Azken urteetan berrikuntza soziala kontzeptua asko zabaltzen ari da erakundeetan. Baina zertaz dihardugu berrikuntza sozialaz hitz egiten dugunean? Oraindik ere nahiko kontzeptu lausoa eta zabala da; ia edozer sar daiteke gizartea eta berrikuntza ardatz dituen aterkipe horretan. Hori dela-eta, azken bi urteotan gaia bereziki landu dugu Elhuyar Aholkularitzan guretzat eta ingurukoentzat baliagarri izan daitekeen lan-marko bat eraikitzeko asmoz.
http://berrikuntzasoziala.elhuyar.eus
Nolanahi ere, argi dugu Euskal Herria ez dela hutsetik abiatzen arlo honetan. Esperientzia ugari ezagutu dugu Euskal Herrian azken hamarkadetan berrikuntza sozialtzat har daitezkeenak, eta ia oharkabean gure herria munduan erreferente egin dutenak. Horien artean ditugu, besteak beste, euskararen biziberritze-prozesua, ekonomia soziala garatzeko eredu propioak edota azken urteetan kontsumo-ereduaren inguruan sortu diren ekimenak.
Aurrera begira, gure ikuspegitik berrikuntza sozialaren egitekoa da euskal gizartearen egungo erronka nagusiei erantzutea. Erronka horietatik, honako bost hauek dira, gure ustez, tokiko garapen integralaren ikuspegitik lehentasunezkoak:
- Autoeraketa eta gobernantza demokratikoa. Tokian tokiko komunitateak sortzeko-, erabakitzeko eta antolatzeko gaitasuna indartzea garrantzitsua da, gizarte batek dituen behar nagusiei norbere baliabideekin erantzuteko. Azken batean, herritarrak euren orainaren eta etorkizunaren subjektu aktibo, erantzule eta protagonista izatean dago pertsonak, erakundeak eta gizartea garatzeko gakoa.
- Euskara biziberritzea. Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza, eta euskal nortasunaren eta kulturaren adierazpiderik garrantzitsuenetako bat. Baina euskara oraindik ere hizkuntza gutxitua da euskal gizartean, eta, beraz, gure hizkuntza biziberritzea eta euskararen osasuna bermatzea da hiztun-komunitate moduan dugun erronkarik garrantzitsuenetariko bat.
- Emakume eta gizonen berdintasuna. Emakumezkoak biztanleriaren erdia dira, baina ez dute bizitza sozio-politikoan modu parekidean parte hartzen. Gizarte-bizitzaren hainbat esparrutan ez dira, beraz, emakumezkoen ikuspegi, behar eta iritziak behar bezala ez jasotzen, ezta kontuan hartzen ere erabakiak hartzeko garaian. Hori dela-eta, emakume eta gizonen berdintasuna da euskal gizartearen beste ipar nagusietako bat.
- Garapen lokala eta iraunkortasuna. Industri gizartearen sorreratik hona, areagotu egin da gizakiaren esku-hartzea naturan. Garapen-eredu antropozentrikoaren eraginez, naturaren beharrak eta mugak agerian geratu dira: natur baliabideak urritzen ari dira, klima aldatzen, hondakinak pilatzen… Egungo kontsumo-eredua ez da jasangarria eta beharrezkoa dugu eredu iraunkorragoetarako trantsizioa. Trantsizio horretan, etorkizuneko lan-ildoetako bat da tokian tokiko sareak ehuntzea, eta maila lokalagoa eta irizpide sozialagoak dituzten merkatuak sortzea .
- Elkarlana, lankidetza eta elkartasuna. Gizartea eraldatzea eta berrikuntzarako bidea ez dira norbanakoen eskutik etorriko. Beharrezkoa da elkarlana eta elkartasuna oinarri izango duten egitasmoak eta sareak eraikitzea, norabide berean indarra egiteko.
Bestetik, berrikuntza sozialeko egitasmoek arrakastaz jarduteko, proiektuek honako hiru ezaugarri hauek barne hartzea garrantzitsua da:
- Bideragarritasuna, bi norabidetan: batetik, bideragarritasun eta burujabetza ekonomikoa (hau da, autofinantzatzeko bideak landu behar dituzte); bestetik, egiturazko bideragarritasuna (hau da, egitasmoak denboran iraun dezan, beharrezkoa du, baita ere, lantalde sendo, motibatu eta gaitua izatea oinarrian).
- Sormena eta dinamismoa. Berrikuntza sozialeko egitasmoek pertsonen sormena eta ekintzailetasuna garatzen laguntzen dute, egitasmo dinamikoak eta biziak baitira.
- Zabalkundea eta transferentzia. Berrikuntza sozialak berezkoa du izaera irekia eta publikoa, hau da, sortzen den hori komunitatearen zerbitzura jartzea. Halaber, lagundu egiten du norabide berean eragitea helburu duten egitasmo berriak abiatzen eta garatzen.
Erronka eta ezaugarri horiek kontuan hartuta, berrikuntza sozialeko egitasmoak ebaluatzeko adierazle-tresna bat sortu dugu. Zertarako izan daiteke baliagarria edo erabilgarria tresna hau?
- Produktu, zerbitzu edo egitasmo berriak diseinatzen laguntzeko eta gizartearen garapen integralerako garrantzitsuak diren irizpide berriak txertatzeko diseinuaren fasetik.
- Erakunde edo lurralde-eremu batean ditugun produktu, zerbitzu edo egitasmoak berrikuntza sozialaren ikuspegitik ebaluatu, birpentsatu eta hobetzeko.
- Diru-laguntzak edota irabazi ekonomikoak gizartean banatzerakoan, gizarte-inpaktuan oinarrituriko irizpide sendoak izateko.
- Berrikuntza sozialeko egitasmoak identifikatu eta ikusgai jartzeko, erreferentzialtasuna emateko eta balioan jartzeko. Berrikuntza sozialeko egitasmoen eta eragileen sarea osatzeko.
Berrikuntza sozialeko irizpideei jarraiki, orain arte egindako lana sarean jarri dugu guztion eskura: berrikuntzasoziala.elhuyar.eus. Bertan, tresnaren laburpen bat txertatu dugu eta azken urtean Beterri eskualdeko eragileekin garatu dugun prozesuaren berri ere ematen dugu. Prozesu horren helburua izan da eskualdean berrikuntza sozialaren inguruko dinamika iraunkor bat sortzea, horretarako bertako eragileak artikulatuz, hainbat egitasmo ebaluatuz eta hortik ikasketa-prozesu bat garatuz. Egitasmoa Beterri Garapen Integralerako Agentziarekin elkarlanean garatu dugu eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismo Sailaren babesarekin. Hona hemen Beterri eskualdean garatutako egitasmoaren laburpen-bideoa:
https://www.youtube.com/watch?v=EnuVCVVNIss