Mende laurdena, zilarrezko ezteiak, unibertsitatean sartzeko berezko azterketak egiteko adina, UEMAren urteak…
Baina beste efemeride batez ari gara, ordea: euskara-planak enpresetan.
Izan ere, 1991ko irailean diseinatu genuen Elay Taldearen Euskara Plana. Ordura arte oso gauza gutxi egin zen euskarak lan-munduan bere lekua izan zezan: klase batzuk hainbat kooperatibatan, ahozko harreman informaletan baino ez zen erabiltzen euskara… Antzuolako enpresa-talde horrek apustu sendoa egin zuen era planifikatuan euskara eguneroko eginkizunetan txertatzeko, eta garai hartan bidelagun izan zituen Eusko Jaurlaritza (orduko Hizkuntza Politikako Idazkaritza Nagusia, hitzarmen baten bidezlaguntza ematen ) eta Elhuyar Kultur Elkartea (aholku teknikoak ematen). Esan daiteke lan-mundua euskalduntzeko erronka zailean Elay aitzindari izan zela. Hurrengo urteetan beste enpresa batzuk ere hasi ziren euskara modu planifikatuan antolatzen (CAF, Ikerlan, Arlan…) eta ordutik hona, urterik urte igo egin da euskara-plana onartu duten enpresen kopurua: 1998an, 25 enpresa inguru ari ziren; 2002an, berriz, 60ren bueltan; eta 2006an, 130 baino gehiago; 2016an, azkenik, 500 inguru dira noizbait euskara-planen bat hasi duten enpresak edo garatzen ari direnak.
Urte hauen ondoren, Elay enpresak lortu du lan-hizkuntza euskara izatea, eta, beraien hitzen bidez adierazita, “euskaratik goaz mundura”. Hala ere, lan-munduaren euskalduntzeari dagokionez, eta 25 urte hauetan euskarak lekua irabazi badu ere, oraindik baditugu erronka esanguratsu batzuk:
- Beharra zabaltzea. 10 langiletik gorako enpresak 10.000 inguru dira Euskal Autonomia Erkidegoan (Dirce, 2011); 500 enpresa inguruk euskara-plana diseinatu eta garatu dute, alegia, % 0.05 inguru. Beraz, oraindik ere bada non eragin eta non sortu beharra. Gainera, enpresek ikusi egin behar dute euskarak balio erantsia eskaintzen diola erakundeari: sormena, lan egiteko moduak, erabiltzaile eta bezeroak gusturago, beste hizkuntza batzuekin lan egiteko esperientzia…
- Ezagutzatik erabilerara salto egitea. Azken 30 urteotan, lan izugarria egin da helduak eta hezkuntza-sistema euskalduntzen. Diru- eta denbora-inbertsio hori “errentabilizatzea” dagokigu, etekina ateratzea, eta lan-arloa ere ezinbestekoa izango da euskararentzat egindako esfortzua errentabilizatzeko baino ez bada ere.
- Azkenik, normalizazio-prozesuan emandako urratsetan atzerapausorik ez emateko bideak eta estrategiak landu beharko ditugu: enpresetako euskara-planak hedatu, erreferenteak indartu, praktika onak ezagutu eta egindako lana zabaldu.
Horretaz gain, azpimarratuko nahi dugu, euskara kudeatzeko ahalegina egin duten enpresak abantaila-egoeran daudela mundu zabalera joateko. Izan ere, hizkuntzen kudeaketa aurreratua gaur egun ezinbesteko osagaia da ingurune eleaniztunetan jarduteko eta nazioartean lan egiteko. Euskaratik jaso dugun esperientziatik abiatuta, bide hori egiten laguntzeko ere ondo prestatuta gaude. Lehen euskara-plana diseinatu zenean, orduko kudeaketa-sistemak hartu ziren oinarri, eta, gaur egun ere, praktika eta eredu berritzaileak eta eredugarriak proposatzen dizkiegu enpresei euren erakundeetan euskara txerta dezaten.
Urtemuga honen harira, lehengoan ETBk lekua egin zion efemerideari informatiboetan. Elay eta GKN enpresak bisitatu zituzten eta Elhuyar ere han izan zen. Hemen duzue ikusgai: Enpresetan euskara sustatzeko planek 25 urte bete dituzte