Bizentaren lumak hegaz

Elhuyar Bizentaren Lumak

Dagoeneko bi hilabete pasa dira Bizentaren lumak solas-jolasa jendaurrean aurkeztu genuenetik, eta ordutik hona hainbat izan dira proiektu honekin lotuta egin ditugun ekimenak. Horien artean dago, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatearekin elkarlanean, joan den astean egin genuen ekitaldia.

Emakundek urtero antolatzen duen Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Gunearen XII. edizioaren baitan, Bizentaren lumak solas-jolasa aurkeztu genuen Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, pasa den urriaren 29an, jolas bat aurkez daitekeen modurik egokienean: jolastuz. Guztira 40 ikasle elkartu ziren berdintasunaren gaiaren inguruan solas egiteko. Arrakasta handia izan zuen ekimenak!

Talde txikitan elkartuta, eta aurrez jolasean trebatutako zenbait ikaslek dinamizatuta, ordu eta erdiz emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz jardun zuten gazteek, iritziak trukatzen, hausnartzen eta eztabaidatzen. Horretaz aparte, eta hitz egindakoaren gainean, zenbait konpromiso hartu zituzten norbanako zein talde-mailan; amaieran, talde bakoitzak hitz egindakoak eta adostutakoak gainerako parte-hartzaileei aurkeztu zizkien.

Saioaren nondik norakoak azaltzeko, ondorengo kronika idatzi dute Mondragon Unibertsitateko blogean: http://mukom.mondragon.edu/mygade/2015/10/30/bizentaren-lumak/

Guk ere eskerrak eman nahi dizkiogu Mondragon Unibertsitateko Berdintasuneko lantaldeari, ekimen hau aurrera ateratzeko erakutsi duten interesagatik eta egin duten lanagatik, baita dinamikan parte hartu duten Enpresagintza Fakultateko ikasleei ere, Bizentaren lumak jolasaren hegoak astintzen jarraitzeagatik.

Bukatzeko, jolasa probatu nahi baduzue, Bizentaren Lumak webgunean aurkituko duzue horretarako beharrezkoa den materiala, argibideekin: http://bizentarenlumak.elhuyar.eus/

Kategoriak Elhuyar, Emakume eta gizonen berdintasuna | Erantzun

Ezkutuko langileak

Bada esaera bat politikoki ez oso zuzena eta zaharkitu samar geratu dena: “Gizon handi bakoitzaren atzean, bada beti emakume handi bat”. Ez dut nik oso gustuko esaera hori; gizon handiek jakin behar dute bakarrik moldatzen, eta emakume handiak badira nor inoren atzean ezkutaturik egon behar ez izateko.

Esaera horri beste buelta bat emango nioke nik, eta beste hau proposatu: “Itzultzaile eta testugile onen atzean, bada beti zuzentzaile on bat”.

Badira, noski, itzultzaile eta testugile onak, oso onak ere bai batzuk (gizonak nahiz emakumeak). Haietako gehienek, ordea, beste norbaiti irakurrarazten diote beren lana argitaratu aurretik, bai baitakite lau begik bik baino gehiago ikusten dutela. Gainera, norberak idatzitako testu bat irakurtzean, sarritan gertatzen da ustez idatzitakoa edo idatzi nahi genuena irakurtzea, eta ez benetan idatzi duguna. Horregatik da garrantzitsua testuak idatzi ez dituen beste norbaitek irakurtzea argitaratu aurretik.

Zuzentzaileen lana ezkutuan geratzen da gehienetan, ordea. Artikulu bat aldizkari batean argitaratzen bada, kazetariaren izena baino ez da agertzen sinaduran. Itzulpen-lan batek argia ikusten badu, itzultzailearentzat dira loria eta egile-eskubideak…

Testugile batzuek, gainera, ez dute oso begi onez ikusten beste norbaitek haien lanean “eskua sartzen” duen pertsona hori. Beste batzuek, berriz, atseginez hartzen dituzte proposamen eta zuzenketak.

Nolanahi ere den, zuzentzaileek merezi dute beren lanaren aitortza, urtean behin besterik ez bada ere, eta gaur bereziki, Zuzentzaileen Nazioarteko Eguna baita. Bejondeizuela!

 

Post scriptum: zuzentzailearen proposamenak txertatuta argitaratu da testu hau.

