Krisi-garaian, zerbitzuak merkatzeko ahalegina egin beharrean aurkitzen gara. Gainera, globalizazioaren eraginez munduko beste puntan dauden enpresak ere gure zerbitzuak eskaintzen hasi badira, are gehiago.
Egoera hau oso nabarmena da itzulpengintzaren alorrean. Azken urteetan, itzulpenen prezioak nabarmen jaitsi dira, eta direnak eta ez direnak egiten ari dira itzulpen-enpresak gastuak murrizteko. Kudeaketan pasatzen den denbora murriztea da hori lortzeko modu bat. Efizienteagoak bagara kudeaketan, denbora gehiago izango dugu produkziorako; alegia, itzulpenak egiteko.
Orain arte, itzulpen-enpresa askok antolatu du bere kudeaketa-lana kalkulu-orri batekin eta posta elektronikoarekin. Horrek, ordea, baditu desabantailak. Batetik, posta-helbide bat sortu ohi da mezuak pertsona batek baino gehiagok jaso ahal izateko. Baina konplikatua izaten da mezu bakoitza zeinek ikusi edota erantzun duen jakitea, lana egiten norbait hasi den jakitea, eta abar.
Bestetik, kalkulu-orri batean idazten dira egiten ari garen lanen xehetasunak. Datuak eskuz kalkulatzen dira, eta norbaitek apuntatu behar ditu kalkulu-orrian. Baina non gordetzen da kalkulu-orria? Norbaiten ordenagailuan? Pertsona bakar baten esku? Gaur egun, sarean ere gorde liteke, baina horrek ez liguke aurreztuko datuak eskuz sartzeko behar dugun denbora.
Bada irtenbiderik, ordea; ItzulpenFlow aplikazioak horrelako arazoak ekidin eta askoz laguntza gehiago ematen du: https://demo.itzulpenflow.com/
Itzulpen eta zuzenketa asko kudeatu behar dituzten pertsona eta erakundeentzako sistema bat da ItzulpenFlow. Web-zerbitzu bat da; beraz, hura erabiltzeko, ez dugu ezer instalatu behar, eta edozein tokitan erabili ahal izango dugu, nabigatzailearen eta Interneteko konexioaren bidez (baita mugikorretik ere!). Aukera ematen du erabiltzaile-mota bat baino gehiago zehazteko: kudeatzaileak, itzultzaileak, zuzentzaileak, eskatzaileak, kanpoko kolaboratzaileak… Eta erabiltzaile bakoitzak informazio ezberdina izango du: fakturazio-atala, lan bakoitzari lotutako dokumentuak, bezero bakoitzak egindako lan guztien laburpena eta iragazkiak, estatistikak eta abar.
Gainera, itzulpen-lan baten pauso guztiak automatizatuta daude, eta abisuak jasotzen dira posta elektronikoz. Hala, plataforman itzulpen-eskaera bat egiten denean, sistemak, automatikoki, dokumentuaren hitz- eta karaktere-kopurua zenbatzen du eta aurrekontua prestatzen du eskatzailearentzat. Gero, sistemak itzultzaileari abisatzen dio lan bat esleitu zaionean; zuzentzaileari, itzulpena berrikusteko prest dagoenean; eskatzaileari, lana amaitu denean… Eta horrela fluxu osoa osatu arte.
Etengabe ari gara aplikazioa hobetzen, eta oraintsu itzulpen automatikoarekin ere lotu dugu. Modu horretan, adibidez, gaztelaniatik katalanera itzultzeko eskaera bat iristen zaigunean, zuzenean itzulpen automatikotik pasa, eta zuzentzaileak mezua jasoko du esleipenaren berri emanez. Lana zuzenduta dagoenean, bezeroak bueltan jasoko du. Zerbitzu azkarragoa eta merkeagoa lortuko dugu.
Azken hilabeteetan, beste modulu bat garatu dugu. Haren bidez, itzultzeko jasotzen diren dokumentuen analisia egin daiteke plataforman biltegiratuta dauden itzulpenen kontra. Analisia egiteaz gain, itzulpen horretarako egokiena den itzulpen-memoria deskargatu ahal izango dugu. Memoria txiki ideala deskargatuta, lana azkarrago egingo dugu.
Dagoeneko, hainbat erakunde ari dira abantaila horietaz baliatzen, hala nola Arabako Foru Aldundia, KUTXABANK, Zaldibarko Udala, Euskampus Fundazioa eta Elhuyar bera.