Posible da hizkuntza-ohiturak aldatzea

Hizkuntza-plangintzaren markoan lan-harremanak euskalduntzea izan ohi da gehienetan mugarririk nagusietako bat eta, aldi berean, zailenetako bat. Norabide horretan, ekarpen berria egin nahi du Soziolinguistikako Klusterrak azken bi urteotan Aldahitz ikerketa-ildoaren barnean landu duen metodologiak: Eusle metodologia. Ikerketa hori EHUren zuzendaritzapean eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean garatu da.

Aldahitz ikerketa-ildoak hizkuntza-ohituretan gertatzen diren aldaketak ditu aztergai. Ikerketa horren markoan, 2013. eta 2014. urteetan Euskal Herriko zazpi erakunde publiko eta pribatutan Eusle metodologian oinarrituriko esku-hartze pilotuak bideratu dira. Esku-hartzearen helburua izan da lanleku horietan dinamika berri bat sortzea, lankideen arteko eguneroko harremanetan euskaraz gehiago egiteko aukera emango duena.

Esperientzia positiboa izan da, zalantzarik gabe, ikuspegi askotatik. Emaitza orokorrei begiratuta, bi hilabeteko esku-hartzearen ondoren zazpi erakunde horietan erabilerak batezbeste % 18,5 egin du gora; esku-hartzea amaitu eta hiru hilabetera, berriz, erabilera apur bat jatsi bada ere, hasierako egoerarekiko % 11,3koa izan da aurrerapena.

Esperientzia pilotu horietako bat koordinatzeko aukera izan dugu Elhuyarretik, Arrasaten dagoen Alejandro Altuna S.A. (JMA) enpresan gauzatu den esperientzia, hain zuzen ere. 12 lagunek hartu dute parte, fisikoki elkarren ondoan dauden arren, sail edo langune desberdinetakoak direnak.

Aldahitz ikerketan parte hartu duen Alejandro Altunako lantaldea

Aldahitz ikerketan parte hartu duen Alejandro Altunako lantaldea

Esperientzia amaiturik, hona hemen bidean sortu zaizkigun hainbat gogoetagai:

  • Posible da hizkuntza-ohiturak aldatzea; ez da erraza, ahalegina eskatzen du, baina egin daiteke.
  • Talde bateko hizkuntza-harremanetan eragiteko eta eragin hori denboran zehar iraunkorra izateko, garrantzitsua da talde-ikuspegiz lan egitea. Izan ere, hizkuntza-jokaerak ez dira norbanakoarenak, hartu-emanean sortzen dira. Horrek eskatzen du abiapuntuan erabaki kolektiboa egotea, hots, taldeak bere borondatez erabakitzea aldaketarako prozesua abiatzea.
  • Euskararen aldeko testuinguruak sortzea da gakoa, eta testuinguru horietan taldeak berak onartzea hizkuntza-arau berriak. Horrela, taldekideek euren hizkuntza-jokaerak aldatzeko zilegitasuna eta babes soziala izango dute, hau da, ez dute norbanako moduan erabakiko euskaraz egitea, taldearen erabakiz baizik. Ondorioz, hiztunak euskaraz eroso jarduteko aukera eta eremu adostua izango du.
  • Taldekide gutxi batzuen hizkuntza-jokaerak aldatzea nahikoa da ustekabeko aldaketak eragiteko. Eusle metodologiak bi hiztun-mota proposatzen ditu esku-hartzeetarako: batetik, euslea, taldeko gainerako lankideekin beti euskaraz egiteko hizkuntza-araua duena; bestetik, euslea ez dena, gainerako kideekin nahi duen hizkuntzan egin dezakeena, baina arau moduan baldintza bat bete behar duena, alegia, eusleari inoiz ez eskatzea gaztelaniaz egiteko.
    Esperientziaren amaieran, ez da egon alde nabarmenik eusle izan direnen eta izan ez direnen hizkuntza-jokaeretan. Zergatik? Iruditzen zaigu aipaturiko faktoreek eragina izango zutela (taldearen erabakia izatea eta aldeko testuingurua sortzea), baina izango zen, baita ere, euskal hiztunok ez gaudelako ohituta eta ez garelako eroso sentitzen elkarrizketa asimetrikoetan; ondorioz, solaskideak euskaraz egiten digunean guk ere euskaraz erantzuteko joera izan ohi dugu.
  • Ulermena bermatzea beharrezkoa da, eta taldekide guztiak euskaraz ulertzeko gai direnean aukera berriak sortzen dira hizkuntza-jokaerak aldatzeko. Esku-hartzeak taldekide guztiek euskaraz ulertzen duten guneetan garatu dira eta hori baldintza moduan jarri da, gainera. Alejandro Altunako taldean guztiek ez zuten euskaraz hitz egiteko gaitasun-maila bera, baina hori ez da eragozpena izan esperientzia bideratzeko. Are gehiago, esperimentatzeko aukera berriak zabaldu ditu; izan ere, orain arte eginahal desberdinak egin arren euskaraz hitz egiteko pausoa eman gabeko euskaldun berri batek, eusle izan gabe, erabilerarako jauzia eman du.
  • Langune batean gertaturiko hizkuntza-aldaketa txikiak izan daitezke beste (lan)gune batzuetan hizkuntza-aldaketa txikiak eragiteko ernamuina. Alejandro Altuna S.A.ren kasuan, emaitzak ez dira 15 laguneko talde horretara mugatu, nolabaiteko transferentzia gertatu da: parte hartu duten langileak beste sail batzuetako lankideekin euskaraz egiten hasi dira edo lanetik kanpoko harremanetan ere euskara gehiago erabiltzen hasi dira.

