Elkarrizketa elebidunak, edo nola eraiki zubiak/puentes/ponts

Bron_broen_argazkia

Anaia telebistazale amorratua da eta askotan izaten ditu hizketagai telebistarekin lotutako kontuak. Hitz-jario handikoa ere bada, eta dena aitortu behar bada, telebistaz hizketan ari denean jartzen diodan arreta gorabeheratsua izan ohi da.

Arreta handia jarri nion lehen aldiz Bron Broen telesailari buruz hitz egin zidanean. Ez ditut hemen jasoko anaiak kontatutakoak. Uste dut artikulu honek zoragarri jasotzen dituela, hark aipatutako alderdiak, baita kontaketan jarritako entusiasmoa ere: http://www.eldiario.es/cultura/series/dicen-Bron-Broen_0_227827513.html. Anaiak nabarmendutako dohainen artean, bada bat artikuluaren izenburuan nabarmentzen dena, baina gero, mamian, garatzen edo lantzen ez dena: “Unos le dicen ‘Bron’, otros le dicen ‘Broen’” (zubi, suedieraz eta danieraz). Niri horrexek eman zidan gehien atentzioa, hain juxtu: telesailean suediarrak eta daniarrak ageri omen ziren, bakoitzak bere hizkuntzan jardunez eta elkarrizketa elebidunak sortuz.

Jakina denez, Euskal Herrian ez dira ohikoak elkarrizketa elebidunak, eta badirudi euskararen erabileran jauzi bat egitekotan, orain arte erabili ez ditugun formulak erabiliz egingo dugula. Formula horien artean maiz aipatzen da elkarrizketa elebidunena; hau da, ulermena dutenekin, elebidun hartzaile edo pasibo direnekin (termino horiek guztiak erabiltzen baititugu) erabil daitekeen praktika gisa. Norbaitek dagoeneko pentsatuko zuen, baita ozen esan ere, “nik egiten dut, ba, honekin edo beste halakorekin”. Eta noski, badira pertsonak eta kasuak. Baina pertsona eta kasuetatik haratago, praktika sozial berriei buruz ari gara, alegia, pertsona jakinek baino egiten ez duten hori orokortu edo behintzat hedatzeko aukeraz edo beharraz.

Suediarraren eta daniarraren arteko distantzia linguistikoa, gaztelania eta euskararena baino txikiagoa izango da. Baina jakina denez, muga linguistikoak ez dira elkarrizketa elebidunetarako muga bakarra. Euskaraz badakitela edo ongi ulertzen digutela jakinda ere, kosta egiten zaigu, oro har, elkarrizketa elebidunak izatea.

Nire interesa piztu zuen telesailari buruz sarean zer esaten zen eta telesailak egiten duen hizkuntza-kudeaketaz aipamenik egiten ote zen arakatuz, tvtropes.org webgunearekin egin nuen topo. Wiki honetan fikzioa idazteko garaian baliagarri izan daitezkeen tresna narratiboak edo trope-ak aztertzen dira eta bertan aztertzen da Bron Broen telesaila ere (http://tvtropes.org/pmwiki/pmwiki.php/Series/BronBroen). Telesailak zer tresna narratibo erabiltzen dituen deskribatzen den zerrenda amaigabean, zortzigarren elementua da hauxe: Bilingual Dialogue.

Kategoria hau, noski, ez da Bron Broenen tresna narratiboak deskribatzeko sortua izan, eta, zorionez, Bron Broen ez da Bilingual Dialogue kategoria merezi duen kultur ekoizpen bakarra. Zerrenda honetan sartu besterik ez duzue (http://tvtropes.org/pmwiki/pmwiki.php/Main/BilingualDialogue) baliabide hori erabiltzen duten hainbat pelikula, liburu, komiki, etab. aurkitzeko.

Gure euskara hutsezko sorkuntza zaindu eta babestu behar dugula zalantzarik egin gabe, hasi beharko dugu guk ere eremu hau esploratzen. Bron Broenek izan ditu gutxienez bi remake, bata estatubatuarra (The Bridge), bestea britaniar-frantziarra (The Tunnel). Izenburuei erreparatu besterik ez dugu jakiteko ez dela juxtu bilingual dialogue mantendu nahi izan duten jatorrizko bertsioaren ezaugarrietariko bat.

Zergatik ez guk hirugarren remakea egin, hain juxtu, ezaugarri horri leial? Dibertitzeko, denbora pasarako balio izateaz gainera, ez al litzateke baliagarria izango pedagogia pixka bat egiteko? Bilingual dialogue, trilingual dialogue ere bihur dezakegu, bide batez.

Erronkak merezi du eta fikzioak lagun diezaguke.

Bide batez: ez diezaiogun garrantzirik ken elkarrizketa elebidunak egitearen aldeko erabakiari, suedieraren eta danieraren distantzia linguistikoa txikiagoa dela aitzakiatzat hartuta. Iruzkin hauek zailtasun hori ere adierazten digute (seriearen Facebook-eko orrialdean jendeak utzitakoak dira):

Lars Ulrik Wacher Hansen The characters always stick to their native languages. So the Danes speak Danish even when they are in Sweden and vice versa. They always seem to understand each other, which is a bit unrealistic. Certainly, that kind of bilingualism only happens around Copenhagen, but I think it is exaggerated. (I am Dane from Copenhagen)

Lisbeth Rydahl Andersen I’m Danish and I need subtitles ! I’m from Jutland and I don’t understand Swedish .. It’s like everybody thinks that all countries in the north understands all Scandinavian languages – it’s not the case!! Now watching season 2 and I understand a little bit more then in the beginning

Bron Broen-en trailerra: http://www.youtube.com/watch?v=3qEaG4Dw3FE

Kategoria: Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>