Euskararen gizarte-erakundeon etorkizuna: palankak eta balaztak

(*) Argia aldizkarian argitaratu zen artikulu hau 2014ko urriaren 19an.

Eguneroko urgentzia eta estutasunetatik ihes eginez, euskararen garapena xede dugun gizarte-erakundeon eta erakunde publikoen bide-orri eta agenda estrategikoetan kontuan hartu beharreko hainbat iradokizun egiten ausartu naiz lerro hauetan.

Berrikuntza soziala. Aholkularitza, kudeatzaile eta esparru akademikoaren klixe berri bihurtu da berrikuntza soziala, baina, zer den galdetuta, gutxik daki ondo. Orain aste batzuk, Gorka Espiau etorri zen Hernaniko Orona Ideora, Elhuyarrek antolatutako jardunaldira, eta definizio argigarri hau eman zigun: “Gizartea eraldatzen duten ideia, proiektu eta produktu berriak martxan jartzea da berrikuntza soziala”. Klixeak klixe, euskararen gizarte-erakundeon jardueran ikuspegi hori barneratzen badugu, aukera asko irekitzen zaizkigula esango nuke.

Inkrementala edo erradikala. Bi berrikuntza-mota daudela esaten du teoriak: inkrementala aldaketa txikiz ehundutako berrikuntza da; disruptiboa edo erradikala, aldiz, merkatu edo gizarte-eremu baten jokalekua erabat aldatu eta eraldaketa sakona dakarrena da. Berrikuntza disruptiboz jositako historia aberatsa izan da euskararen berreskurapena (euskararen estandarizazioa, ikastolen mugimendua, euskalduntze-alfabetatzea, hedabideak, hizkuntza-teknologietan egindako urratsak…), baina azken urteetan berrikuntza inkrementalean mugatuta gaudela esango nuke. Logikoa da, baina iruditzen zait disrupzio-logikan jarri behar dugula berriz indarra, euskararen garapena eta gizartearen eraldaketa bultzatzen jarraitzeko.

Berrikuntza disruptiboz jositako historia aberatsa izan da euskararen berreskurapena (euskararen estandarizazioa, ikastolen mugimendua, euskalduntze-alfabetatzea, hedabideak, hizkuntza-teknologietan egindako urratsak…), baina azken urteetan berrikuntza inkrementalean mugatuta gaudela esango nuke.

Ikerketa eta garapena. Berrikuntzak, soziala eta teknologikoa inkrementala edo disruptiboa izanda ere, ikerketa eta garapena izan behar du oinarri. Nola lortuko ditugu euskarazko produktu berritzaile eta erakargarriak? Nola bermatuko dugu euskara digitalki osasuntsu egotea, ikerketarik eta garapenik gabe? IKT laguntzetan izan diren beherakadak, 2014an Saiotek deialdia bertan behera geratu izana, eta Euskal Zientzia eta Teknologia Sarearen berrantolaketa berriaren ziurgabetasuna ez dira batere sintoma onak.

SROI metodologia (Social Return Of Investment). Egindako inbertsio eta jarduerak gizarteari emandako etekina neurtzeko sistemari deitzen zaio nolabait. Mundu anglosaxoian asko zabaldu da, eta badugu nondik ikasi. Zertarako? Ikusezinak izateari uzteko eta gizarteari egiten diogun ekarpen soziala eta ekonomikoa objektibatzeko.

Askotan esana. Esan bai, baina gutxitan praktikan jartzen duguna. Kilometro karratu gutxiren barruan zenbat enpresa eta erakunde ari gara bezero berberei produktu eta zerbitzu oso antzekoak eskaintzen? Ikerketa-proiektu berdinak edo oso antzekoak aurkezten? Eta produktua ez bada bideragarria, denak itzulpenak egiten hasi, tarifak jaitsi, eta kuotatxoa eskuratzera… Baina, horrela, merkatua ez da haziko, elkarri tokia jaten diogu, eta marjinak jaitsi egiten dira. Epe luzera, guztion kalterako. Hekimen eta Langune jaio dira, baina elkarlanean bada zertan sakondu.

Erosle-logikatik industria-logikara. Ez gara gu ikuspegi-falta dugun bakarrak. Adibide argiak ditugu euskal administrazioan erosle-logika sektore ekonomikoa indartzeko estrategiari gailendu zaiola esateko (itzulpen automatikoan edo ahotsaren teknologietan, esaterako). Aldeak alde, inork imajinatzen du Euskotren CAFenak beharrean Alstom-en trenak erosten? Baliabide-hornitzailearen bigarren mailako papera jokatzea edo hizkuntza-teknologien sortzaile eta garatzaile izatea, hori da hautua. Ni, behintzat, bigarrenaren alde, baina, horretarako, ezinbestekoa da guztiok ere hori sinestea.