Horiek eta gehiago izan dira esku-hartzeak emandakoak. Xehetasun gehiago jakin nahi izanez gero, hona hemen Eusle metodologiaren oinarri teorikoak, aplikazio praktikoak eta horien emaitza eta ondorioak jasotzen dituen argitalpena: Aldahitz ikerketa 2014. Eusle metodologia eta hizkuntza ohituren aldaketa lan-munduan.

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak | Erantzun

Gazte-lokalak eta bizikidetza

Gazte-lokalak eta bizikidetza

Gazteek beraien aisialdia antolatu eta disfrutatu nahi izaten dute, eta beste alternatiba egokiagorik ezean, asko dira lokalak edo etxabeak hartzen dituztenak. Lokal horiek ugaritzearekin batera, hainbat arazo sortu dira herri batzuetan, batez ere lokalen erabiltzaileen eta bizilagunen artean, ohiko elkarbizitza astindu edo aztoratu dutenak. Horregatik, batzuetan arazoak konpondu nahian, beste batzuetan aurrea hartu nahian, gero eta herri gehiagotan gauzatzen ari dira gazte-lokalak eta elkarbizitza lantzeko prozesuak, gaiaz hitz egiteko, adostasunak bilatzeko eta kasu batzuetan, baita arautzeko ere. Elhuyar Aholkularitzak bukatu berri dugu Usurbilen horrelako prozesu bat eta amaitu ondorengo ikuspegitik, hainbat eta hausnarketa eragin dizkigu, hemen zuekin konpartitu nahi ditugunak.

Usurbilen 10 gazte-lokal inguru daude, gehien-gehienak erdigunean eta asko garai batean dendak izandakoak. Guztira 100 gazte inguru dabiltza lokal horietan, neska eta mutil antzera, baina Usurbilgo egoerak badauzka beste berezitasun batzuk: lokaletako gazte gehienak 25 urtetik gorakoak dira, 15 lagun baino gutxiago dabiltza lokal gehienetan, egonkortasun handia dago (lokal berean urte asko)… Orain arte ez da izan arazo handirik izan bizikidetzan, baina kasu batean Udalak esku hartu  behar izan zuen eta lokal bat itxi. Etorkizunera begira, ordea,  Udalak uste zuen komeni zela gazte-lokalez eta bizikidetzaz hitz egitea eta hausnartzea, gaiari ikuspuntu desberdinetatik begiratu eta aztertzea, eta horregatik jarri zuen martxan prozesu hau, eta hiru pauso nagusirekin:

  • Hasteko, egoera aztertu genuen. Horretarako, gazte-lokaletan dabiltzan gazteei galdetegi bat helarazi genien. Hamar lokaletatik bederatzik erantzun zuten. Galdetegirako, “Gazteen lonjak eta lokalak EAEn” lana hartu genuen oinarritzat.
  • Ondoren, diagnostikoa osatzeko eta ikuspegiak ezagutzeko, bi bilera egin genituen: bata, helduekin (bizilagunekin, jabeekin eta gurasoekin); bestea, berriz, gazteekin.
  • Azkenik, bi tailer egin genituen, helduak eta gazteak denok elkarrekin, adostasunak lantzeko.

Bilerotan, guztira 35 lagunek (24 emakumezkok, 11 gizonezkok) hartu zuten parte.

