osotasunean ezagutu nahi duenak ez du hona joan besterik. Bertan topatuko du Emakumeen Etxearen proiektua bera eta, baita prozesuan zehar egindako bileren aktak eta prozesua aberasteko egindako jardunaldiaren inguruko informazioa ere. Jardunaldi hartan azaldu ziren beste esperientzia batzuk, inspiratzaileak izan zitezkeenak. Zehazki, aurkeztu ziren Azpeitia, Ondarroa eta Donostiako Emakumeen Etxeen ezaugarriak eta dinamikak. Emakumeen Etxeen arteko antzekotasunak antzekotasun, Errenteriakoa ezaugarrituko duten elementu nagusiak, nire ustez, hauek dira:
- Errenteriako Emakumeen Etxeak erreferentziazko gunea izan nahi du beste emakume batzuekin egon nahi duten Errenteriako zein eskualdeko emakumeentzat: erreferentzia, maila fisikoan zein sinbolikoan. Eta erreferentzia zertarako? Trebakuntzarako, aktibismo sozio-politikorako, harremanetarako, laguntza eskatu edo baliabideak eskuratzeko, eta, informazio-iturri gisa.
- Ahalik eta emakume gehien erakarriko dituen proiektua izan nahi du, herrian egituratuta, Etxetik harago herriko talde eta elkarteekin sare gisa artikulatuta egongo dena. Etxeak Etxetik harago presente egon nahi du eta herriko elkarte eta kolektiboak Etxera erakarri, beti ere, emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta feminismoa lanketagai hartuta.
- Jarduera irekia zein itxia izan nahi du Etxeak. Emakume elkarte eta taldeentzako bilgune eta lanerako gune izan nahi du, baina baita bertako jarduerekiko interesa duten herritar guztientzako trebakuntza- eta sentsibilizazio-gune ere. Ordutegiaren ikuspegitik ere, halakoxea izatea proposatzen da: ordu jakinetan publikoarentzako irekia, ordu jakinetan publikoarentzako itxia, baina Etxekideentzako erabilgarri.
- Bere organoek irekiak eta gardenak izan nahi dute eta Emakumeen Etxearen organo gorena izango den Asanbladaren deialdiak publikoak izango dira. Asanblada proiektuaren helburu eta balioekin bat egin eta parte hartu nahi duten emakume (eta eragile) guztiek osatu ahal izango dute. Organo gorena dela diogu, bertan egingo direlako gogoeta eta eztabaida nagusiak eta bertan adostuko direlako Etxearen jarduerarekin lotutako erabaki nagusiak.
- Etxearen ardura eta kudeaketa Udalaren eta bertako kide izan nahi duten emakumeen eta emakume-elkarteen arteko lankidetzan eta ardura partekatuan oinarrituta egin nahi da, bakoitzak dagokiona bere eginez eta lankidetza hori garatzeko espazioak sortuz. Besteak beste, Udalak eta Etxean parte hartzen duten elkarte eta emakumeek lankidetzan jarduteko Koordinazio Organo bat aurreikusi da.
Prozesuan gauza gutxi batzuk erabakita etorri dira: etxearen kokalekua, adibidez. Udalak berak proposatu du eta proposamen horri ez zaio eragozpenik jarri. Beste kontu batzuk, prozesuan landu diren arren, erabaki edo adostu gabe geratu dira, Etxearen izena kasu. Edonola ere, prozesuan parte hartu duten emakumeek, sentsibilitate desberdinetako emakumeen arteko lankidetzaren aldeko hautua egin duten bezalaxe, Udalaren eta emakumeen arteko lankidetza-markoen aldeko hautua egin dute.
Politika publikoak gizarte gisa ditugun erronkei eta arazoei aurre egiteko ditugun tresna garrantzitsuenak dira. Eta arazo eta erronka horiei modu egoki eta jasangarrian erantzun nahi badiegu, garrantzitsua da bakoitzak dagoen tokitik duen ezagutza partekatuz, arazoak eta erronkak zein diren elkarrekin identifikatzea eta arazo eta erronka horiei zer erantzun emango diegun elkarrekin adostea, Joan Subiratsek politika publikoen koprodukzioa deitzen duen hori. Baina horretarako, baldintzak sortu behar dira. Emakumeek (feminismoak) eta udalek elkarrekin jardungo badute, elkarrekikotasuna ezinbesteko printzipioa da: besteak beste, elkarren interesek eta nahiek tokia izatea; eman bai, baina jaso ere egiten dutela sentitzea; egindako ahaleginak nolabaiteko emaitza izango duela sinistea; bestearen asmoengan konfiantza izatea. Eta hori ez da prozesu bakarrean edo prozesu puntual batekin lortzen. Lanerako oinarri horiek denbora eskatzen dute eta dinamika jakinak etengabe elikatzea.
Errenteriako prozesuaren arrakastaren gakoetako bat hor dagoela esango nuke: azken urteetan sustatu diren elkarlanerako egitura iraunkorretan eta dinamiketan. Horregatik komeni da geure buruari galdetzea une jakin batean lortutako arrakastaren zein zati dagokion prozesuari berari eta zer aurretik egindako lanari.
Oso interesgarria artikulua, Aizpea, batez ere Etxea oraindik asmo huts duten beste hainbatentzat, Errenterian egindakoa erakusteko.
Galdera planteatzen duzu tituluan, baina gero baieztapen garbia egin duzu testuan, eta bat nator zurekin: aurretik egindako lana eta bidea garrantzitsua da, eta bide horretan eragileek edo parte direnek elkarrekin egindako urratsak, batez ere elkar ezagutzeko eta elkarrekiko konfiantza areagotzeko. Bide hori sarritan ez da izaten samurra, izaten dira aldapak eta bihurguneak, eta galduta ibili behar izaten da batzuetan, baina behar bezala eginez gero, errazagoa izango da gero honelako prozesuak egitea eta emaitzak lortzea.
Zorionak!
Eskerrik asko, Imanol! Ekimen eta emaitza puntualetan pentsatzeko eta jokatzeko joera dugun arren, epe ertaineko prozesu, dinamika eta emaitzetan pentsatzeko beharra nabarmendu nahi izan dut. Pozten naiz gustatu bazaizu.