Orioko Udala Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (gaztelaniaz PGOU) lantzen ari da. HAPOaren bidez, Orioko lurraldea antolatu egiten da, hurrengo urteetan lurzorua nola edo zertarako erabiliko den definitu edo arautuko da. Plana lantzeko eta onartzeko urrats jakin batzuk egin behar dira, eta erabakiak hartu aurretik, Orioko Udalak komenigarritzat jo zuen Planaren eragin linguistikoa ere neurtzea, kontuan izateko. Izan ere, azken urteetako Orioren bilakaerari begiratuta, bazegoen kezkatzeko arrazoirik: biztanleria asko handitu da azken urteotan (hamahiru urtean % 30 hazi da, hau da, urteko % 1,92), eta oriotarren euskarazko hizkuntza-gaitasunak behera egin du proportzioan.
Behin proiektuaren ardura geureganatuta, eragin linguistikoa ebaluatzeko, Ebaluazio Taldea sortu genuen, hiru euskarri nagusiren gainean: Orioko Udala (udal-arkitektoarekin eta euskara-teknikariarekin), UEMA (teknikari batekin) eta bideratzaileok (Projektako arkitekto batekin eta Elhuyar Aholkularitzako bi teknikarirekin); gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eta babesa izan genuen une oro.
Orioko HAPOa, berez, oso plan mardula da, baina batez ere bost proiektu nagusi daude: Mutiozabal, Dike, Palotak, Frontoia eta Aizperro; horietako gehienetan etxebizitza berriak egitea aurreikusten da, proiektu bakoitzean bi edo hiru aukerarekin. Horrela, Ebaluazio Taldean proiektu nagusiak banan-banan aztertu genituen. Lanerako ELE tresnaz baliatuta ginen: hasteko, hausnartu ea proiektuek hizkuntza-txostena behar zuten; gero, proiektu bakoitzarekin galdetegi zehatza bete genuen; azkenik, puntuazioen taulak bete eta ondorioak atera genituen. Halaber, hiru indize lagungarri ere kalkulatu genituen: hauskortasun-indizea (esku-hartzeak egoera soziologikoa nola hauts dezakeen), eraginaren indizea (ekintzek hizkuntzan izango duten eragina) eta proiekzio-indizea (bizitegi-asentamendu berriek euskararen ezagutzan izango duten eragina). Horrela, lanaren amaieran, hainbat ondorio nagusitara iritsi ginen:
- Etxebizitza berriak eraikitzeak, oro har, biztanleria handitzea dakar, eta horrek eragina izan dezake euskararen ezagutzan eta erabileran.
- Eragina, berriz, maila desberdinekoa izan daitekezenbait faktoreren arabera: etxebizitza-kopurua, etxebizitzak eraikitzeko eta merkaturatzeko sistema (babes ofizialekoak, libreak…), etxeekin batera egingo diren ekipamenduak eta dotazioak…
- Bestelako alderdi batzuek ere eragin handia izan dezakete, onerako zein kalterako: inguru degradatu bat berreskuratu eta herritarrentzat erabilgarri jartzea, ondare historikoa berreskuratzea, lanak denak batera egitea edo pixkanaka denboran luzatzea, dotazio publikoen izaera eta ezaugarriak, herritarrak elkarrekin harremanetan sortzeko lekuak sortzea…
Aztertutako proiektuek hizkuntzan eragina izan dezaketenez, kalteari aurrea hartzeko edo arintzeko hainbat neurri hartzea proposatu genituen. Nolanahi ere, neurrietako asko dagoeneko martxan dauzka Orioko Udalak, Euskararen Plan Estrategikoaren barruan: harrera-plana, herritarren artean harremanak sustatzeko ekintzak, euskara ikasteko edo hobetzeko baliabideak, Orioko hizkera prestigiatzeko ekintzak, Orioko curriculuma… Hirigintzako neurrietan, berriz, bereziki nabarmentzekoak dira elkarbizitza sustatzeko ekintzak: espazio publikoen eta ekipamenduen sarea planifikatzea, haurrek eta gazteek erabiltzen dituzten dotazioak indartzea, espazio publikoei eta ekipamenduei funtzio anitzak ematea adin desberdineko pertsonak nahasteko, etxebizitza-eraikinetan bizilagunen arteko harremanak sortzeko espazioak sortzea…
Gure esperientziaro begiratuta, uste dugu ELE tresna baliagarria dela Hirigintzak hizkuntzan izan dezakeen eragina mahai gainean jartzeko eta neurtzeko. Orion era intentsiboan probatzeko aukera izan dugu (bost proiektutan, eta horietako bakoitzean aukera bat baino gehiagorekin), eta ikusi dugu tresnak badituela oraindik zenbait alderdi doitzeko edo egokitzeko:
- ELEak batzuetan oso datu zehatzak eskatzen ditu, eta HAPOa orokorregia da horiei erantzuteko.
- Galdera batzuen formulazioa ez da komeni bezain argia, eta mugatzaile edo determinatzaile batzuk egokiago definitu beharra dago.
- Puntuazioetan, komeni da hierarkizazio edo mailakatze handiagoa; izan ere, garrantzi oso desberdineko galderen erantzunek eragin berbera dute puntuazioetan.
- Hirigintzako epeak eta ELEan planteatzen direnak desberdinak dira, Hirigintzakoak luzeagoak baitira.
- Balorazio kualitatiboetan nabarmen ikusten diren alde eta eragin batzuk ez dira islatzen behar bezain garbi puntuazioetan.
- Parametro batzuen kontzeptuak antzekoegiak dira, eta ez da erraza bereiztea.
- …
Duela egun gutxi, Gasteizko Legebiltzarrak onartu berri du Udal Lege berria, eta horren baitan jasota geratu da EAEko udalek etorkizunean hirigintza-proiektu eta -planen eragin linguistikoa nahitaez ebaluatu beharra. Horrek betebehar eta aukera berriak zabaltzen ditu, eta, seguru asko, hemendik aurrera askoz ere ezagunagoak egingo zaizkigu HAPOen ELEak.
Oharra: ebaluazioaren txostena eskuratu nahi izanez gero, egin klik hemen.