Gaur egun, azken bilera baino ez da geratzen, azken dokumentua (adostasunena) berresteko eta Udalak hemendik aurrerako asmoak azaltzeko, eta amaierara iritsirik eta osotasunean begira, zenbait alderdi azpimarratu nahiko genituzke, horietako batzuekin haunarketa eragin nahian:

  • Bizikidetzaz oso ikuspegi desberdinak dauzkagu, eta kolektibo edo talde bakoitzak berea, horietako bakoitzean ere ikuskera bat baino gehiago dago, eta batzuetan ez da erraza ados jartzea. Gazteak, gurasoak, lokalen jabeak, bizilagunak, udal-ordezkariak… ikuspegi desberdinak azaldu dira bileretan, eta prozesuak balio izan du batez ere enpatia-ariketa bat egiteko, besteena entzun, besteen lekuan jarri eta besteen ikuspegia ulertzeko. Inor ez da joan berea ezartzera, konbentzitzera, nola edo ahala berea aurrera ateratzera…, eta saioak oso aberasgarriak izan dira, batez ere besteen ikuspegiaren berri jakiteko eta ikasteko. Enpatiak daukan garrantziarekin batera, bereziki azpimarratu zen komunikazioa, behar den tokian eta behar denarekin hitz egin beharra eta horrela saihestuko liratekeela sor litezkeen arazo gehienak.
  • Prozesuaren ardatza edo gai nagusia bizikidetza da, eta ez gazteak. Horrelakoetan garrantzitsua da hori garbi adieraztea hasieratik eta denok ikustea herritarren arteko elkarbizitzaz ari garela, leku berean nola bizi behar dugun pertsona-talde desberdinek, izan gazte edo heldu, bakoitzak bereari eutsiz baina betiere kontuan izanik ez dagoela bakarrik, besteak ere hor daudela. Horrelako prozesuetan, berebiziko garrantzia hartzen dute zenbait baliok: errespetua, begirunea…
  • Usurbilen, prozesua abiatu genuenean, garbi geneukan amaierako emaitza adostasun batzuk izango zirela, dokumentu batean jasota, baina gero Udalak asmoa zeukan hortik aurrerago joan eta araudi edo ordenantza bat sortzeko. Prozesuan aurrera egin ahala, ordea, zalantzak areagotu egin ziren, alde batetik, arautzeak bazituelako berezko zailtasun batzuk: gazte-lokalak jarduera gisa ez badaude aitortuta, nola arautu? Legearen aldetik, ez zen erraza. Donostiako Udalak ordenantza egin eta onartu berri du, baina beste udal batzuek horrelakorik ez egitea erabaki dute. Usurbilen kasuan, zalantza sortzen zen ea zenbateraino beharrezkoa zen araudia gaur egun, gaiak bizikidetza-arazorik eragiten ez duenean. Gazte gehienek ez zuten ikusten honetaz hitz egiteko premiarik, zeuden bezala ondo zeudela zioten eta ez zegoela zertan egin araurik edo jarri baldintza edo betebeharrik. “Guztiok konforme egonda, zergatik mugitu gauzak?”. Gainera, Udalaren ustez, beste hainbat alorretan gertatzen den bezala, araudia egiten baldin bada, betetzeko eta betearazteko izan behar du, ez paper hutsean geratzeko edo gero ahazteko, ez ezartzeko. Adibidez, zergatik ezarri erabilera-ordutegia, arazorik ez baldin badago? Eta ezarri behar baldin bada, nork erabakiko du?
  • Gazte-lokalak gabezia edo beharrak asetzeko konponbideak dira, gazteen  aisialdirako alternatibak. Gazte-lokalez eta bizikidetzaz hausnartzearekin batera, udalek (eta, oro har, guztiok) gogoeta egin beharko genuke zer aukera daukaten gazteek aisialdirako edo zer eskaintzen zaien gazteei. Ez da adin erraza, adin txikiagokoentzat (haurrentzat eta nerabeentzat) gehiago edo gutxiago lantzen dira aisialdi-aukerak, baina hortik aurrerakoentzat?
  • Beste zailtasun bat ere izan dugu prozesuan: nola erakarri gazteak eta gonbidatu bizikidetzaz hausnartzera, arazorik ez baldin bada? Arestian adierazitakoaren haritik, prozesua ez zen erakargarria eta beharrezkoa gazteentzat, ez zeukaten honetaz hitz egiteko batere premiarik, eta lokal gutxi batzuetako gazteak baino ez ziren etorri. Parte hartzeko gonbidapenaren aurrean, hauxe izan zen erantzunetako bat: “Egin araua, nahi baduzue, eta gero pasa”.
  • Gazte izatetik heldu izateko bidean, gero eta erabaki gehiago hartu behar izaten ditugu geure kasa eta ardura gehiago hartu ere bai geure gain, eta horietako asko bakarka hartzekoak dira edo norberaren izenean. Prozesuan ikusi dugunez, gazteen aldetik badago ardura pertsonalak hartzeko nolabaiteko beldurra, izen-abizenak jartzekoa, eta talde osoa jartzen da horren arduradun. Adibidez, Udalari komeni zitzaion gazte-lokaletako ordezkarien kontaktuak izatea, ohiko harremanetarako, zerbaiten berri emateko edo arazorik izanez gero ere, baina oso zaila izan da lokalen arduradunak (izen-abizenekin) edo erantzuleak lortzea, kolektibitatearen barruan babesten zirelako gazteak.
  • Gazte-lokalen eta bizikidetzaren gaian, legeak eta araudiak tartean direla, ezjakintasun handia dago zein diren ezinbesteko betebeharrak, zein diren gomendioak, eta ez dago behar bezalako informaziorik hainbat alderditan: zerbait gertatuta ere, nork egin behar du asegurua, gazteek (edo gurasoek) edo lokalaren jabeak? Zergatik komeni da kontratua idatziz izatea eta ez ahoz?… Lege-betebeharrak edo gomendioak direla-eta, komeni da horietan guztietan laguntza ematea, batez ere gazteei, eta horretan udalek bereziki lagun dezakete. Adibidez, Bilboko Udalak gomendio hauek argitaratu ditu Bilboko gazte-lonjentzat.

