Hizkuntza-transmisioaren kate-begi isilak

elhuyar-ama hizkuntzaren eguna

Otsailaren 21a Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna izan da. 2000. urtean izendatu zuen Unescok, 48 urte lehenago egun horretan hil baitzituen poliziak unibertsitateko bi ikasle Bangladeshen, artean ofizialtasunik ez zuen bengalera hizkuntzan ikasteko eskubidea aldarrikatzen ari zirela. Ordutik hona urtero gogoratu ohi da hizkuntza-aniztasuna sustatzeko egun hori, eta azken urteetan oihartzuna indartzen ari da gurean ere.

Nazioarteko Egunen funtzioa eta beharra ezbaian jarri ohi da sarri, eguneroko erantzukizun eta egitekoak estaltzen dituztelakoan. Edonola ere, Nazioarteko Egunak baliogarri zaizkigu kultura-, gizarte- eta politika-gaiak agendan ikusgai jarri eta hizpide izateko. Aitzakia hori baliatu nahi dugu guk ere gaurkoan, euskararen transmisioaren katean, isilean eta oharkabean, funtzio ordezkaezina bete duten emakumeei aitortza egiteko.

Azken hamarkadetan (eta gaur egun ere bai) transmisioak toki garrantzitsua bete du hizkuntza-politika eta -plangintzetan. Familia-transmisioa jomuga duten kanpainak, euskarriak eta formazio-eskaintzak ugariak izan dira, eta gaur egun ere badira gure inguruan. Horretan mugarri izan ziren, hein batean, duela urtebete hil zen Joshua Fishmanen Reversing Language Shift eta José María Sánchez Carrión Txepetxen Un futuro para nuestro pasado lanak. Horietan, familia eta etxea lehentasunezko erabilera-eremu moduan agertzen dira; are gehiago, eremu horietan transmisioa etenez gero, hizkuntzaren biziraupena bera arriskuan legokeela diote.

Paradoxikoa da, ordea, transmisioak horrelako funtzio neuralgikoa betetzen duela aitortu eta transmisio horren eragile nagusi izan diren emakumezkoak itzalean geratu izana. Eta emakumeak aipatu direnean, gainera, batzuetan kontrako mezuarekin izan da, duela lauzpabost hamarkada emakumeek landa-eremuan euskarari uko egin ziotela azpimarratuz eta transmisioa etetearen ardura emakumeei leporatuz. Ez da, ordea, errealitate horren gaineko irakurketa soziologikorik eskaini, eten horren zergatiak azaltzeko eta garaiko botere-harremanen eta gizarte-antolaketaren testuinguruan kokatzeko.

Bilakaera historikoari erreparatzen badiogu, emakumeak izan dira belaunaldiz belaunaldi euskararen jarraikortasuna bermatu duten kate-begiak, eremu pribatuan nahiz publikoan. Transmisio-lan horretan hizkuntza-gaitasuna ondorengoetaratzetik harago, emakumeek hizkuntzarekiko atxikimendua eta afektibitatea ere helarazi dizkiete hurrengo belaunaldiei, zaintza-hizkuntzaren, ipuinen, abestien edota olerkien bidez, esaterako. Langintza horretan jardun dute hamarraldiz hamarraldi ama biologikoek eta ama sozialek. Izan ere, funtzio hori etxean seme-alabekin edo familiarteko haurrekin betetzeaz gain, gizarte-mailan ere (etxe-eskoletan, ikastoletan eta, oro har, hezkuntza- edo kultura-munduan) emakumeek bere egin dute egiteko hori.

Egindako lanak ez du ondoren merezitako gizarte-aitortzarik jaso, ordea. Euskalgintzaren erdigunean gizonezkoak daude nagusiki, eta horiek finkatzen dituzte diskurtsoak eta politikak. Emakumezkoak bigarren mailan ikus ditzakegu, eta euren ekarpena funtsezkoa bada ere (euskalgintzako erakundeetan emakumeen presentzia nabarmena da), euren lanak ikusgaitasun txikiagoa du. Horretan, eta ozen esan dezakegu, euskalgintza ez dela salbuespena.

