Partaidetzazko aurrekontuak: orain da garaia

Danon-herrixe-Azkoitia-2012

Urtearen amaierarekin batera, hurrengo urterako aurrekontuak prestatzen hasten dira erakundeak. Ohiko eta ezinbesteko eginkizuna du hori Administrazioak, eta dokumentu batean jasota geratzen dira hurrengo urterako asmoak, proiektuak, zenbat eta zertan erabiliko den dirua… Azkenaldian, ordea, “aurrekontu” hitza sarritan beste batzuekin batera azaltzen zaigu: partaidetzazko, parte hartzeko…

Partaidetzazko aurrekontuak demokrazia zuzenaren tresna batzuk dira, herritarrek erakundeen jardunean eragiteko edo erabakiak hartzeko; elkarrizketa bidez, herritarrek eta ordezkariek elkarrekin lehentasunak zehazten dituzte, inbertsioak non egin behar diren erabaki. Esperientzia asko daude munduan (lehenengo aldiz Porto Alegren egin ziren, 1988an), eta gurean ere ugaritu egin dira oso denbora gutxian. Baina partaidetzazko aurrekontuen zakuan oso esperientzia desberdinak sartzen dira, eta garbi utzi beharra dago aurrekontuen berri ematea edo hurrengo urterako asmoak azaltzea ez dela nahikoa partaidetzazko aurrekontuak izateko; aitzitik, ezinbesteko baldintza da herritarrek erabakitzeko ahalmena izatea eta diru-kopuru bat (txikia bada ere) jartzea herritarren esku.

Bestalde, gai nagusia aurrekontuena izanik ere, honelako
prozesuetan herritarren bestelako hausnarketak, beharrak eta nahiak azaltzen dira, batzuk eguneroko gauza arruntak (argi bat konpontzea, zoruko zuloak estaltzea…) eta beste batzuk etorkizunera begira bultzatu nahi den herri-ereduarekin zerikusia daukatenak; izan ere, diru-kopuru jakin bat zertan erabiliko den hautatzean, lehentasunak ezartzeko ariketa bat egiten da. Parte hartzeko beste proiektu gehienetan bezala, emaitza baino garrantzitsuagoa da egindako bidea eta lana.

Partaidetzazko aurrekontuen lehen esperientzia 2009an egin

genuen Elhuyar Aholkularitzan, Zumaian, eta harrezkero urtez urte egin dira (ahal zela betiere hobekuntzak sartuta; adibidez, 2010ean, lan berezia egin genuen udal-langile eta -teknikariekin). Halaber, bereziki aipagarria da Azkoitian 2012an egindako “Danon herrixe” prozesua, herri-eredua lantzeko gogoeta-prozesua, 2013ko udal-aurrekontuetara erabat bideratua. Lehen hastapen haietatik, asko dira partaidetzazko esperientziak martxan jarri dituzten herriak, eta Gipuzkoan bereziki indarra hartzeko, erabakigarria izan da Gipuzkoako Foru Aldundiak gai honekin izan duen ekimena: 2013an esperientzia pilotu bat jarri zuen martxan Urola Erdian eta 500.000 euro jarri zituen herritarren esku; 2014an, berriz, Urola Erdian ez ezik, beste hiru eskualdetan ere egin zituzten; eta 2015ean gainerako eskualdeetara zabaltzeko asmoa dauka. Baina Gipuzkoan ez ezik, partaidetzazko aurrekontuak beste leku askotan ere lantzen dituzte, batzuetan aspalditik: Igorren, Berrizen, Amurrion, Ondarroan…

Partaidetzazko aurrekontuek lana eta ardura dakarte, egia da, baina onura askoz ere handiagoa da: kudeaketa publiko eraginkorragoa ahalbidetzen dute, ikuspegi gehiago azaltzen direlako eta behar errealen gainean egiten delako aurreikuspena; herritarrak beste rol bat hartzen du, aktiboagoa, arduratsuagoa; gardentasun-ariketa bat da, jakintza azaleratzen duena… Ikaste-prozesu bat, funtsean.

Oso denbora gutxian, errotzen ari dira partaidetzazko aurrekontuak eta parte partzeko kultura eta dagoeneko ohikoa iruditzen zaigu aurrekontuen gaineko informazioa jasotzea ez ezik, lehentasunak ezartzea eta diru-kopuru bat herritarren esku uztea, partaidetzazko aurrekontuek gurean aurreratu eta bide bat egin duten seinale. Hala ere, bereziki aipatu nahiko genituzke aurrealdean dauzkagun zenbait erronka:

  • Garrantzitsua da hasieratik mugak ongi azaltzea, espektatiba faltsurik ez sortzeko: aurrekontuen zati txiki bat baino ez da jartzen mahai gainean, aurrekontuaren zati handiena konprometituta egoten delako.
  • Nolanahi ere, hausnartzekoa eta aztertzekoa litzateke zergatik ezin diren ukitu edo mahai gainean aurrekontuen beste atal batzuk, gaur egun ukitzen ez direnak.
  • Partaidetzazko aurrekontuetan, bereziki zaindu beharreko alderdia da hizkuntzarena. Hizkera teknikoa, finantzarioa, ekonomikoa saihestu egin behar da, eta herritarrei gauzak argi eta ulergarri azaldu, lan egiteko modua ere herritar arruntari egokitu.
  • Partaidetzarako ohiko bidea presentziala da, batez ere, baina bestelako aukera batzuk jorratzea komeni da, batez ere teknologia berriek eskura jartzen dizkigutenak; etorkizunean, presentziala eta ez-presentziala uztartu beharko lirateke.
  • Herritarrak, hautetsiak eta teknikariak elkarlanean jardutea gomendagarria ez ezik, beharrezkoa ere bada, bakoitzak bere ikuspegia baitu, eta guztiena delako osagarria.

Urtearen amaierarekin batera, aurrekontuak prestatzeko garaia da, eta zorionez gero eta erakunde gehiago dira horretan ere herritarrek parte hartzea bultzatzen ari direnak.

 

 

Kategoria: Elhuyar, Partaidetza. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>