Hemen daukazue Noaua aldizkarian argitaratutakoa.

Kategoriak Elhuyar, Partaidetza | Erantzun

Nola txertatu genero-ikuspegia hizkuntza-politikan? Lanerako marko baten proposamena

Ikusi “Iraganetik etorkizunera euskararen bidetik. Hausnarketa bat generoaren ikuspegitik”: Jone Miren Hernandezek pasa den uztailean Vitoria-Gasteizko Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako eskolak antolatu emandako hitzaldia.

Jone-Miren-Hernandez

Azken urteetan nabarmena izan da soziolinguistika beste jakintza-arlo batzuetako ekarpenekin aberasteko ahalegina, eta euskararen garapenerako gako interesgarriak aurkitu dira bide horretan. Hizkuntza-plangintzak eta hizkuntza-politikak diseinatzerakoan, ordea, ez da landu genero-ikuspegiari buruzko planteamendu sistematizaturik.

Euskararen sustapena egungo gure gizartearen erronken artean dago. Berdintasunarena ere erronka soziala da.  Bi erronka sozial garrantzitsuren aurrean gaude, beraz. Zeharkako gaiak dira, gainera: gure politika guztietan presente egoteko eta eragiteko xedea dute biek ere.

Testuinguru horretan kokatu beharra dago, adibidez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen aipu hau: “Euskal herri-aginteek genero-ikuspegia txertatu behar dute beren politika eta ekintza guztietan, halako moduz non horietan guztietan ezberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko helburu orokorra ezarriko duten”.

Printzipio horrek herri-aginteen politika eta ekintzei erreferentzia egiten dienean, euskararen eremuan egiten diren politika eta ekintzak ere aintzat hartzen ditu. Beharrezkoa ikusten dugu, beraz, hizkuntza-politikaren eremuan genero-ikuspegia txertatzen ote dugun gogoeta egitea:

  • Zenbateraino aztertzen dugu errealitate soziolinguistikoa genero-ikuspegitik? Eta zer aztertu edo zeri erreparatu beharra dakar horrela egiteak? Zer datu behar ditugu? Zer aldagai/eduki berri txertatu behar ditugu analisian?
  • Errealitate soziolinguistikoa aztertzeko unean, zer ekarpen egiten digu edota zer ondoriotara eramaten gaitu genero-ikuspegia txertatzeak? Errealitate soziolinguistikoa hobeto ezagutzeko eta ulertzeko bidea izateaz gainera, zer hipotesi berrirekin lan egiteko aukera zabaltzen digu errealitate soziolinguistikoa genero-ikuspegitik berrirakurtzeak eta ikuspegi hori txertatzeak?
  • Lanerako hipotesi berriak baldin baditugu, gure politikak, plangintzak eta estrategiak hipotesi berri horien gainean eraiki beharko ditugu; hipotesi berriek egokitzapena edo moldaketa ekarriko dute.

Gaian sakontzeak, soziolinguistikaren inguruko ezagutza eta ikuspegia aberastez gain, uste dugu euskararen sustapenean eragiteko ikuspegi eta bide berriak zabaltzen dituela. Horregatik heldu genion, atseginez, gaiaren inguruko lanketa egiteko Vitoria-Gasteizko Udalak egindako proposamenari. Bertako Euskara Zerbitzuak zera eskatu zigun, zehazki: Vitoria-Gasteizko Euskara Zerbitzuaren programa eta jarduera zehatzetan genero-ikuspegia txertatzeko beharrak eta aukerak aztertzea.

