Ezkutuko langileak

Bada esaera bat politikoki ez oso zuzena eta zaharkitu samar geratu dena: “Gizon handi bakoitzaren atzean, bada beti emakume handi bat”. Ez dut nik oso gustuko esaera hori; gizon handiek jakin behar dute bakarrik moldatzen, eta emakume handiak badira nor inoren atzean ezkutaturik egon behar ez izateko.

Esaera horri beste buelta bat emango nioke nik, eta beste hau proposatu: “Itzultzaile eta testugile onen atzean, bada beti zuzentzaile on bat”.

Badira, noski, itzultzaile eta testugile onak, oso onak ere bai batzuk (gizonak nahiz emakumeak). Haietako gehienek, ordea, beste norbaiti irakurrarazten diote beren lana argitaratu aurretik, bai baitakite lau begik bik baino gehiago ikusten dutela. Gainera, norberak idatzitako testu bat irakurtzean, sarritan gertatzen da ustez idatzitakoa edo idatzi nahi genuena irakurtzea, eta ez benetan idatzi duguna. Horregatik da garrantzitsua testuak idatzi ez dituen beste norbaitek irakurtzea argitaratu aurretik.

Zuzentzaileen lana ezkutuan geratzen da gehienetan, ordea. Artikulu bat aldizkari batean argitaratzen bada, kazetariaren izena baino ez da agertzen sinaduran. Itzulpen-lan batek argia ikusten badu, itzultzailearentzat dira loria eta egile-eskubideak…

Testugile batzuek, gainera, ez dute oso begi onez ikusten beste norbaitek haien lanean “eskua sartzen” duen pertsona hori. Beste batzuek, berriz, atseginez hartzen dituzte proposamen eta zuzenketak.

Nolanahi ere den, zuzentzaileek merezi dute beren lanaren aitortza, urtean behin besterik ez bada ere, eta gaur bereziki, Zuzentzaileen Nazioarteko Eguna baita. Bejondeizuela!

 

Post scriptum: zuzentzailearen proposamenak txertatuta argitaratu da testu hau.

Zuzentzailea

Kategoria: Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>