Herritarrekin, parte-hartzeko esperientziak Gipuzkoan (2013-2014) liburua, Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratua eta Imanol Azkue Ibarbiak idatzia
Deskargatu liburua doan
Liburu bat gauza askotarako erabil daiteke: apalak apaintzeko; herren egiten duen mahaia berdintzeko; besapean edo eskuan hartu eta paseatzeko; norbaiti oparitzeko; oina gainean jarri eta 10 zentimetro igotzeko… Liburu hau ere horietarako guztietarako erabil daiteke, noski, baina ez dugu asmo horiekin egin. Liburu hau batez ere begiratzeko eta irakurtzeko da, 2013-2014an Gipuzkoan egin diren parte hartzeko esperientzien berri emateko eta nahi izanez gero, antzekoak martxan jartzeko etorkizunean.
Izan ere, han eta hemen, herri txiki, ertain eta handietan, lan handia egin da azkenaldian Gipuzkoako herritarrek erakundeen gestioan eta herrigintzan parte hartzeko, baina esperientzia horiek, sarritan, isolatuta egiten dira, elkarren berri jakin gabe, herriko edo inguru hurbileko mugen barruan eta berez daukaten balioa aitortu gabe. Horregatik, garrantzitsua da aldian behin geldialdia egitea, egindakoaz hausnartzea, ondo eta gaizki egindakoetatik ikastea eta aurrera begirako elementu berriak geureganatzea. Liburu honen bidez, Gipuzkoako herritar eta erakunde ugarik egindako lana aintzat hartu eta erakutsi nahi izan dugu.
Liburu honek badauka, ordea, aurrekari bat: 2012-2013ko esperientziak bildu zituena. Horregatik, oso antzekoa da itxuran, egituraketan eta edukietan, baina ahal izan dugun neurrian, hobetzen ahalegindu gara. Horrela, oraingoan herri bakoitzaren hasieran, taula bat sartu dugu, herri horretan egindako esperientziak laburbiltzen dituena, eta ondoren esperientzia horietako bat edo bi sakonago azaltzen dira.
Ideia bat egiteko, hona hemen liburuko edukiei buruzko zenbait kopuru:
- Gipuzkoako 75 herritako esperientziak daude jasota, eskualde guztietakoak (10); halaber, Aldundiaren parte hartzeko esperientzia nagusiak ere badaude.
- Guztira, parte hartzeko 237 esperientzia daude jasota, horietatik 125 sakonago azalduta.
- Herri-mota guztietakoak daude: herri txikietakoak (41), herri ertainetakoak (16) eta herri handietakoak (18).
- Hainbat arlotakoak: aniztasuna (7 esperientzia), auzolana (9), berdintasuna (8), euskara (7), garapen iraunkorra eta ingurumena (29), haurrak/gazteak/adinekoak (24), herri-izaera (12), herritarrekin harremanak (11), hezkuntza (4), hirigintza (30), kirolak (6), komunikazioa (5), kultura (28), mugikortasuna (8), partaidetzako aurrekontuak (24), parte hartzeko sistema (13), sozioekonomia (6)…
- 78 lagunen (43 emakumezkoren, 35 gizonezkoren) testigantzekin, bizi izan zutenaren berri emateko.
Liburuan ez daude, noski, Gipuzkoan denboraldi honetan egindako esperientzia guztiak, batez ere erakundeetatik (udaletatik eta Aldunditik) bultzatutakoak jaso nahi zirelako eta kanpo geratu direlako beste hainbat talde eta elkarterenak, baina liburuan ageri direnak benetan egindakoak dira, eta egin dituztenek beraiek azaldu dizkigute, gainera.
Liburua apirilean kaleratu zuen Aldundiak, eta Gipuzkoako udal eta liburutegi guztietara banatu zuen. Aurrekoa bezala, ez da salgai jarri. Gaztelaniazko bertsioa, berriz, ekainean argitaratu zen.
Liburu hau ez ahal da erabiliko apalak apaintzeko, herren egiten duen mahaia berdintzeko, soto ilunetan hautsa hartzeko…
Liburuaren fitxa
Izenburua: Herritarrekin, parte hartzeko esperientziak Gipuzkoan (2013-2014)
Egilea: Imanol Azkue Ibarbia
Argitaratzailea: Gipuzkoako Foru Aldundia
Urtea: 2015
Orrialde-kopurua: 373
ISBN: 978-84-7907-703-7