Ikusi “Iraganetik etorkizunera euskararen bidetik. Hausnarketa bat generoaren ikuspegitik”: Jone Miren Hernandezek pasa den uztailean Vitoria-Gasteizko Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako eskolak antolatu emandako hitzaldia.
Azken urteetan nabarmena izan da soziolinguistika beste jakintza-arlo batzuetako ekarpenekin aberasteko ahalegina, eta euskararen garapenerako gako interesgarriak aurkitu dira bide horretan. Hizkuntza-plangintzak eta hizkuntza-politikak diseinatzerakoan, ordea, ez da landu genero-ikuspegiari buruzko planteamendu sistematizaturik.
Euskararen sustapena egungo gure gizartearen erronken artean dago. Berdintasunarena ere erronka soziala da. Bi erronka sozial garrantzitsuren aurrean gaude, beraz. Zeharkako gaiak dira, gainera: gure politika guztietan presente egoteko eta eragiteko xedea dute biek ere.
Testuinguru horretan kokatu beharra dago, adibidez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen aipu hau: “Euskal herri-aginteek genero-ikuspegia txertatu behar dute beren politika eta ekintza guztietan, halako moduz non horietan guztietan ezberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko helburu orokorra ezarriko duten”.
Printzipio horrek herri-aginteen politika eta ekintzei erreferentzia egiten dienean, euskararen eremuan egiten diren politika eta ekintzak ere aintzat hartzen ditu. Beharrezkoa ikusten dugu, beraz, hizkuntza-politikaren eremuan genero-ikuspegia txertatzen ote dugun gogoeta egitea:
- Zenbateraino aztertzen dugu errealitate soziolinguistikoa genero-ikuspegitik? Eta zer aztertu edo zeri erreparatu beharra dakar horrela egiteak? Zer datu behar ditugu? Zer aldagai/eduki berri txertatu behar ditugu analisian?
- Errealitate soziolinguistikoa aztertzeko unean, zer ekarpen egiten digu edota zer ondoriotara eramaten gaitu genero-ikuspegia txertatzeak? Errealitate soziolinguistikoa hobeto ezagutzeko eta ulertzeko bidea izateaz gainera, zer hipotesi berrirekin lan egiteko aukera zabaltzen digu errealitate soziolinguistikoa genero-ikuspegitik berrirakurtzeak eta ikuspegi hori txertatzeak?
- Lanerako hipotesi berriak baldin baditugu, gure politikak, plangintzak eta estrategiak hipotesi berri horien gainean eraiki beharko ditugu; hipotesi berriek egokitzapena edo moldaketa ekarriko dute.
Gaian sakontzeak, soziolinguistikaren inguruko ezagutza eta ikuspegia aberastez gain, uste dugu euskararen sustapenean eragiteko ikuspegi eta bide berriak zabaltzen dituela. Horregatik heldu genion, atseginez, gaiaren inguruko lanketa egiteko Vitoria-Gasteizko Udalak egindako proposamenari. Bertako Euskara Zerbitzuak zera eskatu zigun, zehazki: Vitoria-Gasteizko Euskara Zerbitzuaren programa eta jarduera zehatzetan genero-ikuspegia txertatzeko beharrak eta aukerak aztertzea.
Eskaera hari erantzuteko ahaleginean, lanerako erreferentziazko marko bat eraikitzen ahalegindu gara, zalantzarik gabe eztabaidatu eta osatu beharko dena.
Eztabaida hori eman dadin, bi bide, behintzat, zabaldu zaizkigu jada: batetik, BAT Soziolinguistika aldizkariaren azken zenbakian argitaratu da lanerako proposatzen dugun markoa. Bestetik, Gasteizko Udalarekin elkarlanean, markoa aurkeztu eta lantzeko lan-saioa antolatu dugu martxoaren 11n. Parada ezin hobea landutakoa bertako euskalgintzako eta mugimendu feministako eragile eta kideekin partekatu eta eztabaidatzeko, zalantzarik gabe.
Hitzordua iritsi bitartean, gaiarekin lotutako proposamen interesgarri bat doakizue: Jone Miren Hernandezek pasa den uztailean Vitoria-Gasteizko Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako eskolak antolatu emandako hitzaldia ikus-entzutea, Iraganetik etorkizunera euskararen bidetik. Hausnarketa bat generoaren ikuspegitik.