Udalean lan egiteko modu berriak

Urteak daramatzagu udalekin eta udaletan lanean, oso proiektu desberdinetan, baina sarritan entzun izan ditugu antzeko iritziak, udalen izaera eta funtzionamendua dela-eta: “Herritarrek urrun sumatzen dute udala”, “Udalak bere martxan funtzionatzen du, eta ez da erraza ezer aldatzea”, “Udaletxean bakoitza berera doa, nekeza da elkarlanean jardutea”… Azkenaldian, ordea, gero eta gehiago dira egoera horri buelta emateko ahaleginak, udaletan lan egiteko modu berriak urratzeko, sarritan errepikatzen diren hitzekin: zeharkakotasuna, elkarlana, eraginkortasuna, ardurakidetza… Aldaketarako, ordea, beharrezkoa da geldialdia egin eta horretaz hausnartzea, hobetzekoak identifikatu eta etorkizunean pixkanaka martxan jartzea. Halaxe egin dugu Usurbilgo Udalean.

Usurbilgo Udala

Usurbil herri ertaina da, bai azaleran (25 km2), baita biztanle-kopuruan ere (6.225 lagun). Horrela, herri ertain bati dagokion udal-egitura eta langileak dauzka, guztira 70 lagun inguru ari dira lanean, ohiko sail eta zerbitzuekin; bada, ordea, berezitasun nabarmen bat: herri-langileen brigada; izan ere, beste herri askok ez bezala, Udalak mantendu eta indartu egin du herri-lanetarako taldea (20 langile inguru dauzka), eta herritarrari ohiko zerbitzuak emateaz arduratzen da (kale-garbiketa, ura, argindarra, lorategiak…).

2015eko udal-hauteskundeen ondoren, Gobernu Talde berriak Usurbilgo Udalean lan egiteko era berriak landu eta ezarri nahi izan zituen, eta horretarako berariazko partaidetza-prozesua jarri zuen abian, besteak beste, bi helburu hauek bete nahian:

  • Hauteskunde-programatik abiatuta hurrengo lau urteetarako gobernu-programa egokitzea, legealdiaren norabidea markatzeko.
  • Udalean funtzionatzeko eta lan egiteko beste era batzuk lantzea, etorkizunean Udalaren jarduna horietan oinarritzeko.

Prozesu horretan, lanean aritu ginen Gobernu Taldeko zinegotziekin eta udal-teknikariekin eta -langileekin, bi gune nagusitan: Gobernu Taldeko zinegotziak, batetik, eta sailetako edo zerbitzuetako teknikariak eta langileak, bestetik; halaber, nolako izaera eta garrantzia daukan kontuan izanik, brigadarekin aparteko prozesua bideratu genuen. Ohi bezala, Talde Eragilea eratu genuen, udal-langileez eta zinegotziez osatua, prozesua behar bezala bideratzeko, motor-lanak eta segimendua egiteko. Guztiekin ere antzeko urratsak egin genituen:

  • Elkarrekin egoera aztertu, eguneroko laneko zailtasunak eta oztopoak identifikatu.
  • Oztopoak eta zailtasunak gainditzeko proposamenak egin.
  • Etorkizunean zer balioren gainean lan egin nahi zuten finkatu (bai barrura begira, bai herritarrei begira.
  • Lanerako eredu berria proposatu, zeharkakotasunean, elkarlanean eta ardurakidetzan oinarrituta.
  • Hautetsi-langile bakoitza ereduaren baitan kokatu, zer zegokion eta non eta zertan hartu behar zuen parte.

Halaber, talde bakoitzak aztertu zuen nolako harremanak zeuzkan besteekin (hautetsiekin, teknikariekin-langileekin eta herritarrekin), baita non edo zertan hobetzea zeukan ere.

Prozesuaren amaieran, bi emaitza nagusi hauek lortu genituen:

  • Lau urterako Gobernu Programa, non adierazita dauden, arloz arlo, helburuak, ekintzak, lehentasuna, zeharkakotasuna, arduradunak, epeak…
  • Lan egiteko era berria, elkarrekin, ardurakidetzan eta zeharkakotasunez jarduteko etorkizunean. Horretarako, hainbat egitura proposatu ziren lanerako: antolaketa-bilera orokorra, sailen arteko berariazko taldeak, sailetako bilerak, koordinazio-batzordeak…

Baina honelako prozesuetan sarritan gertatu ohi denez, emaitza bezain garrantzitsua (edo garrantzitsuagoa) izan zen elkarrekin egindako bidea: hautetsiak eta udal-langileak elkarlanean aritzea, elkar ezagutzea, elkarren berri izan zuten eta elkarrekin adieraztea egunerokoan dauzkaten arazoak eta konponbideak.