Zuzentzailea

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak | Etiketak , , | Erantzun

Hizkuntza-komunitatetik jarduera-komunitatera

elhuyar-jarduera-komunitatera

“Euskara Zerbitzuko langileak ezin dira udaleko beste alorretako lankideei kontu eskean ibili, eginkizun hori politikariena da, baina, politikariak 4 urtean behin aldatzen dira eta ez dute enfrentamendurik nahi langileekin”. Halaxe esan zuen 2015eko Udaltopeko topaketetan teknikari batek.  Eta egia da, euskara eta gaztelaniaren arteko harremana, horrelaxe bizi dugu askotan, enfrentamendu gisa; batek irabazten duena, besteak galdu behar! Baina, kontuz! Guztion hizkuntza eskubideak errespetatu behar ditugu! Zein da, orduan, konponbidea? Elebitasun simetrikoa.

Beste ezer baino lehen, bi kontu. Batetik, enfrentamenduaren ildotik urratsak egiteko bidea motza iruditzen zait, ahalegin handia eskatu eta etekin txikia ematen duena. Bestetik, elebitasun simetrikoa, euskararen aldeko urratsak egiteko baliagarria izan arren, uste dut aspergarria eta nekagarria dela sistematikoki erabiltzea edo erabili nahi izatea. Are gehiago, nire ustez, euskarak aurrera egin dezan, gainditu beharreko irizpidea da, zenbaitetan.

Euskararen normalizazio prozesuan, besteak beste, batzorde teknikoak sortzen dira, euskararen egoera zein den aztertu eta hizkuntza-irizpideak ezarri.  Teknikariei mugarri hauxe jartzen zaigu:  prozesua erabat kontrolpean izatea;  inor ez mintzeko, hautsik ez harrotzeko, bazterrak ez nahasteko.  Hortik aurrera, ezin dugu ezer ere egin, ezin dugu muga hori zeharkatu. Horrela, bada, beldurrak itota bizi gara askotan euskara-teknikariak eta ordezkari politikoak; mamuz inguratuta beste batzuetan; ez beti.

Batzorde teknikoak sortzeko arazorik ez da izaten gehienetan. Bertan landu eta erabakitzen dugu dokumentuak euskaraz, gaztelaniaz edo ele bietan egon behar duten; euskaldunez osatutako bilera bat euskaraz egingo den, edota erdaldunen bat tartean badago, sarreratxoa euskaraz egingo ote dugun…

Baina, nire ustez, bada tartean egin behar dugun beste urrats bat. Izan ere, euskararen normalizazio-prozesuaren ardatza ez da euskara, pertsonak baizik,  bakoitza bere bizipenen motxila aldean daramala.

Bestalde, giza harremanak jarduera konkretuen inguruan antolatzen dira eta harreman horietan euskarak elementu integratzailea izatea nahi dugu. Horrela, bada, hiztun-komunitateetatik harago jarduera-komunitatean jarri beharko genuke begirada, hau da, talde naturaletan.

Hortxe ditugu, gure inguruan, hainbat talde natural eta jarduera-komunitate. Zergatik ez hobeto baliatu eskura ditugun talde horiek, sail bateko langileak, ikastetxe bateko klaustroa, kiroldegietan sortzen diren taldeak…, euren arteko harremanez hitz egiteko, euren arteko harreman-hizkuntzen inguruan, euren bizitzaz eta hizkuntza bakoitzak betetzen duen lekuaz?

Ahal badugu, ongi ezagutu behar dugu euskararekiko eta beste hizkuntzekiko zer sentitzen duten eta sentimendu horien atzean zer pentsamendu eta bizipen dauden, hizkuntza-terapia egin, euskararen aldeko hizkuntza-jokaera berriak sustatzeko.

Euskarari buruzko jarrera eta iritzien inguruan inkesta egin berri du Eusko Jaurlaritzak. Interesgarria, zalantzarik gabe. Baina, emaitza horien atzean zer dagoen eta politikoki zuzena den horretatik harago joateko, espazio gehiago behar ditugu. Ezinbesteko espazioak, elkar ulertu eta normalizazio-bidea guztiok edo ahalik eta jende gehienak, elkarrekin eraiki eta egiteko, gure harremanetarako hizkuntza-eredu berri bat sortzeko.

Baina, oraindik ere, gutxi dira espazio horiek sortzera ausartzen direnak. Kontuz! Gai delikatua! Gai Tabua! Ez pasa mugarria!

Gure esperientzia aintzat hartuta, espazio horiek baliatuta lortu dugun emaitza ez da antzua izan; aitzitik, euskararen normalizazioan aurrera egiteko baldintza hobeak jarri ditugu.

