Bizentaren hitzetatik eraldaketarako tresnetara, Markina-Xemeinen

Badakit, enzunaz beste gabe,
neskatx gazte baten izena dagoala itxatsirik  liburutxo onen aurkean,
jardungo dutela siñuka ez gutxik, diotela beren artean,
iñoren lumaz janzi nai duela bela-txikiak;
au da, besteren bearrak artu nahi ditudala neretzat;
ez dagokiola neskatxa bati bururik ausitzea liburugiñen:
asko duela gorua, naiz jostorratza zuzen erabiltzea.

Bizenta Mogel, idazlea, 1804
(Azkoitia, 1782-Abanto, 1854. Oso gaztea zela, umezurtz geratu eta Markinan bizi izan zen osabarekin, Joan Antonio Mogel apaiz idazlearekin)

markina-2014

Bizenta Mogel idazlea Azkoitian jaio eta Abanton hil zen, baina gazte zela Markina-Xemeinen bizi izan zen.  Goialdean jaso dugun aipuan garbi adierazten du Bizentak zer zen emakume izateagatik berarengandik espero zena eta nola bizi izan zuen berak espero zen horretatik aldentzea: agerian da nahi zuen horretan jarduteko askatasunik eta onarpen sozialik ez zuela.

Emakume edo gizon jaiotzeagatik,  gugandik espero denak bilakaera handia izan duen arren, aldeek hor diraute eta espektatiba horiek muga dira askatasunean eta berdintasunean garatu eta bizitzeko.

Muga horiez jabetuta, 2014ko uda aurretik ekin genion Markina-Xemeingo Berdintasunerako Plana diseinatzeko prozesuari.
Hilabete hauetan, laurogei bat lagunek (herritarrak, eragileak, udal-langileak eta ordezkari politikoak), modu batera edo bestera, parte hartu dute egitasmoan. Prozesuaren muina, berriz, iraunkorki ibili direnak, Parekidetasun Batzordeko kideak izan dira.

Herritarren eta gainerako eragileen parte hartzea oinarrizkoa izan da, bai diagnostikoa osatzeko garaian, baita Plana osatzeko garaian ere, ahalik eta ekarpen zabalenak eta anitzenak jasotzeko. Eurak izan dira, euren pertzepzio eta bizipenetatik, beharrak eta hutsuneak identifikatu eta lehentasunak finkatu dituztenak. Horretarako, elkarrizketa pertsonalak eta taldekoak egin ditugu, informazioa biltzeko garaian zortzi arlo desberdin bereiziz: emakumeak, udala, gizarteratzea, enplegua, hezkuntza, kultura, kirola eta hirigintza.

Parekidetasun Batzordearekin elkarlana, berriz, ezinbestekoa izan da bildutako informazioa ongi egituratu, kontrastatu eta osatzeko, batetik, eta, komunikazio-lanak egin eta jendea prozesura erakartzeko, bestetik.

Diagnostikoaren gainean eta herriko ahuleziei erantzuteko asmoarekin eraikitako Planak 4 ardatz, 16 helburu estrategiko eta 53 helburu operatibo jasotzen ditu. Lanerako 3 egitura ere aurreikusten ditu.

Helburuak asko dira, beraz, eta horien artean dago, adibidez, Markina-Xemeingo biztanleen eta elkarteen artean, berdintasunaren aldeko balioak sustatzea eta balio-aldaketa eragitea. Horrek esan nahi du egiten dugun horretan genero-ikuspegia txertatzea, sexismoa gure hizkeran baztertzea, jarrera parekideak edukitzea, etab.

Finean, Berdintasunerako Planak Markina-Xemeingo emakumeen eta herritar guztien bizi-kalitatean eta ongizatean eragitea du helburu eta Parekidetasun Batzordeko kideek garbi dute bizi-kalitateaz ari garenean, zertaz ari garen: Amaia Perez Orozcok ekonomialari feministak dioen modura, merezi duen bizitzaz ari dira, ez delako zilegi batzuen ongizatea besteen bizkar eraikitzea.

Planak plan, bide horretan urratsak egiteko, ezinbestekoa da herritarren sentsibilizazioa eta inplikazioa, eta egitasmoaren motorra izan den Parekidetasun Batzordea bezalako talde bat. Espero dugu prozesu honekin oinarri sendoak jartzen lagundu izana.

