“Euskara Zerbitzuko langileak ezin dira udaleko beste alorretako lankideei kontu eskean ibili, eginkizun hori politikariena da, baina, politikariak 4 urtean behin aldatzen dira eta ez dute enfrentamendurik nahi langileekin”. Halaxe esan zuen 2015eko Udaltopeko topaketetan teknikari batek. Eta egia da, euskara eta gaztelaniaren arteko harremana, horrelaxe bizi dugu askotan, enfrentamendu gisa; batek irabazten duena, besteak galdu behar! Baina, kontuz! Guztion hizkuntza eskubideak errespetatu behar ditugu! Zein da, orduan, konponbidea? Elebitasun simetrikoa.
Beste ezer baino lehen, bi kontu. Batetik, enfrentamenduaren ildotik urratsak egiteko bidea motza iruditzen zait, ahalegin handia eskatu eta etekin txikia ematen duena. Bestetik, elebitasun simetrikoa, euskararen aldeko urratsak egiteko baliagarria izan arren, uste dut aspergarria eta nekagarria dela sistematikoki erabiltzea edo erabili nahi izatea. Are gehiago, nire ustez, euskarak aurrera egin dezan, gainditu beharreko irizpidea da, zenbaitetan.
Euskararen normalizazio prozesuan, besteak beste, batzorde teknikoak sortzen dira, euskararen egoera zein den aztertu eta hizkuntza-irizpideak ezarri. Teknikariei mugarri hauxe jartzen zaigu: prozesua erabat kontrolpean izatea; inor ez mintzeko, hautsik ez harrotzeko, bazterrak ez nahasteko. Hortik aurrera, ezin dugu ezer ere egin, ezin dugu muga hori zeharkatu. Horrela, bada, beldurrak itota bizi gara askotan euskara-teknikariak eta ordezkari politikoak; mamuz inguratuta beste batzuetan; ez beti.
Batzorde teknikoak sortzeko arazorik ez da izaten gehienetan. Bertan landu eta erabakitzen dugu dokumentuak euskaraz, gaztelaniaz edo ele bietan egon behar duten; euskaldunez osatutako bilera bat euskaraz egingo den, edota erdaldunen bat tartean badago, sarreratxoa euskaraz egingo ote dugun…
Baina, nire ustez, bada tartean egin behar dugun beste urrats bat. Izan ere, euskararen normalizazio-prozesuaren ardatza ez da euskara, pertsonak baizik, bakoitza bere bizipenen motxila aldean daramala.
Bestalde, giza harremanak jarduera konkretuen inguruan antolatzen dira eta harreman horietan euskarak elementu integratzailea izatea nahi dugu. Horrela, bada, hiztun-komunitateetatik harago jarduera-komunitatean jarri beharko genuke begirada, hau da, talde naturaletan.
Hortxe ditugu, gure inguruan, hainbat talde natural eta jarduera-komunitate. Zergatik ez hobeto baliatu eskura ditugun talde horiek, sail bateko langileak, ikastetxe bateko klaustroa, kiroldegietan sortzen diren taldeak…, euren arteko harremanez hitz egiteko, euren arteko harreman-hizkuntzen inguruan, euren bizitzaz eta hizkuntza bakoitzak betetzen duen lekuaz?
Ahal badugu, ongi ezagutu behar dugu euskararekiko eta beste hizkuntzekiko zer sentitzen duten eta sentimendu horien atzean zer pentsamendu eta bizipen dauden, hizkuntza-terapia egin, euskararen aldeko hizkuntza-jokaera berriak sustatzeko.
Euskarari buruzko jarrera eta iritzien inguruan inkesta egin berri du Eusko Jaurlaritzak. Interesgarria, zalantzarik gabe. Baina, emaitza horien atzean zer dagoen eta politikoki zuzena den horretatik harago joateko, espazio gehiago behar ditugu. Ezinbesteko espazioak, elkar ulertu eta normalizazio-bidea guztiok edo ahalik eta jende gehienak, elkarrekin eraiki eta egiteko, gure harremanetarako hizkuntza-eredu berri bat sortzeko.
Baina, oraindik ere, gutxi dira espazio horiek sortzera ausartzen direnak. Kontuz! Gai delikatua! Gai Tabua! Ez pasa mugarria!
Gure esperientzia aintzat hartuta, espazio horiek baliatuta lortu dugun emaitza ez da antzua izan; aitzitik, euskararen normalizazioan aurrera egiteko baldintza hobeak jarri ditugu.
Espazio horiek ondo baliatzea dagokigu euskara-teknikarioi. Besteei zer egin behar duten esatea baino, teknikarioi dagokigu euskararen aldeko eragileak izatea, hausnarketa eragitea, guztien eskura informazioa jarri eta trebakuntza eskaintzea. Alegia, herritarrak ahaldundu eta normalizazio-prozesua guztion artean eraikitzeko bidea egiten laguntzea. Eta bide horretan, ordezkari politikoen parte-hartzea ezinbestekoa zaigu, noski.
Hasieran aipatu dut euskara eta gaztelaniaren arteko harremana askotan enfrentamendu gisa bizi dugula. Horri lotuta, Bernardo Atxagari irakurritakoa etorri zait gogora: “Idazle naizenez -eta ez banintz berdin- hizkuntzek garrantzi handia dute niretzat. Denek, ezagutzen ditudan guztiek. Baita erdizka ezagutzen ditudanek ere. Han edo hemen entzun edo esandako hitzek bizitza pusketak ekartzen dizkidate gogora, eta lagundu egiten digute pertsonak eta munduak ulertzen. Halaxe gertatzen zait atta, ama, ebi, eguzki, Pater noster, te amo Gustavo, eres adorable, Vanessa, hypocrisy, hable usted en cristiano eta beste milarekin”.
Irakurgai horretan Atxagak hizkuntzak bizipenekin lotzen ditu eta bizipenak hizkuntzekin. Eta halaxe daude, elkarri lotuta. Horregatik uste dut normalizazio-prozesuaren abiapuntua pertsonak eta euren bizipenak direla; pertsonok pentsatzen eta sentitzen duguna lantzea ezinbestekoa dela. Ikuspegi hau enfrentamendutik urruti ikusten dut; guztiontzat aberasgarriagoa izateaz gain, elebitasun simetrikoaren kontzeptua gainditzen du, eta gainditzea beharrezkoa du euskarak, nire ustez.
Euskarak ez ditu betetzen eta ez ditu beteko gure bizitzako pusketa guztiak. Hiztunaren kontzeptu estatikoa gainditu behar dugu eta norberaren eta taldearen hizkuntza-ibilbidea kontuan hartu. Pertsonak dinamikoak gara. Hizkuntzari dagokionez ere bai. Norberak aukeratu beharko du euskarak zer nolako lekua izango duen bere bizitzako etapa bakoitzean, hizkuntzen arteko bizikidetzatik haratago.
Sor ditzagun baldintzak euskararen aldeko hautua, benetako aukera izan dezagun!