Gazteek beraien aisialdia antolatu eta disfrutatu nahi izaten dute, eta beste alternatiba egokiagorik ezean, asko dira lokalak edo etxabeak hartzen dituztenak. Lokal horiek ugaritzearekin batera, hainbat arazo sortu dira herri batzuetan, batez ere lokalen erabiltzaileen eta bizilagunen artean, ohiko elkarbizitza astindu edo aztoratu dutenak. Horregatik, batzuetan arazoak konpondu nahian, beste batzuetan aurrea hartu nahian, gero eta herri gehiagotan gauzatzen ari dira gazte-lokalak eta elkarbizitza lantzeko prozesuak, gaiaz hitz egiteko, adostasunak bilatzeko eta kasu batzuetan, baita arautzeko ere. Elhuyar Aholkularitzak bukatu berri dugu Usurbilen horrelako prozesu bat eta amaitu ondorengo ikuspegitik, hainbat eta hausnarketa eragin dizkigu, hemen zuekin konpartitu nahi ditugunak.
Usurbilen 10 gazte-lokal inguru daude, gehien-gehienak erdigunean eta asko garai batean dendak izandakoak. Guztira 100 gazte inguru dabiltza lokal horietan, neska eta mutil antzera, baina Usurbilgo egoerak badauzka beste berezitasun batzuk: lokaletako gazte gehienak 25 urtetik gorakoak dira, 15 lagun baino gutxiago dabiltza lokal gehienetan, egonkortasun handia dago (lokal berean urte asko)… Orain arte ez da izan arazo handirik izan bizikidetzan, baina kasu batean Udalak esku hartu behar izan zuen eta lokal bat itxi. Etorkizunera begira, ordea, Udalak uste zuen komeni zela gazte-lokalez eta bizikidetzaz hitz egitea eta hausnartzea, gaiari ikuspuntu desberdinetatik begiratu eta aztertzea, eta horregatik jarri zuen martxan prozesu hau, eta hiru pauso nagusirekin:
- Hasteko, egoera aztertu genuen. Horretarako, gazte-lokaletan dabiltzan gazteei galdetegi bat helarazi genien. Hamar lokaletatik bederatzik erantzun zuten. Galdetegirako, “Gazteen lonjak eta lokalak EAEn” lana hartu genuen oinarritzat.
- Ondoren, diagnostikoa osatzeko eta ikuspegiak ezagutzeko, bi bilera egin genituen: bata, helduekin (bizilagunekin, jabeekin eta gurasoekin); bestea, berriz, gazteekin.
- Azkenik, bi tailer egin genituen, helduak eta gazteak denok elkarrekin, adostasunak lantzeko.
Bilerotan, guztira 35 lagunek (24 emakumezkok, 11 gizonezkok) hartu zuten parte.
Gaur egun, azken bilera baino ez da geratzen, azken dokumentua (adostasunena) berresteko eta Udalak hemendik aurrerako asmoak azaltzeko, eta amaierara iritsirik eta osotasunean begira, zenbait alderdi azpimarratu nahiko genituzke, horietako batzuekin haunarketa eragin nahian:
- Bizikidetzaz oso ikuspegi desberdinak dauzkagu, eta kolektibo edo talde bakoitzak berea, horietako bakoitzean ere ikuskera bat baino gehiago dago, eta batzuetan ez da erraza ados jartzea. Gazteak, gurasoak, lokalen jabeak, bizilagunak, udal-ordezkariak… ikuspegi desberdinak azaldu dira bileretan, eta prozesuak balio izan du batez ere enpatia-ariketa bat egiteko, besteena entzun, besteen lekuan jarri eta besteen ikuspegia ulertzeko. Inor ez da joan berea ezartzera, konbentzitzera, nola edo ahala berea aurrera ateratzera…, eta saioak oso aberasgarriak izan dira, batez ere besteen ikuspegiaren berri jakiteko eta ikasteko. Enpatiak daukan garrantziarekin batera, bereziki azpimarratu zen komunikazioa, behar den tokian eta behar denarekin hitz egin beharra eta horrela saihestuko liratekeela sor litezkeen arazo gehienak.