 

Kategoriak Elhuyar, Emakume eta gizonen berdintasuna | Erantzun

Hizkuntsa-saltsa, Bordeleko sinposioan

Euskampus-simposiuma

Euskampus Fundazioak eta IdExBordeaux-ek sinposioa antolatu zuten azaroaren 19an eta 20an, Bordelen. Bi erakunde horiek EHU/UPVko eta Bordeleko Unibertsitateko nazioarteko bikaintasun-campusak dira, hurrenez hurren, eta bi unibertsitateen arteko lankidetza-proiektuak sustatzen dituzte, besteak beste. Sinposioan, 300 lagun baino gehiago elkartu ziren: batetik, bi unibertsitateetako ikertzaile, irakasle, doktoretza-ikasle eta kudeatzaileak; eta, bestetik, bi unibertsitateetako errektore eta goi-karguak, EAEko eta Akitaniako lehendakariak, eta DIPCeko presidente Pedro Miguel Echenique. Sinposioaren helburua zen bi unibertsitateen arteko lankidetza-proiektuak sustatzea zenbait zientzia-arlotan, hala nola, materialak, ozeanoak, ekosistemak, osasuna eta gizartea, berrikuntza eta sormena, eta arkeologia.

Elhuyar Aholkularitzakook eleaniztasunarekin lotuta proiektu batekin gabiltza lanean Euskampusen; zehatz-mehatz, hizkuntza-aniztasuna modu eraginkorrean kudeatzeko lagungarria izango den metodologia eskaintzen eta aholkularitza teknologikoa ematen. Izan ere, Euskampuseko kideek etengabeko harremana dute eguneroko lan-jardunean hizkuntza-profil ezberdineko jendearekin, EAEko eta Europako erakundeetako, eta, bereziki, Bordeleko Unibertsitateko lankideekin. Gomendioak egiten dizkiegu askotariko komunikazio-egoeretan (bezero eta hornitzaileekiko harremanetan, langileen artekoetan, lan-prozesuetako informazioa kudeatzean…) hizkuntza-irizpideak modu planifikatu eta integralean aplikatzeko, bai eta baliabide informatikoak erabiltzeko ere.

Lankidetza horren haritik, Juanjo Perez eta biok izan ginen sinposioan, partaideen arteko harremanetan hizkuntzak nola erabiltzen zituzten aztertzeko. Sinposioan, euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa nahasi ziren ikertzaileen eta ikasleen lan-saioetan. Ingelesa izan zen denentzako lingua franca; aurkezpenak eta eztabaidak egiteko maila batean edo bestean denek hitz egiten zuten hizkuntza. Buruz buruko harreman informaletan, ordea, solaskide guztiek hobekien menderatzen zuten hizkuntza hautatzen zuten: euskara, frantsesa edo gaztelania. Bi unibertsitateetako kideek ontzat eta baliagarritzat jotzen dute nazioartean, zientzia esperimentalen arloan, elkar ulertzeko hizkuntza bat izatea (ingelesa), nahiz eta onartzen duten eskolak ematean, artikuluak eta tesiak idatzi eta epaitzean eta antzeko lanetan, adierazteko ahalmena galtzen dutela, eta, beraz, itzultzaile eta zuzentzaile profesionalengana jotzen dutela maiz. Solaskideen gaitasunak eta zailtasunak izaten dira hizkuntza hautatzeko irizpideak, eta, lehen harremanetan ezarri ohi da, senez.

Azpimarratzekoa da, bestalde, EAEko eta Akitaniako ordezkari politikoak beren ama-hizkuntzan (euskaraz/gaztelaniaz eta frantsesez) mintzatu zirela eta esan osteko interpretazioa erabili zutela inaugurazio-hitzaldietan. Aitzitik, Pedro Miguel Echeniqueren hitzaldiko aldi bereko interpretazioak izan zuen balorazio onena —bikaina—; izan ere, ezin hobe transmititu zituzten interpreteek fisikariaren graziak eta anekdotak.

Laburbilduz, esan liteke zientzia esperimentalaren komunitatean, elkarrekin lan egiteko interesa gailentzen zaiola hizkuntzek eta kulturek sor ditzaketen oztopoei. Hori horrela, ezinbestean planifikatu eta kudeatu behar dira ingurune eleaniztunak, eta beharrezko neurriak eta bitartekoak ezarri, komunikazioa egokia izan dadin.