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak | Erantzun

Erabiltzaile gehiagorengana iristeko giltza

Elhuyarrek eta  UPV/EHUko Aholab ikerketa-taldeak, ahots-sintesi bidez (Text-To-Speech) webguneak entzuteko teknologia garatu berri dugu. Urteetan hainbat hainbat ikerketa-proiektutan aritu gara elkarlanean, eta hasi gara ikerketa horien emaitzak gizarteratzen eta enpresetara zabaltzen: merkaturatzen, alegia.

Ahots-teknologietan gaur egun lortu den aurrerapen-maila teknologiaren eta hizkuntzaren araberakoa da. Nahiz eta ahots-ezagutzan oraindik badagoen zer hobeturik hizkuntza guztietan, ahotsaren sorkuntza naturalean oso emaitza onak lortzen dira; baita euskararen kasuan ere. Aholabek oso kalitate oneko ahots sintetiko neutroa lortu du euskararako, aplikazioetan erabiltzeko; horregatik, Aholabekin elkarlanean, ahots sintetikoa webguneetan integratzeko teknologia garatu dugu.

Arg. SEREZNIY/123RF

 

Entzun Elhuyar aldizkaria

Arg. SEREZNIY/123RF

Ahots-sintesian oinarritutako teknologiak gero eta garrantzi handiagoa ari dira hartzen, eta Elhuyarren oso interesgarritzat jo dugu webguneak entzuteko aukera izatea. Horregatik, ahots-sintesian oinarritutako teknologiak garatu eta merkatuan jartzea erabaki dugu.

Webguneak entzuteko teknologia horren bidez, erabiltzaileek aukera dute webgune horietako edukiak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, katalanez eta galegoz modu naturalean entzuteko, eta enpresa eta erakundeen webgune, intranet eta sareko proiektuetan teknologia hori txertatzeak hainbat onura dakartza:

  • Ikusmen-arazoak eta desgaitasunak dituzten pertsonentzako zerbitzu gehigarri bat eskaintzen du enpresak, erakundearen testuak eta edukiak irakurtzeko aukera emango duena. Hainbat ikerketak diote biztaleen % 15-% 20k duela hizkuntzarekin zerikusia duen arazoren bat, ulertzeko edo ikasteko desgaitasunen bat (Ikusmena, dislexia…)
  • Mugikorren eztandaren ondorioz, irakurtzea zailagoa da orain, pantailen tamainagatik edo mugimenduagatik. Horregatik, testuak entzun ahal izateak erraztasun handiagoak ematen ditu
  • Erakundearen edukia ahalik eta irisgarriena izateko eta ahalik eta jende gehienarengana iristeko aukera ematen du, horretarako komunikazio-kanal berri bat irekiz.

Hainbat funtzionalitate eskaintzen ditu teknologiak: artikulu, testu-albiste eta erreportajeak entzutean, erabiltzaileek gizonezko- edo emakumezko-ahotsa aukeratu ahal izatea; esaldiz esaldi edo paragrafoz paragrafo nabigatu eta entzuteko aukera izatea; irakurketaren erritmoa eta abiadura zehazteko aukera. HTML5 teknologia estandarrarekin garatua dago guztia.

Bestalde, hainbat funtzionalitate eta hobekuntza ere gara ditzakegu bezeroaren beharrei egokituz: webguneko edukiez gainera, dokumentuak eta aurkezpenak entzuteko aukera ematea; edukiak entzuteko eta audioan gordetzeko aukera ematea; ahots berriak txertatzea, domeinura egokitzea edo intonazioa bera ere hobetzea.

Teknologia eta zerbitzua etengabe hobetzen ari gara, eta gertutasuna ardatz bezeroak dituen iradokizun, ekarpen eta beharrei etengabe erantzuteko prest egongo gara beti.

Teknologia hau dagoeneko aplikatu da Elhuyar hiztegietan, enpresen hizkuntza-kudeaketarako Hizkuna plataforman, Matxin gaztelania euskara itzultzaile automatikoan  Elhuyar aldizkariko webgunean, Zientzia.net-en, Xuxen zuzentzailearen webgunean  eta EITB.eus-en..

Horretaz gainera, teknologia eta zerbitzu honen inguruan probaren egin nahiko bazenute hemen dituzue demoak:

Informazio gehiago:

Kategoriak Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak, Teknologiak | Erantzun

Casares Irratia berpizten

Casares Irratia - ElhuyarDuela urtebete, 2013ko azaroaren bukaeran, hasi ginen lanean Casares Irratian. Donostiako Altza auzoko Casares-Tomasene Kultur Etxearen berezitasuna da, eta handik emititzen du FM 107.4an. Mugimendu handiko urteak bizi izan zituen, baina azken urteetan beheraldian zegoen nabarmen. Hala, irratia berpiztea zen erronka.

