Bizentaren lumak hegaz

Elhuyar Bizentaren Lumak

Dagoeneko bi hilabete pasa dira Bizentaren lumak solas-jolasa jendaurrean aurkeztu genuenetik, eta ordutik hona hainbat izan dira proiektu honekin lotuta egin ditugun ekimenak. Horien artean dago, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatearekin elkarlanean, joan den astean egin genuen ekitaldia.

Emakundek urtero antolatzen duen Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Gunearen XII. edizioaren baitan, Bizentaren lumak solas-jolasa aurkeztu genuen Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, pasa den urriaren 29an, jolas bat aurkez daitekeen modurik egokienean: jolastuz. Guztira 40 ikasle elkartu ziren berdintasunaren gaiaren inguruan solas egiteko. Arrakasta handia izan zuen ekimenak!

Talde txikitan elkartuta, eta aurrez jolasean trebatutako zenbait ikaslek dinamizatuta, ordu eta erdiz emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz jardun zuten gazteek, iritziak trukatzen, hausnartzen eta eztabaidatzen. Horretaz aparte, eta hitz egindakoaren gainean, zenbait konpromiso hartu zituzten norbanako zein talde-mailan; amaieran, talde bakoitzak hitz egindakoak eta adostutakoak gainerako parte-hartzaileei aurkeztu zizkien.

Saioaren nondik norakoak azaltzeko, ondorengo kronika idatzi dute Mondragon Unibertsitateko blogean: http://mukom.mondragon.edu/mygade/2015/10/30/bizentaren-lumak/

Guk ere eskerrak eman nahi dizkiogu Mondragon Unibertsitateko Berdintasuneko lantaldeari, ekimen hau aurrera ateratzeko erakutsi duten interesagatik eta egin duten lanagatik, baita dinamikan parte hartu duten Enpresagintza Fakultateko ikasleei ere, Bizentaren lumak jolasaren hegoak astintzen jarraitzeagatik.

Bukatzeko, jolasa probatu nahi baduzue, Bizentaren Lumak webgunean aurkituko duzue horretarako beharrezkoa den materiala, argibideekin: http://bizentarenlumak.elhuyar.eus/

Kategoria: Elhuyar, Emakume eta gizonen berdintasuna. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>