Badira bi hamarkada baino gehiago Hego Euskal Herriko udalerriak emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak lantzen hasi zirela, emakumeek bizitzako arlo guztietan jasaten duten zapalkuntza-egoera iraultzeko eta euren bizi-baldintzak hobetzeko helburuarekin.
Urte horietan zehar, udaletako berdintasunerako zerbitzuak kanpora begirako jardueran zentratu dira batez ere, besteak beste, herritarrak berdintasunaren beharraz sentsibilizatzeko eta emakumeak ahalduntzeko ekimenak antolatuz. Genero-zeharlerrotasunaren estrategiak ez du hainbesteko ibilbiderik egin oraindik, langintza zaila baita inondik inora, estrategia honen arrakasta ez baitago Berdintasun Sailaren esku soilik. Genero-zeharlerrotasunaren erronka eta zailtasun nagusia bat eta bera dira, labur esatearren: berdintasunaz udaleko sail guztiak arduratzea, Berdintasun Sailetik harago, politika publikoetan genero-ikuspegia txertatuz. Eta langintza hau arrakastatsua izateko beharrezkoak dira konpromiso politiko sendoa, Berdintasun Sailak udal barruan errekonozimendua izatea eta udaleko periferiatik erdigunera ekartzea, langileen gutxieneko sentsibilizazioa eta inplikazioa, baliabideak jartzea eta udaleko kultura lantzea, elkarlanean aritzeko dinamikak sortuz.
Berdintasunean ibilbide bat egin ondoren, udal asko hasi dira genero-zeharlerrotasunaren estrategia garatzeko pausoak ematen eta, iruditzen zait, horretarako tresna indartsua dela berdintasunerako ordenantza. Hain zuzen ere, hori da Zarauzko Udalaren kasua: ahalegin handia egin da Udalaren barne-jarduera berdintasunaren ikuspegitik arautzeko.
Zein une da egokia udal-ordenantza lantzeko? Udal-ordenantza bat plan soil bat ez den neurrian, gomendagarria da ordenantzei heldu aurretik berdintasun-politikatan bide bat egitea, prozesua gidatuko duen berdintasunerako sailak sendotasuna eta errekonozimendua izatea, konpromiso politiko argia… Izan ere, ordenantzek, lege-maila altuagoa duten neurrian, aldaketak eragin behar dituzte, eta aldaketa horiei aurre egiteko oinarri sendo samarra behar da, ordenantza baliorik gabeko arau-multzo bat bilakatzea nahi ez badugu.
Zarauzko Udalak 2017ko maiatzeko Osoko Bilkuran onartu berri du Berdintasunerako Udal-ordenantza: 21 kapitulu, 63 artikulu, eztabaida askoren ondorengo fruitu. Emaitza garrantzitsua, inondik inora. Berdintasun-politikak lege-mandatua dira hemendik aurrera Zarautzen.
Emaitza ez ezik, ordea, ordenantza eraikitzeko prozesuak berak garrantzia eta protagonismo berezia izan du. Ordenantza garatzeko baldintzak sortzen hasteko baliatu dugu prozesua, Udal-langileak, teknikariak eta ordezkari politikoak sentsibilizatzeko, trebatzeko eta elkarlanean jartzeko ariketa eginez. 100 lagun baino gehiagok parte hartu dute trebakuntza-saioetan, orokorrak batzuk eta sail jakinen beharrak lantzeko, beste batzuk: Berdintasunerako ordenantzak, araudiak eta lege-markoa; hirigintzan genero-ikuspegia nola txertatu; politika publikoetan genero-ikuspegia txertatzea; herritarrentzako ekitaldietan eta jardueratan genero-ikuspegia; Gizarte Zerbitzuetan herritarrekin lan egitean genero-ikuspegia aintzat hartzea, lehenengo elkarrizketak nola egin, etab; eta kontratu nahiz diru-laguntza publikoetan berdintasuneko klausulak sartzea.
Behin Udal-ordenantza onartuta, ordea, inoiz baino ageriago jartzen da bitartekoen beharra. Udal-ordenantzak iparra marrazten du, egin beharrekoa, baina, kasu askotan, lanketa bat egitea eskatzen du, bide bat; eta horretarako, funtsezkoa da Udalak beharrezkoak diren baliabide guztiak jartzea; hori egin ezean, asko murriztuko baita Udal-ordenantzaren indar arauemailea.
Agian oraindik goiz samar da udal-ordenantzek emakumeen bizi-baldintzak hobetzeko eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzeko duten ahalmena neurtzeko. Ziurrenik araua ez da nahikoa izango; baina ordenantzek duten indar arauemaileak, epaitegien aurrean erreklama daitezkeen eskubide eta betebeharrak sortzeaz gain, beste udal-arau batzuk alda ditzake, eta maila bereko edo apalagoko arauek gai baten inguruan bere kontra egiten badute, indargabetu egiten ditu. Eta hori bera, bere horretan, bada zerbait, ezta?