Erreminta eta eredu horiek asmo edo borondate garbi baten adierazle dira, baina orain dator zailena: martxan jartzea. Izan ere, hausnartzeko denbora hartu behar den bezala, abian jartzeko ere denbora hartu behar da.

Egileak: Idoia Aldekoa Ondarra eta Imanol Azkue Ibarbia (Elhuyar Aholkularitza)

Kategoriak Elhuyar, Partaidetza | Erantzun

HAPOa eta eragin linguistikoa Orio

Mirenen marrazkia

Orioko Udala Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (gaztelaniaz PGOU) lantzen ari da. HAPOaren bidez, Orioko lurraldea antolatu egiten da, hurrengo urteetan lurzorua nola edo zertarako erabiliko den definitu edo arautuko da. Plana lantzeko eta onartzeko urrats jakin batzuk egin behar dira, eta erabakiak hartu aurretik, Orioko Udalak komenigarritzat jo zuen Planaren eragin linguistikoa ere neurtzea, kontuan izateko. Izan ere, azken urteetako Orioren bilakaerari begiratuta, bazegoen kezkatzeko arrazoirik: biztanleria asko handitu da azken urteotan (hamahiru urtean % 30 hazi da, hau da, urteko % 1,92), eta oriotarren euskarazko hizkuntza-gaitasunak behera egin du proportzioan.

Behin proiektuaren ardura geureganatuta, eragin linguistikoa ebaluatzeko, Ebaluazio Taldea sortu genuen, hiru euskarri nagusiren gainean: Orioko Udala (udal-arkitektoarekin eta euskara-teknikariarekin), UEMA (teknikari batekin) eta  bideratzaileok (Projektako arkitekto batekin eta Elhuyar Aholkularitzako bi teknikarirekin); gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eta babesa izan genuen une oro.

Orioko HAPOa, berez, oso plan mardula da, baina batez ere bost proiektu nagusi daude: Mutiozabal, Dike, Palotak, Frontoia eta Aizperro; horietako gehienetan etxebizitza berriak egitea aurreikusten da, proiektu bakoitzean bi edo hiru aukerarekin. Horrela, Ebaluazio Taldean proiektu nagusiak banan-banan aztertu genituen. Lanerako ELE tresnaz baliatuta ginen: hasteko, hausnartu ea proiektuek hizkuntza-txostena behar zuten; gero, proiektu bakoitzarekin galdetegi zehatza bete genuen; azkenik, puntuazioen taulak bete eta ondorioak atera genituen. Halaber, hiru indize lagungarri ere kalkulatu genituen: hauskortasun-indizea (esku-hartzeak egoera soziologikoa nola hauts dezakeen), eraginaren indizea (ekintzek hizkuntzan izango duten eragina) eta proiekzio-indizea (bizitegi-asentamendu berriek euskararen ezagutzan izango duten eragina). Horrela, lanaren amaieran, hainbat ondorio nagusitara iritsi ginen:

  • Etxebizitza berriak eraikitzeak, oro har, biztanleria handitzea dakar, eta horrek eragina izan dezake euskararen ezagutzan eta erabileran.
  • Eragina, berriz, maila desberdinekoa izan daitekezenbait faktoreren arabera: etxebizitza-kopurua, etxebizitzak eraikitzeko eta merkaturatzeko sistema (babes ofizialekoak, libreak…), etxeekin batera egingo diren ekipamenduak eta dotazioak…
  • Bestelako alderdi batzuek ere eragin handia izan dezakete, onerako zein kalterako: inguru degradatu bat berreskuratu eta herritarrentzat erabilgarri jartzea, ondare historikoa berreskuratzea, lanak denak batera egitea edo pixkanaka denboran luzatzea, dotazio publikoen izaera eta ezaugarriak, herritarrak elkarrekin harremanetan sortzeko lekuak sortzea…

