Enpresa-planez, euskara-planez eta antzekoez hitz egiten hasten garenean, Elay enpresa izaten da lehenik aipatzen den izenetako bat. Izan ere, egunerokoan euskaraz funtzionatzen duen eta lan-hizkuntza euskara duen enpresa erreferentea izatea lortu du Antzuolako Elayk; baina ez da bakarra, noski.
Badaude beste hainbat enpresa eta erakunde momenturen batean euskara-plana martxan izan dutenak, euskara landu izan dutenak edota euskara lantzen jarraitzen dutenak. Ia 500 enpresa edo erakunde dira noizbait euskara-plana izan dutenak, eta enpresa horietan ere landu dira euskaraz funtzionatzeko oinarriak, batzuetan maila apalagoan eta beste batzuetan garatuagoan.
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ustez, enpresa horietatik guztietatik, ordea, bada industria-arloko talde bat egoera aurreratuan dagoena, bikaintasunerako salto kualitatiboa emateko prest dagoena, eta enpresa horiei begira sortu zuen 2015eko azken hiruhilekoan Euslan proiektua.
- Zer enpresak hartzen dute parte Euslanen?
- Industria-arloko 12 enpresak. Euskara lantzen hainbat urte daramatzaten enpresak, guztiak ere: Batz, Cikautxo, Copreci, Danobat, Eika, Elay, Erreka, Goizper, JMA, Maier, Orkli eta Ulma. 8 enpresa Gipuzkoakoak eta 4 enpresa Bizkaikoak.
- Zein da Euslan egitasmoaren helburu orokorra?
- Enpresa horietan lanerako hizkuntza gisa euskara gero eta gehiago erabiltzeko prozedurak eta praktikak diseinatu eta gauzatzea, barrura eta kanpora begira, ahozkoan, idatzizkoan eta hizkuntza-paisaian.
- Zer konpromiso hartu dituzte enpresek?
- Enpresa barruko ahozko eta idatzizko lan-harremanei eta hizkuntza-paisaiari dagozkien parametroetan euskararen erabilera % 90era iristea edo gutxienez % 20ko hobekuntza izatea 2017. urtean.
- Urrezko edo zilarrezko Bikain izatea, edo 2017. urtean lortzeko konpromisoa hartzea.
- Zer ildo lantzen ditu Euslan egitasmoak?
- Enpresaren Hizkuntza Politika Orokorra kudeaketa-sisteman txertatzea, hau da, emandako aurrerapausoetan atzera ez egiteko sistema martxan jartzea.
- Komunikazio-planak lantzea eta langileen ezagutza-mailaren arabera langileentzako komunikazioa prestatzea. Hau da, enpresa hauek langileentzako prestatzen dituzten komunikazio orokorrak ez izatea langile guztientzat ele bietan. Langileen euskara-ezagutzaren arabera, langile euskaldunekin euskara hutsean komunikatzea, eta hitz egin ez, baina ulertzen duten langileekin ere euskara hutsean komunikatzea, nahiz eta eurek gaztelaniaz erantzun. Euskaraz ulertzen ez duten langileei, aldiz, komunikazio pertsonalizatua gaztelaniaz (ahoz edota idatziz) emango zaiela ziurtatzea.
- Euskara ikasteko ikasketa-planak erabilera-planarekin uztartzea. Adibidez, euskara ikasten ari diren langileei erabilera-talde bat antolatzea. Erabilera-talde horretan langilearen arduraduna eta hainbat lankide elkartuko dira eta eguneroko lanean euskara ikasten ari den langilearekin hainbat ekintza ahoz edo idatziz euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute. Ikasturte amaieran, euskaltegiko irakasleak, erabilera-taldeko partaideek eta euskara-ikasleak berak konpromisoen betetze-mailaren balorazioa egingo dute, ikasleak ikasturtean zehar egindako aurrerapenen berri jasotzeko eta aurrera begirako ikasketa-prozesua antolatzeko.
- Langile berrien harrera-protokoloak eta kontratazio-politikak egokitzea, eta euskara lan-hizkuntza izateko oinarriak ezartzea.
- Sortze-hizkuntzan eragitea eta, bereziki, bileretan ahoz eta idatziz sortzeko aukerak aztertzea.
- Trebakuntzan ere ahalegina egitea, ahalik eta barneko edota kanpoko ikastaro gehien euskaraz jaso ahal izateko, baita trebakuntza euskaraz jasotzeko irizpideak zehaztea ere.
- …
- Nola egiten da lan?
Programaren dinamizazioa eta zuzendaritza Eusko Jaurlaritzak darama, Elay enpresaren eskutik, eta bilera presentzialak egiten dira enpresa bakoitzean, aipatutako ildoak lantzeko.
Horretaz gain, beste hainbat bilera ere egin dira orain arte 2015-2016 epealdian:
- Sistematizazio-saioa 12 enpresetako sistematizazio-arduradunekin. Bilera honen helburua izan zen 12 enpresa hauetan sistematizazioaz arduratzen den pertsonak Elayk euskara bere eguneroko kudeaketan txertatzeko egindako prozesua eta pausoak ezagutzea, eta Euslaneko enpresa bakoitzak Elayko prozesua bere enpresara egokitzeko lehen hurbilketa egitea.
- 12 enpresetako gerenteekin lan-saioa. Euslaneko enpresa guztiak norabide berean doazela ziurtatzeko eta, bide batez, enpresa bakoitzean Euslanen egiten ari den lanaren iritzia arduradunen eskutik ezagutzeko.
- Jarraipen Batzordea urtean behin, Euslaneko enpresa guztiekin batera bilera, elkarren berri zehatza izan dezaten.
Egitasmoaren segimendua egiteko, aldian behin neurketak egingo dira enpresetan, adierazleetan egindako aurrerapenen berri zehatza izateko. Euslan egitasmoa 2017. urtera arte izango dugunez martxan, aurrerago emango dizkizuegu egitasmoaren azken berriak.