Urteak daramatzagu udalekin eta udaletan lanean, oso proiektu desberdinetan, baina sarritan entzun izan ditugu antzeko iritziak, udalen izaera eta funtzionamendua dela-eta: “Herritarrek urrun sumatzen dute udala”, “Udalak bere martxan funtzionatzen du, eta ez da erraza ezer aldatzea”, “Udaletxean bakoitza berera doa, nekeza da elkarlanean jardutea”… Azkenaldian, ordea, gero eta gehiago dira egoera horri buelta emateko ahaleginak, udaletan lan egiteko modu berriak urratzeko, sarritan errepikatzen diren hitzekin: zeharkakotasuna, elkarlana, eraginkortasuna, ardurakidetza… Aldaketarako, ordea, beharrezkoa da geldialdia egin eta horretaz hausnartzea, hobetzekoak identifikatu eta etorkizunean pixkanaka martxan jartzea. Halaxe egin dugu Usurbilgo Udalean.
Usurbil herri ertaina da, bai azaleran (25 km2), baita biztanle-kopuruan ere (6.225 lagun). Horrela, herri ertain bati dagokion udal-egitura eta langileak dauzka, guztira 70 lagun inguru ari dira lanean, ohiko sail eta zerbitzuekin; bada, ordea, berezitasun nabarmen bat: herri-langileen brigada; izan ere, beste herri askok ez bezala, Udalak mantendu eta indartu egin du herri-lanetarako taldea (20 langile inguru dauzka), eta herritarrari ohiko zerbitzuak emateaz arduratzen da (kale-garbiketa, ura, argindarra, lorategiak…).
2015eko udal-hauteskundeen ondoren, Gobernu Talde berriak Usurbilgo Udalean lan egiteko era berriak landu eta ezarri nahi izan zituen, eta horretarako berariazko partaidetza-prozesua jarri zuen abian, besteak beste, bi helburu hauek bete nahian:
- Hauteskunde-programatik abiatuta hurrengo lau urteetarako gobernu-programa egokitzea, legealdiaren norabidea markatzeko.
- Udalean funtzionatzeko eta lan egiteko beste era batzuk lantzea, etorkizunean Udalaren jarduna horietan oinarritzeko.
Prozesu horretan, lanean aritu ginen Gobernu Taldeko zinegotziekin eta udal-teknikariekin eta -langileekin, bi gune nagusitan: Gobernu Taldeko zinegotziak, batetik, eta sailetako edo zerbitzuetako teknikariak eta langileak, bestetik; halaber, nolako izaera eta garrantzia daukan kontuan izanik, brigadarekin aparteko prozesua bideratu genuen. Ohi bezala, Talde Eragilea eratu genuen, udal-langileez eta zinegotziez osatua, prozesua behar bezala bideratzeko, motor-lanak eta segimendua egiteko. Guztiekin ere antzeko urratsak egin genituen:
- Elkarrekin egoera aztertu, eguneroko laneko zailtasunak eta oztopoak identifikatu.
- Oztopoak eta zailtasunak gainditzeko proposamenak egin.
- Etorkizunean zer balioren gainean lan egin nahi zuten finkatu (bai barrura begira, bai herritarrei begira.
- Lanerako eredu berria proposatu, zeharkakotasunean, elkarlanean eta ardurakidetzan oinarrituta.
- Hautetsi-langile bakoitza ereduaren baitan kokatu, zer zegokion eta non eta zertan hartu behar zuen parte.
Halaber, talde bakoitzak aztertu zuen nolako harremanak zeuzkan besteekin (hautetsiekin, teknikariekin-langileekin eta herritarrekin), baita non edo zertan hobetzea zeukan ere.
Prozesuaren amaieran, bi emaitza nagusi hauek lortu genituen:
- Lau urterako Gobernu Programa, non adierazita dauden, arloz arlo, helburuak, ekintzak, lehentasuna, zeharkakotasuna, arduradunak, epeak…
- Lan egiteko era berria, elkarrekin, ardurakidetzan eta zeharkakotasunez jarduteko etorkizunean. Horretarako, hainbat egitura proposatu ziren lanerako: antolaketa-bilera orokorra, sailen arteko berariazko taldeak, sailetako bilerak, koordinazio-batzordeak…
Baina honelako prozesuetan sarritan gertatu ohi denez, emaitza bezain garrantzitsua (edo garrantzitsuagoa) izan zen elkarrekin egindako bidea: hautetsiak eta udal-langileak elkarlanean aritzea, elkar ezagutzea, elkarren berri izan zuten eta elkarrekin adieraztea egunerokoan dauzkaten arazoak eta konponbideak.
Erreminta eta eredu horiek asmo edo borondate garbi baten adierazle dira, baina orain dator zailena: martxan jartzea. Izan ere, hausnartzeko denbora hartu behar den bezala, abian jartzeko ere denbora hartu behar da.
Egileak: Idoia Aldekoa Ondarra eta Imanol Azkue Ibarbia (Elhuyar Aholkularitza)