- Prozesuaren ardatza edo gai nagusia bizikidetza da, eta ez gazteak. Horrelakoetan garrantzitsua da hori garbi adieraztea hasieratik eta denok ikustea herritarren arteko elkarbizitzaz ari garela, leku berean nola bizi behar dugun pertsona-talde desberdinek, izan gazte edo heldu, bakoitzak bereari eutsiz baina betiere kontuan izanik ez dagoela bakarrik, besteak ere hor daudela. Horrelako prozesuetan, berebiziko garrantzia hartzen dute zenbait baliok: errespetua, begirunea…
- Usurbilen, prozesua abiatu genuenean, garbi geneukan amaierako emaitza adostasun batzuk izango zirela, dokumentu batean jasota, baina gero Udalak asmoa zeukan hortik aurrerago joan eta araudi edo ordenantza bat sortzeko. Prozesuan aurrera egin ahala, ordea, zalantzak areagotu egin ziren, alde batetik, arautzeak bazituelako berezko zailtasun batzuk: gazte-lokalak jarduera gisa ez badaude aitortuta, nola arautu? Legearen aldetik, ez zen erraza. Donostiako Udalak ordenantza egin eta onartu berri du, baina beste udal batzuek horrelakorik ez egitea erabaki dute. Usurbilen kasuan, zalantza sortzen zen ea zenbateraino beharrezkoa zen araudia gaur egun, gaiak bizikidetza-arazorik eragiten ez duenean. Gazte gehienek ez zuten ikusten honetaz hitz egiteko premiarik, zeuden bezala ondo zeudela zioten eta ez zegoela zertan egin araurik edo jarri baldintza edo betebeharrik. “Guztiok konforme egonda, zergatik mugitu gauzak?”. Gainera, Udalaren ustez, beste hainbat alorretan gertatzen den bezala, araudia egiten baldin bada, betetzeko eta betearazteko izan behar du, ez paper hutsean geratzeko edo gero ahazteko, ez ezartzeko. Adibidez, zergatik ezarri erabilera-ordutegia, arazorik ez baldin badago? Eta ezarri behar baldin bada, nork erabakiko du?
- Gazte-lokalak gabezia edo beharrak asetzeko konponbideak dira, gazteen aisialdirako alternatibak. Gazte-lokalez eta bizikidetzaz hausnartzearekin batera, udalek (eta, oro har, guztiok) gogoeta egin beharko genuke zer aukera daukaten gazteek aisialdirako edo zer eskaintzen zaien gazteei. Ez da adin erraza, adin txikiagokoentzat (haurrentzat eta nerabeentzat) gehiago edo gutxiago lantzen dira aisialdi-aukerak, baina hortik aurrerakoentzat?
- Beste zailtasun bat ere izan dugu prozesuan: nola erakarri gazteak eta gonbidatu bizikidetzaz hausnartzera, arazorik ez baldin bada? Arestian adierazitakoaren haritik, prozesua ez zen erakargarria eta beharrezkoa gazteentzat, ez zeukaten honetaz hitz egiteko batere premiarik, eta lokal gutxi batzuetako gazteak baino ez ziren etorri. Parte hartzeko gonbidapenaren aurrean, hauxe izan zen erantzunetako bat: “Egin araua, nahi baduzue, eta gero pasa”.
- Gazte izatetik heldu izateko bidean, gero eta erabaki gehiago hartu behar izaten ditugu geure kasa eta ardura gehiago hartu ere bai geure gain, eta horietako asko bakarka hartzekoak dira edo norberaren izenean. Prozesuan ikusi dugunez, gazteen aldetik badago ardura pertsonalak hartzeko nolabaiteko beldurra, izen-abizenak jartzekoa, eta talde osoa jartzen da horren arduradun. Adibidez, Udalari komeni zitzaion gazte-lokaletako ordezkarien kontaktuak izatea, ohiko harremanetarako, zerbaiten berri emateko edo arazorik izanez gero ere, baina oso zaila izan da lokalen arduradunak (izen-abizenekin) edo erantzuleak lortzea, kolektibitatearen barruan babesten zirelako gazteak.
- Gazte-lokalen eta bizikidetzaren gaian, legeak eta araudiak tartean direla, ezjakintasun handia dago zein diren ezinbesteko betebeharrak, zein diren gomendioak, eta ez dago behar bezalako informaziorik hainbat alderditan: zerbait gertatuta ere, nork egin behar du asegurua, gazteek (edo gurasoek) edo lokalaren jabeak? Zergatik komeni da kontratua idatziz izatea eta ez ahoz?… Lege-betebeharrak edo gomendioak direla-eta, komeni da horietan guztietan laguntza ematea, batez ere gazteei, eta horretan udalek bereziki lagun dezakete. Adibidez, Bilboko Udalak gomendio hauek argitaratu ditu Bilboko gazte-lonjentzat.
- …
Hemen daukazue Noaua aldizkarian argitaratutakoa.