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak | Erantzun

Partaidetzazko aurrekontuak: orain da garaia

Danon-herrixe-Azkoitia-2012

Urtearen amaierarekin batera, hurrengo urterako aurrekontuak prestatzen hasten dira erakundeak. Ohiko eta ezinbesteko eginkizuna du hori Administrazioak, eta dokumentu batean jasota geratzen dira hurrengo urterako asmoak, proiektuak, zenbat eta zertan erabiliko den dirua… Azkenaldian, ordea, “aurrekontu” hitza sarritan beste batzuekin batera azaltzen zaigu: partaidetzazko, parte hartzeko…

Partaidetzazko aurrekontuak demokrazia zuzenaren tresna batzuk dira, herritarrek erakundeen jardunean eragiteko edo erabakiak hartzeko; elkarrizketa bidez, herritarrek eta ordezkariek elkarrekin lehentasunak zehazten dituzte, inbertsioak non egin behar diren erabaki. Esperientzia asko daude munduan (lehenengo aldiz Porto Alegren egin ziren, 1988an), eta gurean ere ugaritu egin dira oso denbora gutxian. Baina partaidetzazko aurrekontuen zakuan oso esperientzia desberdinak sartzen dira, eta garbi utzi beharra dago aurrekontuen berri ematea edo hurrengo urterako asmoak azaltzea ez dela nahikoa partaidetzazko aurrekontuak izateko; aitzitik, ezinbesteko baldintza da herritarrek erabakitzeko ahalmena izatea eta diru-kopuru bat (txikia bada ere) jartzea herritarren esku.

Bestalde, gai nagusia aurrekontuena izanik ere, honelako
prozesuetan herritarren bestelako hausnarketak, beharrak eta nahiak azaltzen dira, batzuk eguneroko gauza arruntak (argi bat konpontzea, zoruko zuloak estaltzea…) eta beste batzuk etorkizunera begira bultzatu nahi den herri-ereduarekin zerikusia daukatenak; izan ere, diru-kopuru jakin bat zertan erabiliko den hautatzean, lehentasunak ezartzeko ariketa bat egiten da. Parte hartzeko beste proiektu gehienetan bezala, emaitza baino garrantzitsuagoa da egindako bidea eta lana.

Partaidetzazko aurrekontuen lehen esperientzia 2009an egin

genuen Elhuyar Aholkularitzan, Zumaian, eta harrezkero urtez urte egin dira (ahal zela betiere hobekuntzak sartuta; adibidez, 2010ean, lan berezia egin genuen udal-langile eta -teknikariekin). Halaber, bereziki aipagarria da Azkoitian 2012an egindako “Danon herrixe” prozesua, herri-eredua lantzeko gogoeta-prozesua, 2013ko udal-aurrekontuetara erabat bideratua. Lehen hastapen haietatik, asko dira partaidetzazko esperientziak martxan jarri dituzten herriak, eta Gipuzkoan bereziki indarra hartzeko, erabakigarria izan da Gipuzkoako Foru Aldundiak gai honekin izan duen ekimena: 2013an esperientzia pilotu bat jarri zuen martxan Urola Erdian eta 500.000 euro jarri zituen herritarren esku; 2014an, berriz, Urola Erdian ez ezik, beste hiru eskualdetan ere egin zituzten; eta 2015ean gainerako eskualdeetara zabaltzeko asmoa dauka. Baina Gipuzkoan ez ezik, partaidetzazko aurrekontuak beste leku askotan ere lantzen dituzte, batzuetan aspalditik: Igorren, Berrizen, Amurrion, Ondarroan…

Partaidetzazko aurrekontuek lana eta ardura dakarte, egia da, baina onura askoz ere handiagoa da: kudeaketa publiko eraginkorragoa ahalbidetzen dute, ikuspegi gehiago azaltzen direlako eta behar errealen gainean egiten delako aurreikuspena; herritarrak beste rol bat hartzen du, aktiboagoa, arduratsuagoa; gardentasun-ariketa bat da, jakintza azaleratzen duena… Ikaste-prozesu bat, funtsean.

