Bizentaren hitzetatik eraldaketarako tresnetara, Markina-Xemeinen

Badakit, enzunaz beste gabe,
neskatx gazte baten izena dagoala itxatsirik  liburutxo onen aurkean,
jardungo dutela siñuka ez gutxik, diotela beren artean,
iñoren lumaz janzi nai duela bela-txikiak;
au da, besteren bearrak artu nahi ditudala neretzat;
ez dagokiola neskatxa bati bururik ausitzea liburugiñen:
asko duela gorua, naiz jostorratza zuzen erabiltzea.

Bizenta Mogel, idazlea, 1804
(Azkoitia, 1782-Abanto, 1854. Oso gaztea zela, umezurtz geratu eta Markinan bizi izan zen osabarekin, Joan Antonio Mogel apaiz idazlearekin)

markina-2014

Bizenta Mogel idazlea Azkoitian jaio eta Abanton hil zen, baina gazte zela Markina-Xemeinen bizi izan zen.  Goialdean jaso dugun aipuan garbi adierazten du Bizentak zer zen emakume izateagatik berarengandik espero zena eta nola bizi izan zuen berak espero zen horretatik aldentzea: agerian da nahi zuen horretan jarduteko askatasunik eta onarpen sozialik ez zuela.

Emakume edo gizon jaiotzeagatik,  gugandik espero denak bilakaera handia izan duen arren, aldeek hor diraute eta espektatiba horiek muga dira askatasunean eta berdintasunean garatu eta bizitzeko.

Muga horiez jabetuta, 2014ko uda aurretik ekin genion Markina-Xemeingo Berdintasunerako Plana diseinatzeko prozesuari.
Hilabete hauetan, laurogei bat lagunek (herritarrak, eragileak, udal-langileak eta ordezkari politikoak), modu batera edo bestera, parte hartu dute egitasmoan. Prozesuaren muina, berriz, iraunkorki ibili direnak, Parekidetasun Batzordeko kideak izan dira.

Herritarren eta gainerako eragileen parte hartzea oinarrizkoa izan da, bai diagnostikoa osatzeko garaian, baita Plana osatzeko garaian ere, ahalik eta ekarpen zabalenak eta anitzenak jasotzeko. Eurak izan dira, euren pertzepzio eta bizipenetatik, beharrak eta hutsuneak identifikatu eta lehentasunak finkatu dituztenak. Horretarako, elkarrizketa pertsonalak eta taldekoak egin ditugu, informazioa biltzeko garaian zortzi arlo desberdin bereiziz: emakumeak, udala, gizarteratzea, enplegua, hezkuntza, kultura, kirola eta hirigintza.

Parekidetasun Batzordearekin elkarlana, berriz, ezinbestekoa izan da bildutako informazioa ongi egituratu, kontrastatu eta osatzeko, batetik, eta, komunikazio-lanak egin eta jendea prozesura erakartzeko, bestetik.

Diagnostikoaren gainean eta herriko ahuleziei erantzuteko asmoarekin eraikitako Planak 4 ardatz, 16 helburu estrategiko eta 53 helburu operatibo jasotzen ditu. Lanerako 3 egitura ere aurreikusten ditu.

Helburuak asko dira, beraz, eta horien artean dago, adibidez, Markina-Xemeingo biztanleen eta elkarteen artean, berdintasunaren aldeko balioak sustatzea eta balio-aldaketa eragitea. Horrek esan nahi du egiten dugun horretan genero-ikuspegia txertatzea, sexismoa gure hizkeran baztertzea, jarrera parekideak edukitzea, etab.

Finean, Berdintasunerako Planak Markina-Xemeingo emakumeen eta herritar guztien bizi-kalitatean eta ongizatean eragitea du helburu eta Parekidetasun Batzordeko kideek garbi dute bizi-kalitateaz ari garenean, zertaz ari garen: Amaia Perez Orozcok ekonomialari feministak dioen modura, merezi duen bizitzaz ari dira, ez delako zilegi batzuen ongizatea besteen bizkar eraikitzea.

Planak plan, bide horretan urratsak egiteko, ezinbestekoa da herritarren sentsibilizazioa eta inplikazioa, eta egitasmoaren motorra izan den Parekidetasun Batzordea bezalako talde bat. Espero dugu prozesu honekin oinarri sendoak jartzen lagundu izana.

 

Kategoria: Elhuyar, Emakume eta gizonen berdintasuna. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>