Espazio horiek ondo baliatzea dagokigu euskara-teknikarioi. Besteei zer egin behar duten esatea baino, teknikarioi dagokigu euskararen aldeko eragileak izatea,  hausnarketa eragitea, guztien eskura informazioa jarri eta trebakuntza eskaintzea. Alegia, herritarrak ahaldundu eta normalizazio-prozesua guztion artean eraikitzeko bidea egiten laguntzea. Eta bide horretan, ordezkari politikoen parte-hartzea ezinbestekoa zaigu, noski.

Hasieran aipatu dut euskara eta gaztelaniaren arteko harremana askotan enfrentamendu gisa bizi dugula. Horri lotuta, Bernardo Atxagari irakurritakoa etorri zait gogora: “Idazle naizenez -eta ez banintz berdin- hizkuntzek garrantzi handia dute niretzat. Denek, ezagutzen ditudan guztiek. Baita erdizka ezagutzen ditudanek ere. Han edo hemen entzun edo esandako hitzek bizitza pusketak ekartzen dizkidate gogora, eta lagundu egiten digute pertsonak eta munduak ulertzen. Halaxe gertatzen zait atta, ama, ebi, eguzki, Pater noster, te amo Gustavo, eres adorable, Vanessa, hypocrisy, hable usted en cristiano eta beste milarekin”.

Irakurgai horretan Atxagak hizkuntzak bizipenekin lotzen ditu eta bizipenak hizkuntzekin. Eta halaxe daude, elkarri lotuta. Horregatik uste dut normalizazio-prozesuaren abiapuntua pertsonak eta euren bizipenak direla; pertsonok pentsatzen eta sentitzen duguna lantzea ezinbestekoa dela.  Ikuspegi hau enfrentamendutik urruti ikusten dut; guztiontzat aberasgarriagoa  izateaz gain, elebitasun simetrikoaren kontzeptua gainditzen du, eta gainditzea beharrezkoa du euskarak, nire ustez.

Euskarak ez ditu betetzen eta ez ditu beteko gure bizitzako pusketa guztiak. Hiztunaren kontzeptu estatikoa gainditu behar dugu eta norberaren eta taldearen hizkuntza-ibilbidea kontuan hartu. Pertsonak dinamikoak gara. Hizkuntzari dagokionez ere bai. Norberak aukeratu beharko du euskarak zer nolako lekua izango duen bere bizitzako etapa bakoitzean, hizkuntzen arteko bizikidetzatik haratago.

Sor ditzagun baldintzak euskararen aldeko hautua, benetako aukera izan dezagun!

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak | Erantzun

Itzulpenak behar dituztenentzako gida

Elhuyar itzulpenak

Nelson Mandela:

Pertsona bati ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu,
esaten diozuna haren intelektora doa,
baina bere hizkuntzan hitz egiten badiozu, hori bihotzera doa

Saldu edozein hizkuntzatan egin daiteke, baina erosi… nahiago izaten dugu nork bere hizkuntzan. Hurbiltasuna, konfiantza… ematen digu nori bere hizkuntzak. Hala frogatu dute hainbat ikerketak.

Gizarte gero eta eleaniztunagoan bizi gara, eta dagoeneko ez ditugu etxe alboko dendan egiten erosketak beti, baina badakigu hurbilekoa, etxekoa, gurea estimatzen. Eta hizkuntzaren erabilerak zeresan handia du horretan.

Enpresek badakite hori, eta ahalegin handia egiten dute komunikazio-hizkuntza bezeroenera gerturatzeko, baina ez beti behar bezala.

1.- Batzuetan, enpresa bera gai da hizkuntza bat baino gehiago ondo erabiltzeko. Hala bada, aurrera! Testuak itzuli behar badira, ordea, itzultzaile profesional batengana jo behar da. Bi hizkuntza jakitea ez da nahikoa haien arteko itzulpenak egiten jakiteko. Kalitateko itzulpenak egiteko, itzultzaileak trebakuntza eta eskarmentua behar ditu. Eta itzultzaile bakoitzak bere ama-hizkuntzara soilik itzuli behar du.

2.- Jatorrizkoa: kalitatea, formatua… Jatorrizko testu txarretatik nekez aterako dira itzulpen onak. Itzultzera bidali aurretik, testuak berrikustea komeni da, eta egin beharreko aldaketa eta zuzenketak itzultzen hasi aurretik egitea. Bestalde, itzultzaileari testua formatu elektroniko editagarriren batean bidaltzeak asko errazten, azkartzen eta, beraz, merkatzen du lana. Irudietan, adibidez, kasu askotan, itzultzaileak ezin du eskurik sartu.