Oso denbora gutxian, errotzen ari dira partaidetzazko aurrekontuak eta parte partzeko kultura eta dagoeneko ohikoa iruditzen zaigu aurrekontuen gaineko informazioa jasotzea ez ezik, lehentasunak ezartzea eta diru-kopuru bat herritarren esku uztea, partaidetzazko aurrekontuek gurean aurreratu eta bide bat egin duten seinale. Hala ere, bereziki aipatu nahiko genituzke aurrealdean dauzkagun zenbait erronka:

  • Garrantzitsua da hasieratik mugak ongi azaltzea, espektatiba faltsurik ez sortzeko: aurrekontuen zati txiki bat baino ez da jartzen mahai gainean, aurrekontuaren zati handiena konprometituta egoten delako.
  • Nolanahi ere, hausnartzekoa eta aztertzekoa litzateke zergatik ezin diren ukitu edo mahai gainean aurrekontuen beste atal batzuk, gaur egun ukitzen ez direnak.
  • Partaidetzazko aurrekontuetan, bereziki zaindu beharreko alderdia da hizkuntzarena. Hizkera teknikoa, finantzarioa, ekonomikoa saihestu egin behar da, eta herritarrei gauzak argi eta ulergarri azaldu, lan egiteko modua ere herritar arruntari egokitu.
  • Partaidetzarako ohiko bidea presentziala da, batez ere, baina bestelako aukera batzuk jorratzea komeni da, batez ere teknologia berriek eskura jartzen dizkigutenak; etorkizunean, presentziala eta ez-presentziala uztartu beharko lirateke.
  • Herritarrak, hautetsiak eta teknikariak elkarlanean jardutea gomendagarria ez ezik, beharrezkoa ere bada, bakoitzak bere ikuspegia baitu, eta guztiena delako osagarria.

Urtearen amaierarekin batera, aurrekontuak prestatzeko garaia da, eta zorionez gero eta erakunde gehiago dira horretan ere herritarrek parte hartzea bultzatzen ari direnak.

 

 

Kategoriak Elhuyar, Partaidetza | Erantzun

Oro ez da urre

(*) Berria egunkarian 2014ko irailaren 30ean argitaratutako artikulua da hau.

Gaur, irailak 30, Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna dela eta, gogora ekarri nahi dugu itzulpenen kalitateak hizkuntzan eta gizartean duen eragina, eta nabarmendu itzulpen-prozesua testua sortzeko prozesua bezainbeste zaintzeko eta goxatzeko beharra. Testu itzuliek eragin zuzena dute ekonomian; batetik, gure gizartean elebitasuna eguneroko bizitzan txertatua dagoelako, eta, bestetik, etengabe esportatzen eta inportatzen direlako produktu eta zerbitzuak. Behar-beharrezkoa da hori gure lanean kontuan hartzea, hizkuntzak —hizkuntza guztiak— behar bezala zaintzea onuragarri izango baita denontzat, alde guztietatik. Ahal dugun neurrian, ideia hori gizartean zabaltzen eta praktikan jartzen saiatu behar genuke euskal erakunde eta enpresek.

Itzulpenen mundua konplexua da, eta, askotan, ez gara konturatzen zenbaterainokoa den itzulpen-lanen atzean dagoen lana. Bi hizkuntza dakizkien edonork itzul dezake testu bat hizkuntza batetik bestera nola edo hala, baina benetan hain erraza al da itzulpen egokiak egitea? Bi hizkuntza jakiteagatik soilik bihur al daiteke edonor itzultzaile?

Jende asko aritzen da testuak itzultzen, baina zer da kalitate oneko itzulpen bat? Nola neur daiteke hori? Nahiko subjektiboa dirudi, baina badira irizpide batzuk, neurgarriak, itzulpen bat ona den ala ez erabakitzen laguntzen dutenak.

Itzulpen on batek jatorrizkoaren eduki berbera jaso behar du, ez du informaziorik kendu behar, ezta testua informazio gehiagoz osatu ere. Jatorrizkoaren terminologia, hiztegia, esamoldeak, hizkera eta erregistroa errespetatu behar ditu helburukoak. Eta jatorrizko testua helburu jakin baterako sortu denez, eta publiko jakin bati begira, helburuko testuak ere hori hartu behar du kontuan, eta, beraz, helburuko publikoarentzako hizkera, joskera, esamolde eta hiztegi egokiak erabili.

