Nelson Mandela: Pertsona bati ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu, |
Saldu edozein hizkuntzatan egin daiteke, baina erosi… nahiago izaten dugu nork bere hizkuntzan. Hurbiltasuna, konfiantza… ematen digu nori bere hizkuntzak. Hala frogatu dute hainbat ikerketak.
Gizarte gero eta eleaniztunagoan bizi gara, eta dagoeneko ez ditugu etxe alboko dendan egiten erosketak beti, baina badakigu hurbilekoa, etxekoa, gurea estimatzen. Eta hizkuntzaren erabilerak zeresan handia du horretan.
Enpresek badakite hori, eta ahalegin handia egiten dute komunikazio-hizkuntza bezeroenera gerturatzeko, baina ez beti behar bezala.
1.- Batzuetan, enpresa bera gai da hizkuntza bat baino gehiago ondo erabiltzeko. Hala bada, aurrera! Testuak itzuli behar badira, ordea, itzultzaile profesional batengana jo behar da. Bi hizkuntza jakitea ez da nahikoa haien arteko itzulpenak egiten jakiteko. Kalitateko itzulpenak egiteko, itzultzaileak trebakuntza eta eskarmentua behar ditu. Eta itzultzaile bakoitzak bere ama-hizkuntzara soilik itzuli behar du.
2.- Jatorrizkoa: kalitatea, formatua… Jatorrizko testu txarretatik nekez aterako dira itzulpen onak. Itzultzera bidali aurretik, testuak berrikustea komeni da, eta egin beharreko aldaketa eta zuzenketak itzultzen hasi aurretik egitea. Bestalde, itzultzaileari testua formatu elektroniko editagarriren batean bidaltzeak asko errazten, azkartzen eta, beraz, merkatzen du lana. Irudietan, adibidez, kasu askotan, itzultzaileak ezin du eskurik sartu.
3.- Zentzuzko epeak jarri. Txosten bat idazteko hilabeteak behar izan baditugu, ezin dugu pentsatu egun batetik bestera itzul daitekeenik. Publizitate-eslogan bat, esaldi bakarrekoa izan arren, ez da beti minutu gutxi batzuetan itzultzeko modukoa. Lanaren bolumenak, teknikotasunak edo konplexutasunak eragina dute itzulpen-lanean, eta hori kontuan hartu behar da epea jartzeko garaian.
4.-Itzulpen bereziak: testu teknikoak. Testu teknikoak itzultzeko, garrantzitsua da itzultzailea, itzulpengintzan trebatua egoteaz gain, aditua izatea arlo horretan, terminologia eta egitura bereziak erabili beharko baititu.
5.- Itzulpen bereziak: publizitatea. Publizitate-testuak eta -esloganak itzultzea ertz askoko lana da. Normalean, denborarekin eta asko pentsatuta, irudiekin ondo lotuta… sortzen dira publizitate-testuak, eta hizkuntza batean funtzionatzen duten hitz- eta irudi-jokoek ez dute beti parekorik beste hizkuntza batzuetan. Horrelakoetan, itzulpena sorkuntza-prozesu osoan kontuan hartzea da egokiena. Bestela, itzultzaileari sortzeko denbora eman behar diogu, emaitza txukuna lortuko badugu.
6.-Bezeroaren irizpideak, irudiak eta informazio osagarria. Itzultzaileak zenbat eta informazio gehiago izan itzulgaiari buruz, are hobeto egingo du lana. Horregatik, garrantzitsua da eskura dagoen material osagarri guztia ematea: irudiak, aldez aurretik erabakitako irizpideak edo termino-zerrendak… Halaber, komeni izaten da itzulgaiaren testuinguruaren berri ematea: zer helburu duen, norentzat den…
7.- Itzulpen automatikoak. Gaur egun, makinek ere egiten dituzte itzulpenak, itzulpen automatikorako hainbat tresna daude sarean, baina haien emaitza nekez izango da giza itzultzaile trebatu batek emango digunaren parekoa, eta are gehiago zenbait hizkuntza-bikotetan, hala nola euskara tartean denean. Horrelako baliabideren bat erabiltzen badugu, ezinbestekoa izango da postedizioa, hau da, gizaki batek makinaren lana zuzentzea. Kasu batzuetan, ordea, behar dugun hizkuntza-bikotean itzulpen automatikoa oraindik oso aurreratua ez dagoelako, testua oso teknikoa delako, edo zentzu bat baino gehiago izan ditzakeelako, adibidez, merkeago ateratzen da zuzenean itzultzaile batek itzultzea gero makinaren lana zuzentzea baino.
8.- Itzulpena makina batek egin beharrean pertsona batek egiteak ez du esan nahi lana eskuz egingo duenik. Horretarako daude OLI tresnak (Ordenagailuz Lagundutako Itzulpenak egiteko tresnak). Gaur egun, itzulpen-memoriak baliatzen dituzte itzulpen-enpresa ia guztiek. Hala, lehendik itzulitako testu-zatiak aprobetxatzen dira. Horrek azkartu egiten du lana, eta laguntzen du itzulpen berriek aurrekoekiko koherentzia gorde dezaten. Gainera, itzulpen-memoriak termino-bikoteen datu-baseekin elika daitezke, datu-base horretako termino bat agertzen den bakoitzean berdin itzultzeko, hala nahi badugu.
9.- Edizioa edo maketa berrikusi. Itzultzen bukatu eta gero, testua editatu edo maketatu behar bada, behin betikoa atera aurretik, komeni da emaitza itzultzaileak berrikustea, gerta baitaiteke testu eta irudien ordena bat ez etortzea jatorrizkoan eta itzulpenean, adibidez, edo hizkuntza-akatsen bat sortzea maketatzean.
10.- Itzultzaileekiko leialtasuna koherentziaren berme da. Beti itzultzaile-talde berarekin lan egiteak emaitza hobetzen du, itzulpenen koherentzia bermatzen baitu. Gainera, hornitzaileak bezeroaren irizpideen, gustuen… berri badu, are bezeroaren gustukoagoa izango da azken emaitza.