Hizkuntzak, komunikaziorako tresna aberasgarria izatetik harago, komunitate baten mundu-ikuskeraren, balioen, kulturaren eta gizarte-egituren isla dira. Egunerokoan erabiltzen ditugun hitzen eta kontzeptuen atzean, beraz, gure komunitate linguistiko-kulturalaren ideologia, sinesmenak, jokaerak eta antolamendu-egiturak daude. Ikuspegi horretatik, ama-hizkuntza kontzeptuak garbi adierazten du historikoki rol eta funtzioen banaketa nola gauzatu den gure hizkuntza-komunitatean: bizitza birsortzearen edota gizarteko lan erreproduktiboaren erantzukizuna emakumearen gain egon da, eta gizonaren gain, berriz, lan produktiboa. Gainera, bi eremu horiek erabat bereizita egon dira: lan erreproduktiboa eremu pribatura mugatu da, etxeko teilatupera, eta nolabait isilpean egindako lana izan da, oihartzun edo balio sozial handiegirik ez zaio eman; lan produktiboa eta gizarte-lana, berriz, plaza publikoaren erdigunean egon dira eta horietan gizonezkoak aritu dira, batez ere.

Euskararen biziberritze-prozesua ere gizarte-funtzioen banaketa horren isla da, hein handi batean. Bizitza birsortzeko zereginaren baitan kokatu da hizkuntzaren transmisioa. Ibilbide horretan, praktikatik abiatuta, hizkuntzaren jabekuntza, erabilera eta motibazioa lantzeko ezagutza baliagarria metatzen joan dira emakumeak, baina apenas egin dugu horren bilketarik edo transmisiorik. 

Transmisioari buruz ari garelarik, azken urteetako gizarte-aldaketek eta ikerketa soziolinguistikoek kontzeptu hori birpentsatzeko beharra azaleratu dute, orain arteko ikuspegia zurrunegia izan delakoan edota egungo gizartearen konplexutasunari erantzuten ez diolakoan.

Birformulazio hori hizkeratik bertatik abiatu beharko genuke seguru aski. Ama-hizkuntza diogunean, zer adierazi nahi dugu gaur egun? Zer ideologia, gizarte-egitura eta pentsamolde islatzen ditu? Batetik, familia-ereduak aldatzen ari dira, eta familia guztietan ez dago orain arte ama moduan izendatzen genuen figurarik. Bestetik, amek seme-alaben zaintzan betetzen duten funtzioan bilakaera bat egon da, aitatasun-eredu berriak garatzen ari dira, eta zaintza-lanetan erantzunkidetasuna dugu gaur egungo gizarte-balio desiragarrietako bat.

Ikuspegi horretatik, agerian geratu da hizkera bera egungo errealitatera egokitzeko beharra dugula. Zentzu horretan, lehen hizkuntza edo etxeko hizkuntza erabiltzen hasi dira azkenaldian. Baina egungo hiztunen tipologiaren aniztasunerako egokiak al dira? Zein da gurasoek euskararik jakin ez eta 4 hilabeterekin D ereduko haur-eskolara doan haurraren lehen hizkuntza?

Hizkeratik harago, euskal soziolinguistikara ekarpen teoriko-metodologiko berriak ere ailegatu dira azken urteotan, egungo egoera soziolinguistikoaren konplexutasuna kudeatzeko argi berriak eskain ditzaketenak. 