Aztertutako proiektuek hizkuntzan eragina izan dezaketenez, kalteari aurrea hartzeko edo arintzeko hainbat neurri hartzea proposatu genituen. Nolanahi ere, neurrietako asko dagoeneko martxan dauzka Orioko Udalak, Euskararen Plan Estrategikoaren barruan: harrera-plana, herritarren artean harremanak sustatzeko ekintzak, euskara ikasteko edo hobetzeko baliabideak, Orioko hizkera prestigiatzeko ekintzak, Orioko curriculuma… Hirigintzako neurrietan, berriz, bereziki nabarmentzekoak dira elkarbizitza sustatzeko ekintzak: espazio publikoen eta ekipamenduen sarea planifikatzea, haurrek eta gazteek  erabiltzen dituzten dotazioak indartzea, espazio publikoei eta ekipamenduei funtzio anitzak ematea adin desberdineko pertsonak nahasteko, etxebizitza-eraikinetan bizilagunen arteko harremanak sortzeko espazioak sortzea…

Gure esperientziaro begiratuta, uste dugu ELE tresna baliagarria dela Hirigintzak hizkuntzan izan dezakeen eragina mahai gainean jartzeko eta neurtzeko. Orion era intentsiboan probatzeko aukera izan dugu (bost proiektutan, eta horietako bakoitzean aukera bat baino gehiagorekin), eta ikusi dugu tresnak badituela oraindik zenbait alderdi doitzeko edo egokitzeko:

  • ELEak batzuetan oso datu zehatzak eskatzen ditu, eta HAPOa orokorregia da horiei erantzuteko.
  • Galdera batzuen formulazioa ez da komeni bezain argia, eta mugatzaile edo determinatzaile batzuk egokiago definitu beharra dago.
  • Puntuazioetan, komeni da hierarkizazio edo mailakatze handiagoa; izan ere, garrantzi oso desberdineko galderen erantzunek eragin berbera dute puntuazioetan.
  • Hirigintzako epeak eta ELEan planteatzen direnak desberdinak dira, Hirigintzakoak luzeagoak baitira.
  • Balorazio kualitatiboetan nabarmen ikusten diren alde eta eragin batzuk ez dira islatzen behar bezain garbi puntuazioetan.
  • Parametro batzuen kontzeptuak antzekoegiak dira, eta ez da erraza bereiztea.

Duela egun gutxi, Gasteizko Legebiltzarrak onartu berri du Udal Lege berria, eta horren baitan jasota geratu da EAEko udalek etorkizunean hirigintza-proiektu eta -planen eragin linguistikoa nahitaez ebaluatu beharra. Horrek betebehar eta aukera berriak zabaltzen ditu, eta, seguru asko, hemendik aurrera askoz ere ezagunagoak egingo zaizkigu HAPOen ELEak.

Oharra: ebaluazioaren txostena eskuratu nahi izanez gero, egin klik hemen.

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak, Partaidetza | Etiketak | Erantzun

Euslan: euskara bikaintasunerako gakoa

Euslan: euskara bikaintasunerako gakoa

Enpresa-planez, euskara-planez eta antzekoez hitz egiten hasten garenean, Elay enpresa izaten da lehenik aipatzen den izenetako bat. Izan ere, egunerokoan euskaraz funtzionatzen duen eta lan-hizkuntza euskara duen enpresa erreferentea izatea lortu du Antzuolako Elayk; baina ez da bakarra, noski.

Badaude beste hainbat enpresa eta erakunde momenturen batean euskara-plana martxan izan dutenak, euskara landu izan dutenak edota euskara lantzen jarraitzen dutenak. Ia 500 enpresa edo erakunde dira noizbait euskara-plana izan dutenak, eta enpresa horietan ere landu dira euskaraz funtzionatzeko oinarriak, batzuetan maila apalagoan eta beste batzuetan garatuagoan.

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ustez, enpresa horietatik guztietatik, ordea, bada industria-arloko talde bat egoera aurreratuan dagoena, bikaintasunerako salto kualitatiboa emateko prest dagoena, eta enpresa horiei begira sortu zuen 2015eko azken hiruhilekoan Euslan proiektua.

  • Zer enpresak hartzen dute parte Euslanen?

- Industria-arloko 12 enpresak. Euskara lantzen hainbat urte daramatzaten enpresak, guztiak ere: Batz, Cikautxo, Copreci, Danobat, Eika, Elay, Erreka, Goizper, JMA, Maier, Orkli eta Ulma. 8 enpresa Gipuzkoakoak eta 4 enpresa Bizkaikoak.

  • Zein da Euslan egitasmoaren helburu orokorra?