3.- Zentzuzko epeak jarri. Txosten bat idazteko hilabeteak behar izan baditugu, ezin dugu pentsatu egun batetik bestera itzul daitekeenik. Publizitate-eslogan bat, esaldi bakarrekoa izan arren, ez da beti minutu gutxi batzuetan itzultzeko modukoa. Lanaren bolumenak, teknikotasunak edo konplexutasunak eragina dute itzulpen-lanean, eta hori kontuan hartu behar da epea jartzeko garaian.

4.-Itzulpen bereziak: testu teknikoak. Testu teknikoak itzultzeko, garrantzitsua da itzultzailea, itzulpengintzan trebatua egoteaz gain, aditua izatea arlo horretan, terminologia eta egitura bereziak erabili beharko baititu.

5.- Itzulpen bereziak: publizitatea. Publizitate-testuak eta -esloganak itzultzea ertz askoko lana da. Normalean, denborarekin eta asko pentsatuta, irudiekin ondo lotuta… sortzen dira publizitate-testuak, eta hizkuntza batean funtzionatzen duten hitz- eta irudi-jokoek ez dute beti parekorik beste hizkuntza batzuetan. Horrelakoetan, itzulpena sorkuntza-prozesu osoan kontuan hartzea da egokiena. Bestela, itzultzaileari sortzeko denbora eman behar diogu, emaitza txukuna lortuko badugu.

6.-Bezeroaren irizpideak, irudiak eta informazio osagarria. Itzultzaileak zenbat eta informazio gehiago izan itzulgaiari buruz, are hobeto egingo du lana. Horregatik, garrantzitsua da eskura dagoen material osagarri guztia ematea: irudiak, aldez aurretik erabakitako irizpideak edo termino-zerrendak… Halaber, komeni izaten da itzulgaiaren testuinguruaren berri ematea: zer helburu duen, norentzat den…

7.- Itzulpen automatikoak. Gaur egun, makinek ere egiten dituzte itzulpenak, itzulpen automatikorako hainbat tresna daude sarean, baina haien emaitza nekez izango da giza itzultzaile trebatu batek emango digunaren parekoa, eta are gehiago zenbait hizkuntza-bikotetan, hala nola euskara tartean denean. Horrelako baliabideren bat erabiltzen badugu, ezinbestekoa izango da postedizioa, hau da, gizaki batek makinaren lana zuzentzea. Kasu batzuetan, ordea, behar dugun hizkuntza-bikotean itzulpen automatikoa oraindik oso aurreratua ez dagoelako, testua oso teknikoa delako, edo zentzu bat baino gehiago izan ditzakeelako, adibidez, merkeago ateratzen da zuzenean itzultzaile batek itzultzea gero makinaren lana zuzentzea baino.

8.- Itzulpena makina batek egin beharrean pertsona batek egiteak ez du esan nahi lana eskuz egingo duenik. Horretarako daude OLI tresnak (Ordenagailuz Lagundutako Itzulpenak egiteko tresnak). Gaur egun, itzulpen-memoriak baliatzen dituzte itzulpen-enpresa ia guztiek. Hala, lehendik itzulitako testu-zatiak aprobetxatzen dira. Horrek azkartu egiten du lana, eta laguntzen du itzulpen berriek aurrekoekiko koherentzia gorde dezaten. Gainera, itzulpen-memoriak termino-bikoteen datu-baseekin elika daitezke, datu-base horretako termino bat agertzen den bakoitzean berdin itzultzeko, hala nahi badugu.

9.- Edizioa edo maketa berrikusi. Itzultzen bukatu eta gero, testua editatu edo maketatu behar bada, behin betikoa atera aurretik, komeni da emaitza itzultzaileak berrikustea, gerta baitaiteke testu eta irudien ordena bat ez etortzea jatorrizkoan eta itzulpenean, adibidez, edo hizkuntza-akatsen bat sortzea maketatzean.

10.- Itzultzaileekiko leialtasuna koherentziaren berme da. Beti itzultzaile-talde berarekin lan egiteak emaitza hobetzen du, itzulpenen koherentzia bermatzen baitu. Gainera, hornitzaileak bezeroaren irizpideen, gustuen… berri badu, are bezeroaren gustukoagoa izango da azken emaitza.

Elhuyar itzulpenak

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak | Etiketak , | Erantzun