  • Transmisioan eragiteko modu berriak proposatzen dituztenak. Orain arte goitik beherako ikusmoldea nagusitu da transmisioaz ari ginenean, eta hor gurasoak eragile eta haurrak subjektu pasibo moduan ageri zaizkigu. Haurrak, ordea, familiako ekosistemaren parte dira eta bertako hizkuntza-dinamikan eta -praktikan eragile aktiboak dira eta izan dira historikoki. Halaber, gurasoek etxetik kanporako hizkuntza-kudeaketan ere rol aktiboagoa joka dezakete, seme-alabek parte hartzen duten bestelako praktika-komunitateetan eraginez. Ikuspegi horretatik, interesgarria da Jone Miren Hernandezek gureratu duen Family Language Policy-k proposatzen duena: familiak hizkuntza-politikarako eta -plangintzarako komunitate aktibo bihurtzea.
  • Transmisioaren kontzeptua zabaldu eta euskararen jarraipena bermatzeko, begirada hizkuntzaren sozializazioan ipintzea proposatzen dutenak. Ikuspegi zabalagoa, konplexuagoa eta dinamikoagoa eskaintzen du hizkuntzaren sozializazioak: hiztunak gizarte-bizitzan non parte hartzen duen, eremu horiek hartzen ditu kontuan (etxea, eskola, aisialdia, lagun-taldea); eremu horiek elkarreraginean daudela aitortzen du; harremanak bi norabidetan garatzen direla ulertzen du (goitik beherakoa, behetik gorakoa eta ezker eskuinekoa); hizkuntzaren erabilera ez dela estatikoa onartzen du, eta taldearen, egoeraren arabera aldagarria dela; etab. Paula Kasares izan da, nagusiki, 80ko hamarkadan Estatu Batuetan garatzen hasi zen hizkuntza-sozializazioaren ikuspegia Euskal Herrira ekarri duena.

XXI. mendeak euskararen garapenerako bide berriak urratzeko beharra azaleratu digu, gure hizkuntzaren biziberritzean modu eraginkorragoan eragiteko. Eta hor erantzunkidetasunaren kontzeptua gakoa izango delakoan gaude, bi norabidetan: batetik, familiaren barruan hizkuntza-transmisio eta -kudeaketari begira emakumezkoen eta gizonezkoen arteko erantzunkidetasun handiagoa; bestetik, eremu pribatuaren (familiaren) eta publikoaren (administrazioaren nahiz gizarte-eragileen) arteko erantzunkidetasun handiagoa. Hori guztia, noski, euskararen biziberritze-prozesuaren katean, katebegi bakoitzari egindako ekarpena aitortuz. 

Kategoriak Elhuyar, Emakume eta gizonen berdintasuna, Hizkuntza zerbitzuak | Erantzun

«Ortotipografia (eta beste)» ikastaroa

Ortotipografia

«Ortotipografia (eta beste)» ikastaroa emango du Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko kide Alfontso Mujikak, EIZIEk antolatuta.

Ikastaroa Bilbon izango da, otsailaren 23an, 24an eta 25ean. Launa orduko hiru saiotan banatuta, ortotipografiari dagokionez euskarazko testu idatzietan kontuan hartu beharreko irizpide eta arauak azalduko dizkie Mujikak ikasleei.

Ortotipografiak elementu tipografikoak erabiltzeko arau eta hitzarmenak biltzen ditu; ortografiaren eta tipografiaren arteko eremuan dabil. Hizkuntza idatziaren alderdi estetikoaz dihardu, nolabait, eta, elementu grafikoen antolamenduaz ari denez, edizio-estiloari ere lotua dago. Alderdi formala da, hizkuntzaren senetik kanpo dagoena eta hizkuntza idatziari baino ez dagokiona.

EIZIEren webgunean aurkituko dituzue ikastaroari buruzko informazioa eta izena emateko argibideak.

Kategoriak Elhuyar | Erantzun

Elhuyar hiztegiak: apustu segurua

Pozik hasi dugu urtea. Euskal gizarteari zerbitzu eraginkor bat eman nahian ari gara lanean, eta, datuak ikusita, badakigu gure hiztegiak lagungarri direla jende askorentzat.

2015ean, 14.020.466 kontsulta egin dituzte erabiltzaileek hiztegiak.elhuyar.eus webgunean, eta kontsulta horien % 98ri eman diogu erantzun bat. Kontsulten % 90ek jaso du ordaina zuzenean, eta bilaketen % 8an kontsulta zuzentzeko proposamena egin dugu (Did you mean…).

Emaitza txukunak dira, txukunak direnez, baina ez gaude bertan goxo geratzeko asmoz! Erantzunik jasotzen ez duen % 2 horri nola erantzun asmatzea dugu erronka.