- Enpresa horietan lanerako hizkuntza gisa euskara gero eta gehiago erabiltzeko prozedurak eta praktikak diseinatu eta gauzatzea, barrura eta kanpora begira, ahozkoan, idatzizkoan eta hizkuntza-paisaian.

  • Zer konpromiso hartu dituzte enpresek?

- Enpresa barruko ahozko eta idatzizko lan-harremanei eta hizkuntza-paisaiari dagozkien parametroetan euskararen erabilera % 90era iristea edo gutxienez % 20ko hobekuntza izatea 2017. urtean.

- Urrezko edo zilarrezko Bikain izatea, edo 2017. urtean lortzeko konpromisoa hartzea.

  • Zer ildo lantzen ditu Euslan egitasmoak?

Enpresaren Hizkuntza Politika Orokorra kudeaketa-sisteman txertatzea, hau da, emandako aurrerapausoetan atzera ez egiteko sistema martxan jartzea.

Komunikazio-planak lantzea eta langileen ezagutza-mailaren arabera langileentzako komunikazioa prestatzea. Hau da, enpresa hauek langileentzako prestatzen dituzten komunikazio orokorrak ez izatea langile guztientzat ele bietan. Langileen euskara-ezagutzaren arabera, langile euskaldunekin euskara hutsean komunikatzea, eta hitz egin ez, baina ulertzen duten langileekin ere euskara hutsean komunikatzea, nahiz eta eurek gaztelaniaz erantzun. Euskaraz ulertzen ez duten langileei, aldiz, komunikazio pertsonalizatua gaztelaniaz (ahoz edota idatziz) emango zaiela ziurtatzea.

- Euskara ikasteko ikasketa-planak erabilera-planarekin uztartzea. Adibidez, euskara ikasten ari diren langileei erabilera-talde bat antolatzea. Erabilera-talde horretan langilearen arduraduna eta hainbat lankide elkartuko dira eta eguneroko lanean euskara ikasten ari den langilearekin hainbat ekintza ahoz edo idatziz euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute. Ikasturte amaieran, euskaltegiko irakasleak, erabilera-taldeko partaideek eta euskara-ikasleak berak konpromisoen betetze-mailaren balorazioa egingo dute, ikasleak ikasturtean zehar egindako aurrerapenen berri jasotzeko eta aurrera begirako ikasketa-prozesua antolatzeko.

- Langile berrien harrera-protokoloak eta kontratazio-politikak egokitzea, eta euskara lan-hizkuntza izateko oinarriak ezartzea.

Sortze-hizkuntzan eragitea eta, bereziki, bileretan ahoz eta idatziz sortzeko aukerak aztertzea.

Trebakuntzan ere ahalegina egitea, ahalik eta barneko edota kanpoko ikastaro gehien euskaraz jaso ahal izateko, baita trebakuntza euskaraz jasotzeko irizpideak zehaztea ere.

- …

  • Nola egiten da lan?

Programaren dinamizazioa eta zuzendaritza Eusko Jaurlaritzak darama, Elay enpresaren eskutik, eta bilera presentzialak egiten dira enpresa bakoitzean, aipatutako ildoak lantzeko.

Horretaz gain, beste hainbat bilera ere egin dira orain arte 2015-2016 epealdian:

- Sistematizazio-saioa 12 enpresetako sistematizazio-arduradunekin. Bilera honen helburua izan zen 12 enpresa hauetan sistematizazioaz arduratzen den pertsonak Elayk euskara bere eguneroko kudeaketan txertatzeko egindako prozesua eta pausoak ezagutzea, eta Euslaneko enpresa bakoitzak Elayko prozesua bere enpresara egokitzeko lehen hurbilketa egitea.

- 12 enpresetako gerenteekin lan-saioa. Euslaneko enpresa guztiak norabide berean doazela ziurtatzeko eta, bide batez, enpresa bakoitzean Euslanen egiten ari den lanaren iritzia arduradunen eskutik ezagutzeko.

- Jarraipen Batzordea urtean behin, Euslaneko enpresa guztiekin batera bilera, elkarren berri zehatza izan dezaten.

Egitasmoaren segimendua egiteko, aldian behin neurketak egingo dira enpresetan, adierazleetan egindako aurrerapenen berri zehatza izateko. Euslan egitasmoa 2017. urtera arte izango dugunez martxan, aurrerago emango dizkizuegu egitasmoaren azken berriak.

