Hizkuntza-plangintzaren markoan lan-harremanak euskalduntzea izan ohi da gehienetan mugarririk nagusietako bat eta, aldi berean, zailenetako bat. Norabide horretan, ekarpen berria egin nahi du Soziolinguistikako Klusterrak azken bi urteotan Aldahitz ikerketa-ildoaren barnean landu duen metodologiak: Eusle metodologia. Ikerketa hori EHUren zuzendaritzapean eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean garatu da.
Aldahitz ikerketa-ildoak hizkuntza-ohituretan gertatzen diren aldaketak ditu aztergai. Ikerketa horren markoan, 2013. eta 2014. urteetan Euskal Herriko zazpi erakunde publiko eta pribatutan Eusle metodologian oinarrituriko esku-hartze pilotuak bideratu dira. Esku-hartzearen helburua izan da lanleku horietan dinamika berri bat sortzea, lankideen arteko eguneroko harremanetan euskaraz gehiago egiteko aukera emango duena.
Esperientzia positiboa izan da, zalantzarik gabe, ikuspegi askotatik. Emaitza orokorrei begiratuta, bi hilabeteko esku-hartzearen ondoren zazpi erakunde horietan erabilerak batezbeste % 18,5 egin du gora; esku-hartzea amaitu eta hiru hilabetera, berriz, erabilera apur bat jatsi bada ere, hasierako egoerarekiko % 11,3koa izan da aurrerapena.
Esperientzia pilotu horietako bat koordinatzeko aukera izan dugu Elhuyarretik, Arrasaten dagoen Alejandro Altuna S.A. (JMA) enpresan gauzatu den esperientzia, hain zuzen ere. 12 lagunek hartu dute parte, fisikoki elkarren ondoan dauden arren, sail edo langune desberdinetakoak direnak.
Esperientzia amaiturik, hona hemen bidean sortu zaizkigun hainbat gogoetagai:
- Posible da hizkuntza-ohiturak aldatzea; ez da erraza, ahalegina eskatzen du, baina egin daiteke.
- Talde bateko hizkuntza-harremanetan eragiteko eta eragin hori denboran zehar iraunkorra izateko, garrantzitsua da talde-ikuspegiz lan egitea. Izan ere, hizkuntza-jokaerak ez dira norbanakoarenak, hartu-emanean sortzen dira. Horrek eskatzen du abiapuntuan erabaki kolektiboa egotea, hots, taldeak bere borondatez erabakitzea aldaketarako prozesua abiatzea.
- Euskararen aldeko testuinguruak sortzea da gakoa, eta testuinguru horietan taldeak berak onartzea hizkuntza-arau berriak. Horrela, taldekideek euren hizkuntza-jokaerak aldatzeko zilegitasuna eta babes soziala izango dute, hau da, ez dute norbanako moduan erabakiko euskaraz egitea, taldearen erabakiz baizik. Ondorioz, hiztunak euskaraz eroso jarduteko aukera eta eremu adostua izango du.
- Taldekide gutxi batzuen hizkuntza-jokaerak aldatzea nahikoa da ustekabeko aldaketak eragiteko. Eusle metodologiak bi hiztun-mota proposatzen ditu esku-hartzeetarako: batetik, euslea, taldeko gainerako lankideekin beti euskaraz egiteko hizkuntza-araua duena; bestetik, euslea ez dena, gainerako kideekin nahi duen hizkuntzan egin dezakeena, baina arau moduan baldintza bat bete behar duena, alegia, eusleari inoiz ez eskatzea gaztelaniaz egiteko.
Esperientziaren amaieran, ez da egon alde nabarmenik eusle izan direnen eta izan ez direnen hizkuntza-jokaeretan. Zergatik? Iruditzen zaigu aipaturiko faktoreek eragina izango zutela (taldearen erabakia izatea eta aldeko testuingurua sortzea), baina izango zen, baita ere, euskal hiztunok ez gaudelako ohituta eta ez garelako eroso sentitzen elkarrizketa asimetrikoetan; ondorioz, solaskideak euskaraz egiten digunean guk ere euskaraz erantzuteko joera izan ohi dugu. - Ulermena bermatzea beharrezkoa da, eta taldekide guztiak euskaraz ulertzeko gai direnean aukera berriak sortzen dira hizkuntza-jokaerak aldatzeko. Esku-hartzeak taldekide guztiek euskaraz ulertzen duten guneetan garatu dira eta hori baldintza moduan jarri da, gainera. Alejandro Altunako taldean guztiek ez zuten euskaraz hitz egiteko gaitasun-maila bera, baina hori ez da eragozpena izan esperientzia bideratzeko. Are gehiago, esperimentatzeko aukera berriak zabaldu ditu; izan ere, orain arte eginahal desberdinak egin arren euskaraz hitz egiteko pausoa eman gabeko euskaldun berri batek, eusle izan gabe, erabilerarako jauzia eman du.
- Langune batean gertaturiko hizkuntza-aldaketa txikiak izan daitezke beste (lan)gune batzuetan hizkuntza-aldaketa txikiak eragiteko ernamuina. Alejandro Altuna S.A.ren kasuan, emaitzak ez dira 15 laguneko talde horretara mugatu, nolabaiteko transferentzia gertatu da: parte hartu duten langileak beste sail batzuetako lankideekin euskaraz egiten hasi dira edo lanetik kanpoko harremanetan ere euskara gehiago erabiltzen hasi dira.
Horiek eta gehiago izan dira esku-hartzeak emandakoak. Xehetasun gehiago jakin nahi izanez gero, hona hemen Eusle metodologiaren oinarri teorikoak, aplikazio praktikoak eta horien emaitza eta ondorioak jasotzen dituen argitalpena: Aldahitz ikerketa 2014. Eusle metodologia eta hizkuntza ohituren aldaketa lan-munduan.