Halaber, ez dago esan beharrik, testu on batek gramatika-, ortografia-, puntuazio- eta sintaxi-arauak bete behar ditu. Arauak dauden-daudenean bete behar dira. Gomendioen kasuan, berriz, komeni da itzulpen-zerbitzu bakoitzak irizpideak garbi zehaztuak izatea, koherentziaz jokatzeko. Baina arau eta gomendioetatik harago, testuaren antolaera bera dugu, askoz zailagoa, eta itzulpen baten arrakasta edo porrotaren erantzule zuzen-zuzena askotan.

Errazenetik hasita, itzulpen bat egokia den ala ez jakiteko irizpiderik objektiboenetako bat zenbakiak, datak eta izen bereziak dira. Jatorrizkoan dauden zenbakiak helburuko testuan agertzen dira? Datak ondo itzulita daude? Izen berezi guztiak helburuko testura ekarrita daude?

Irizpide objektiboekin segituz, baditugu lan-prozesuari lotutako irizpide batzuk: hor dugu, besteak beste, Europako Normalizazio Batzordeak 2006an argitaratu zuen itzulpen-zerbitzuei dagokien UNE-15038 araua, zeinak itzulpen-zerbitzu batek lan-prozesuan kontuan hartu beharreko alderdi guztiak arautzen baititu.

Formatu-kontuak ere ezin ahaztu. Jatorrizkoaren irudi, grafiko, eskema eta gainerakoak ere itzuli behar izaten dira. Kasu batzuetan, gainera, maketazio-lana ere egin behar izaten da. Komeni da, beraz, maketatzaileek itzultzaile-taldearekin eskuz esku lan egitea eta bezeroarekin aurrez zehaztea maketazio-lanaren nondik norakoak.

Behin betiko testua bezeroari bidali ondoren hark maketatu behar badu, ordea, ezinbestekoa da lana maketatu ondoren itzultzaileak gainbegiratzea, azken orduko akatsik gerta ez dadin.

Horrez gain, zerk eragin diezaioke itzulpenen kalitateari? Aurrerago aipatu dugun UNE-15038 arauan jasotzen den bezala, garrantzitsua da itzultzaileak bere ama-hizkuntzara soilik itzultzea, oso zaila baita ama-hizkuntza ez dugun eta heldu garela ikasi dugun hizkuntza bat ama-hizkuntza bezala menderatzea. Eta itzuli beharreko gaia ondo ezagutzea ere oso garrantzitsua da, noski.

Kalitate-arauak ezarritako beste arau garrantzitsu bat zuzentzaileari dagokiona da. Itzultzaile batek itzuli ondoren, beharrezkoa da beste itzultzaile zaildu batek gainbegiratzea testua, eta zuzendu beharrekoak zuzentzea. Testu teknikoetan, bestalde, aukeratutako terminoen egokitasuna aztertuko duen terminologo bat behar izaten da askotan. Beraz, oso lagungarria da itzultzaileen ondoan terminologoak egotea.

Txostenak, triptikoak eta enpresa-gaiak itzultzeko garaian, berriz, bezeroarekiko gertutasuna da kalitateari eragiten dion beste faktore garrantzitsu bat. Bezeroa zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta aukera gehiago itzulpen egokia egiteko, ondo jakingo baitugu bezeroak zer eta nola komunikatu nahi duen testuaren bidez.

Bestalde, IKTen garaian bizi gara, eta baliabide informatiko berriek asko laguntzen dute itzulpen-prozesuan; gaur egun, itzultzaile gehienek OLI tresnak (Ordenagailuz Lagundutako Itzulpenak) erabiltzen dituzte lanerako. Horien artean, itzulpen-memoriak dira ezagunenak, baina horiek bezain garrantzitsuak eta lagungarriak dira glosarioak eta kalitate-irizpideak egiaztatzeko tresnak ere, ezinbestekoak baitira testuaren koherentzia bermatzeko. Halaber, kudeaketan eta itzulpen-lanen fluxuan laguntzen duten tresnak ere geroz eta ugariagoak dira, eta kontuan hartzekoak, asko errazten baitute bezeroarekiko harremana.

Oro har, komeni da jatorrizkoa sortzeari emandako garrantzi bera ematea itzulpenari. Alegia, jatorrizkoa sortzeko prozesua kalitate-arau jakin batzuen arabera bideratu baldin badugu, zergatik ez dugu gauza bera egiten itzulpenarekin? Itzulpen-prozesua kontrolatzeko kalitate-arau jakin batzuk daudenez, haiek kontuan hartzea da lehenengo lana.

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak | Erantzun