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak | Erantzun

25 urte

Mende laurdena, zilarrezko ezteiak, unibertsitatean sartzeko berezko azterketak egiteko adina, UEMAren urteak…

Baina beste efemeride batez ari gara, ordea: euskara-planak enpresetan.

Izan ere, 1991ko irailean diseinatu genuen Elay Taldearen Euskara Plana. Ordura arte oso gauza gutxi egin zen euskarak lan-munduan bere lekua izan zezan: klase batzuk hainbat kooperatibatan, ahozko harreman informaletan baino ez zen erabiltzen euskara… Antzuolako enpresa-talde horrek apustu sendoa egin zuen era planifikatuan euskara eguneroko eginkizunetan txertatzeko, eta garai hartan bidelagun izan zituen Eusko Jaurlaritza (orduko Hizkuntza Politikako Idazkaritza Nagusia, hitzarmen baten bidezlaguntza ematen ) eta Elhuyar Kultur Elkartea (aholku teknikoak ematen). Esan daiteke lan-mundua euskalduntzeko erronka zailean Elay aitzindari izan zela. Hurrengo urteetan beste enpresa batzuk ere hasi ziren euskara modu planifikatuan antolatzen (CAF, Ikerlan, Arlan…) eta ordutik hona, urterik urte igo egin da  euskara-plana onartu duten enpresen kopurua: 1998an, 25 enpresa inguru ari ziren; 2002an, berriz, 60ren bueltan; eta 2006an, 130 baino gehiago; 2016an, azkenik, 500 inguru dira noizbait euskara-planen bat hasi duten enpresak edo garatzen ari direnak.

Urte hauen ondoren, Elay enpresak lortu du lan-hizkuntza euskara izatea, eta, beraien hitzen bidez adierazita, “euskaratik goaz mundura”. Hala ere, lan-munduaren euskalduntzeari dagokionez, eta 25 urte hauetan euskarak lekua irabazi badu ere, oraindik baditugu erronka esanguratsu batzuk:

  • Beharra zabaltzea. 10 langiletik gorako enpresak 10.000 inguru dira Euskal Autonomia Erkidegoan (Dirce, 2011); 500 enpresa inguruk euskara-plana diseinatu eta garatu dute, alegia, % 0.05 inguru. Beraz, oraindik ere bada non eragin eta non sortu beharra. Gainera, enpresek ikusi egin behar dute euskarak balio erantsia eskaintzen diola erakundeari: sormena, lan egiteko moduak, erabiltzaile eta bezeroak gusturago, beste hizkuntza batzuekin lan egiteko esperientzia…
  • Ezagutzatik erabilerara salto egitea. Azken 30 urteotan, lan izugarria egin da helduak eta hezkuntza-sistema euskalduntzen. Diru- eta denbora-inbertsio hori “errentabilizatzea” dagokigu, etekina ateratzea, eta lan-arloa ere ezinbestekoa izango da euskararentzat egindako esfortzua errentabilizatzeko baino ez bada ere.
  • Azkenik, normalizazio-prozesuan emandako urratsetan atzerapausorik ez emateko bideak eta estrategiak landu beharko ditugu: enpresetako euskara-planak hedatu, erreferenteak indartu, praktika onak ezagutu eta egindako lana zabaldu.

Horretaz gain, azpimarratuko nahi dugu, euskara kudeatzeko ahalegina egin duten enpresak abantaila-egoeran daudela mundu zabalera joateko. Izan ere, hizkuntzen kudeaketa aurreratua gaur egun ezinbesteko osagaia da ingurune eleaniztunetan jarduteko eta nazioartean lan egiteko. Euskaratik jaso dugun esperientziatik abiatuta, bide hori egiten laguntzeko ere ondo prestatuta gaude. Lehen euskara-plana diseinatu zenean, orduko kudeaketa-sistemak hartu ziren oinarri, eta, gaur egun ere, praktika eta eredu berritzaileak eta eredugarriak proposatzen dizkiegu enpresei euren erakundeetan euskara txerta dezaten.

Urtemuga honen harira, lehengoan ETBk lekua egin zion efemerideari informatiboetan. Elay eta GKN enpresak bisitatu zituzten eta Elhuyar ere han izan zen. Hemen duzue ikusgai: Enpresetan euskara sustatzeko planek 25 urte bete dituzte

euskara-planak-25 urte-elhuyar

Kategoriak Hizkuntza zerbitzuak | Etiketak | Erantzun