Prestakuntza-pilulak dira euskaraz eroso jarduteko produktu bat, arina eta zehatza. Pilulak erabiltzen ditugu aurrez detektatu dugun hizkuntza-arazo baten gainean eragiteko. Pilulen helburua da euskaraz jardutean sortzen zaizkigun zalantzak uxatzea.
Pilulak, gure ustez, merkatuan dagoen hutsune bat betetzera datoz:
1. Ez genuen topatu enpresen ezaugarrietara egokitutako modu horretako produkturik. Enpresetako adibideak, egoerak… azaltzen dituenik.
2. Ohiko euskalduntzearen eskaintza eta erritmoa ez datoz bat enpresetako langileen beharrekin edo gaitasunarekin, langileentzako gogorrak dira oso.
3. Ikasitakoa lanean erabili ahal izateko behar izaten da denbora oso luzea. Aditz-taulak jakitea, erlatibozko esaldiak eta zehar-galderak bereiztea, zozoak txor-txor egiten duela jakitea… beharbada garrantzitsua izango da, baina hori jakin barik ere idatz daiteke mezu bat zuzen eta egoki.
Hortaz, pilulek enpresen eta erakundeetako pertsonen errealitateari erantzun gura diote. Ez datoz ezer ordezkatzera, astean hamar minutuk ez dute euskaltegietako asteko hamar orduen eraginik izango, baina behar dugun horretan hobetzen lagunduko digute.
Nork bere mailara egokitzen ditu pilulak. Gutxi dakienak eta asko dakienak, biek izango dute zer ikasia, A2 maila duenak eta C2 atera zuenak, nork bere mailan.
A2ra heltzen ez direnentzako ere beste pilula batzuk sortu ditugu, euskara jakin ez arren, euskarara hurreratu gura dutenentzako. Pilula horiek gaztelaniaz formulatzen ditugu, helburu dute euskararik ez dakiten horiei euskarara hurreratzeko aukera ematea. Irakastea mezu elektronikoetan kortesiazko agurrak zelan egiten diren, datak gutunetan zelan idazten diren, zenbakiak, zenbait lokuzio edo esamolde…
Pilulen hartzaileek erakundearekin adostutako egunean eta orduan mezu elektroniko bat jasotzen dute: txantiloi batean modu erakargarrian maketatutako azalpen labur bat. Horretaz gain, ikasitakoa lantzeko ariketa bat egiteko aukera izango du hartzaileak. Ariketak berak emango dio erantzunaren eta hutsaren berri.
Ariketa jasotzeko modu bi dago: artxibo erantsi gisa edo esteka baten bidez. Estekak bideratuko gaitu erakundearen intranetera edo web-orrira. Han kokatuta izango dugu ariketa. Bigarren aukera horrek segimendurako atea zabaltzen digu. Azter dezakegu zenbat pertsonak egin duen ariketa, non egin duen huts…
Pilulek, gura izanez gero, badute zerbitzu osagarri bat: Zalantzontzia. Zalantzontzia da pilulek argitzen ez duten hori argitzen laguntzeko eta zuzen eta egoki bidali gura den mezu edo gutun hori zuzentzeko eta egokitzeko zerbitzua, hizkuntza-irizpideen gaineko iritzia emango duen zerbitzua, hizkuntza aldetik zer betekizun dagoen jakinaraziko duen zerbitzua. Helbide elektroniko batera mezu bat bidalita egiten da.
Hona hemen pilulen adibide bat:
Ariketa (sistemak esaten dizu aukeratu duzun erantzuna zuzena den eta zergatik):