Eskaera hari erantzuteko ahaleginean, lanerako erreferentziazko marko bat eraikitzen ahalegindu gara, zalantzarik gabe eztabaidatu eta osatu beharko dena.

Eztabaida hori eman dadin, bi bide, behintzat, zabaldu zaizkigu jada: batetik, BAT Soziolinguistika aldizkariaren azken zenbakian argitaratu da lanerako proposatzen dugun markoa. Bestetik, Gasteizko Udalarekin elkarlanean, markoa aurkeztu eta lantzeko lan-saioa antolatu dugu martxoaren 11n. Parada ezin hobea landutakoa bertako euskalgintzako eta mugimendu feministako eragile eta kideekin partekatu eta eztabaidatzeko, zalantzarik gabe.

Hitzordua iritsi bitartean, gaiarekin lotutako proposamen interesgarri bat doakizue: Jone Miren Hernandezek pasa den uztailean Vitoria-Gasteizko Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako eskolak antolatu emandako hitzaldia ikus-entzutea, Iraganetik etorkizunera euskararen bidetik. Hausnarketa bat generoaren ikuspegitik.

Kategoriak Elhuyar, Emakume eta gizonen berdintasuna | Erantzun

Euskara-planetatik hizkuntza-planetara

“If I am selling to you, then I will speak your language,
baina zerbait saldu nahi badidazu, nire hizkuntzan egin beharko didazu!”

Willy Brandt (Alemaniako kantziler izandakoa)

Ikusi Maddi Etxebarriari elkarrizketa ETB 1-eko Azpimarra telebista-saioan
(2014/12/17; 14:10 minututik aurrera)

Maddi Etxebarria Azpimarra-n

Badira enpresa batzuk euskara txertatu dutenak, euren ohiko jardunean ere etengabeko hobekuntza bilatzen dutenak, berritzaileak direnak, ausartzen direnak, merkatu berriak bilatzen dituztenak… Hizkuntza ba da kalitate-parametro bat enpresa horientzat. Gainera, euskara sustatzearekin batera, enpresen errealitatea gero eta eleanitzagoa ere bada.

Europako Batzordetik, bestalde, lan-mundua eta eleaniztasuna aztertzeko hainbat ikerketa bideratu dira. Esaterako, ELAN txostenak ETE (Enpresa Txiki eta Ertainak) esportatzaileen artean egindako azterketan, negozio-aukerak galtzeari buruz hitz egiten du; beste ikerketa batek Europako ETE-ek komunikazio-hesiak gainditzeko praktika eredugarriak batzen ditu.

Txosten horien arduraduna Stephen Hagen irakaslea da, eta hark landutako ikuskaritza metodoa probatzen ari gara. Gure lana izango da hogei ETEtan ikuskaritzak egitea.

Ikuskaritza horien bidez, enpresek euren errealitatea ezagutzeko aukera izango dute. Horrela bada, hizkuntzak hobeto kudeatzeko bideak proposatuko dizkiegu: batetik, erakundeek eta langileek lanerako irizpideak izango dituzte, ez dute inprobisatu behar izango; eta, bestetik, eskuragarri dagoen teknologia erabiltzeko proposamenak ere egingo ditugu.

Izan ere, euskaldunok badakigu zer sentitzen dugun norberaren hizkuntzan ez den beste batean atenditzen gaituztenean. Askoz gusturago, seguruago sentitzen gara, bestelako loturak sortzen dira gure hizkuntza erabiltzen dutenekin.

Hala ere, ez da nahikoa kanpo-bezeroa zaintzea. Erakundea, enpresa, osatzen duten pertsonak ere aintzat hartu behar dira, euren hizkuntza-beharrak eta nahiak aintzat hartu; hizkuntza guztiek izan behar dute lekua, nahiz eta funtzio ezberdinak izan (etxeko hizkuntza, hornitzaileekin erabiltzekoa, bezeroekin…). Gure bezero batzuek aipatu izan digute badakitela zer den euskarari lekua egitea, eta, horregatik, kanpora doazenean, joan orduko, tokiko hizkuntzan berba batzuk ikasten ahalegintzen direla.

Nelson Mandelaren hitz hauek ere gure egiten ditugu: “Ulertzen duen hizkuntzan hitz egiten badiozu pertsona bati, haren burura iritsiko zara. Pertsona horren hizkuntzan hitz egiten badiozu, haren bihotzera iritsiko zara”.

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak | Erantzun