Aurreko hornitzaileak joandakoan emititzen jarraitzea izan zen lehenengo helburua. Horretarako, ekipamendu informatikoa jarri genuen, irratiko ekipamendua ikuskatu, garbiketa eta konponketa batzuk egin, eta lortu genuen hasierako unetik 24 orduko emisioa bermatzea. Geroztik horrelaxe dihardugu, egunero eta 24 ordutan emititzen, FM-n eta online.

Lehen ere emititzen zen online, baina webgunea oso zaharkitua eta utzita zegoen, eta ezinbestekoa zen berria egitea. www.casaresirratia.info sortu genuen. Webgunean, batetik, zuzeneko emisioa entzun daiteke streamming bidez; eta, bestetik, sortzen diren edukiak igotzen ditugu Creative Commons lizentziapean; hala, nahieran entzun, partekatu eta deskargatu daitezke. Webgunearekin batera, Facebookeko eta Twitterreko (@dk_casares) profilak ere sortu genituen. Eta, poliki poliki, jarraitzaileak gorantz doaz.

Proiektua hartu genuenean 4 irratsaiok osatzen zuten irratiaren programazioa, denak gaztelaniaz. Bertako ekoizpena indartzeko lan egin behar genuen, baina horretaz gain, Arrosa irrati-sareko edukiekin osatu genuen programazioa. Hala, bide batez, euskararen presentzia sendoa bermatu dugu. 2014ean, 33 irratsaiorekin osatutako programazioa eskaini dugu. Horietatik 16 saio Arrosa sarearen bidez eskaini ditugu, eta beste 17 Casaresen ekoitziak izan dira (maiztasun desberdinekin): irrati-tailerreko partaideek, kolektiboek, irratiko lantaldeak…

Irrati-tailerra da Casares Irratiaren funtsetako bat (Altzako Irrati Tailer gisa jaio zen). Tailerrean parte-hartzen duten pertsonei laguntza teknikoa ematen zaie, beharren arabera. Gaur egun, 9 irratsaio egiten dira irrati-tailerrean.

Lehen egiten ziren saio batzuk ere berriz martxan jarri ditugu. Esaterako, Donostiako Udalaren Plus55 programarekin lankidetzan, Narratzaileen txokoa eta Olerkarien txokoa egiten ditugu; eta, Donostiako Gazteria sailarekin lankidetzan, Gure Kabuz saioa. Azken hau gazteek egiten duten saioa da. Aurreko ikasturtean hogei gaztek parte hartu zuten, eta ikasturte honetan hamabik.

Bestalde, bereziki azpimarratu nahi ditugu aurten martxan jarri ditugun beste saio hauek: Gentequehacecosas, Ttalaka, Hemen egina, eta Cine CC Donostia. Izan ere, Donostiako kolektiboek egiten dituzte saio horiek, eta zuzenean bat egiten dute Casares Irratiaren helburu nagusietako batekin: Donostialdean sortzen diren kultura-mugimenduak aireratzea.

Ildo horretan, aipatzekoa da baita ere Gure Ahotik saioa. Donostiako musika-taldeak edo bakarlariak aurkezteko eta ezagutarazteko erreportajeak dira. Momentuz hiru egin dira, baina maiztasun handiagoz grabatzen hastea da gure asmoa.

Trebakuntzaren arloa ere garrantzitsua da, bere estudioak hiritarren eskura jarri nahi dituen irrati batentzat. Hala, Casares Irratian lanean hasi orduko antolatu genuen lehenengo ikastaroa. Forki eta Sergio Errasti profesionalek emandako irratigintzako ikastaroa izan zen, eta oso denbora-tarte txikiarekin egin zen arren, deialdiak arrakasta izan zuen.

Ikasturte honetarako, berriz, eskaintza oparoa prestatu dugu, izen handiko profesionalekin: Forki eta Sergio Errasti (irratigintza), Xabi Unanue (irrati digitala), Kiko Jauregi (lokuzio profesionala), Inko Martin eta Galder Perez (irrati-antzerkia), Joxerra Garzia (jendaurrean hitz egin), eta Xabi Erkizia (Ahotsaren laborategia). Hala ere, oraingo honetan, ikastaroek ez dute hainbesteko arrakastarik izan, eta, askotan, ez gara iristen ari ikasle-kopuru minimoa izatera.

Azkenik, aipatzekoak dira urtean zehar egin ditugun hainbat emanaldi edo ekitaldi berezi:

Hauxe da, gutxi gorabehera, Casares Irratia berpizteko intentzioz, orain arte egin duguna. Ez da erronka erraza, eta oraindik badago, nola ez, zer egina; baina bultzadatxo bat eman diogu behintzat, eta pentsatzen dugu bide onean goazela.

Kategoriak Elhuyar, Komunikazioa | Erantzun