Pozik hasi dugu urtea. Euskal gizarteari zerbitzu eraginkor bat eman nahian ari gara lanean, eta, datuak ikusita, badakigu gure hiztegiak lagungarri direla jende askorentzat.
2015ean, 14.020.466 kontsulta egin dituzte erabiltzaileek hiztegiak.elhuyar.eus webgunean, eta kontsulta horien % 98ri eman diogu erantzun bat. Kontsulten % 90ek jaso du ordaina zuzenean, eta bilaketen % 8an kontsulta zuzentzeko proposamena egin dugu (Did you mean…).
Emaitza txukunak dira, txukunak direnez, baina ez gaude bertan goxo geratzeko asmoz! Erantzunik jasotzen ez duen % 2 horri nola erantzun asmatzea dugu erronka.
Etengabe ari gara lanean gure hiztegiak hobetzeko, eta, erabiltzaileoi esker, gure hiztegietako 500 bat sarrera eguneratu, osatu, berritu, aldatu, sortu… ditugu 2015ean. Iruzkin eta proposamen asko jasotzen ditugu, eta ez dugu nahi beste baliabide guztiei berehala erantzuteko, baina 2016an ere jarraituko dugu lanean, gogotsu, gure hiztegiak etengabe eguneratzen, osatzen eta hobetzen.