Etengabe ari gara lanean gure hiztegiak hobetzeko, eta, erabiltzaileoi esker, gure hiztegietako 500 bat sarrera eguneratu, osatu, berritu, aldatu, sortu… ditugu 2015ean. Iruzkin eta proposamen asko jasotzen ditugu, eta ez dugu nahi beste baliabide guztiei berehala erantzuteko, baina 2016an ere jarraituko dugu lanean, gogotsu, gure hiztegiak etengabe eguneratzen, osatzen eta hobetzen.

Hiztegiak_elhuyar_eus

Kategoriak Elhuyar | Etiketak , | Erantzun

Prestakuntza-pilulak

Prestakuntza-pilulak dira euskaraz eroso jarduteko produktu bat, arina eta zehatza. Pilulak erabiltzen ditugu aurrez detektatu dugun hizkuntza-arazo baten gainean eragiteko. Pilulen helburua da euskaraz jardutean sortzen zaizkigun zalantzak uxatzea.

Pilulak, gure ustez, merkatuan dagoen hutsune bat betetzera datoz:

1. Ez genuen topatu enpresen ezaugarrietara egokitutako modu horretako produkturik. Enpresetako adibideak, egoerak… azaltzen dituenik.

2. Ohiko euskalduntzearen eskaintza eta erritmoa ez datoz bat enpresetako langileen beharrekin edo gaitasunarekin, langileentzako gogorrak dira oso.

3. Ikasitakoa lanean erabili ahal izateko behar izaten da denbora oso luzea. Aditz-taulak jakitea, erlatibozko esaldiak eta zehar-galderak bereiztea, zozoak txor-txor egiten duela jakitea… beharbada garrantzitsua izango da, baina hori jakin barik ere idatz daiteke mezu bat zuzen eta egoki.

Hortaz, pilulek enpresen eta erakundeetako pertsonen errealitateari erantzun gura diote. Ez datoz ezer ordezkatzera, astean hamar minutuk ez dute euskaltegietako asteko hamar orduen eraginik izango, baina behar dugun horretan hobetzen lagunduko digute.

Nork bere mailara egokitzen ditu pilulak. Gutxi dakienak eta asko dakienak, biek izango dute zer ikasia, A2 maila duenak eta C2 atera zuenak, nork bere mailan.

A2ra heltzen ez direnentzako ere beste pilula batzuk sortu ditugu, euskara jakin ez arren, euskarara hurreratu gura dutenentzako. Pilula horiek gaztelaniaz formulatzen ditugu, helburu dute euskararik ez dakiten horiei euskarara hurreratzeko aukera ematea. Irakastea mezu elektronikoetan kortesiazko agurrak zelan egiten diren, datak gutunetan zelan idazten diren, zenbakiak, zenbait lokuzio edo esamolde…

Pilulen hartzaileek erakundearekin adostutako egunean eta orduan mezu elektroniko bat jasotzen dute: txantiloi batean modu erakargarrian maketatutako azalpen labur bat. Horretaz gain, ikasitakoa lantzeko ariketa bat egiteko aukera izango du hartzaileak. Ariketak berak emango dio erantzunaren eta hutsaren berri.

Ariketa jasotzeko modu bi dago: artxibo erantsi gisa edo esteka baten bidez. Estekak bideratuko gaitu erakundearen intranetera edo web-orrira. Han kokatuta izango dugu ariketa. Bigarren aukera horrek segimendurako atea zabaltzen digu. Azter dezakegu zenbat pertsonak egin duen ariketa, non egin duen huts…

Pilulek, gura izanez gero, badute zerbitzu osagarri bat: Zalantzontzia. Zalantzontzia da pilulek argitzen ez duten hori argitzen laguntzeko eta zuzen eta egoki bidali gura den mezu edo gutun hori zuzentzeko eta egokitzeko zerbitzua, hizkuntza-irizpideen gaineko iritzia emango duen zerbitzua, hizkuntza aldetik zer betekizun dagoen jakinaraziko duen zerbitzua. Helbide elektroniko batera mezu bat bidalita egiten da.

Hona hemen pilulen adibide bat:

Elhuyarren prestakuntza-pilulak

Ariketa (sistemak esaten dizu aukeratu duzun erantzuna zuzena den eta zergatik):

Sartu ariketan

Elhuyar-prestakuntza-pilulak-ariketa

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak | Etiketak | Erantzun