Eman Bostekoa, hartu konpromisoa

Elhuyar Aholkularitzaren Bostekoa talde baten hizkuntza-ohitura aldatzeko tresna eraginkorra da, taldekideen bizipenetan eta haien arteko harremanetan oinarritzen dena. 2011n, horri buruzko artikulu bat argitaratu genuen Gestion aldizkarian, eta, gaurkotasun osoa duenez, hona ekarri nahi izan dugu, egokituta.

Bostekoaz galdetzean, “Barrenak astindu” dizkiola dio CAFeko langile Mikel Viñauk, eta, bi hitz soiletan, ezin hobeto azaldu du prozesuaren dinamika eta helburua. Izan ere, Bostekoak astindua eragin nahi du pertsonengan eta horien jarreretan, horrela, pertsonengandik abiatuta, talde osoaren errealitatea aldatzeko. Bostekoa Eraldaketa-prozesu bat baita azken finean,  pertsonen eta taldearen hizkuntza-ohiturak aldatzeko egiten den ibilbidea.

Bostekoak

Elkarrekin helmugarantz, poliki eta pauso irmoz. Enpresa baten baitan, elkarrekin lan egiten duten edo harremana maiz duten lagunak elkartzen ditu Bostekoak, hamar-hamabost kideko taldeetan. Bospasei saiotan, euskararekiko jarrera kontzienteak bultzatzeko eta beraien arteko harremanak euskalduntzeko gogoeta egiten dute, Elhuyar Aholkularitzako teknikarien gidaritzapean. Asmoa da, poliki-poliki, enpresa guztian eragitea eta, horrenbestez, talde batek prozesua amaitu orduko, beste talde bat abian jartzea, sare moduko bat ehuntzeko.

Konfiantzazko giroa sortu behar da”, dio Elhuyar Aholkularitzako teknikari Maite Zipitriak. CAFen Irungo eta Beasaingo lantegietan gisa horretako saioak gidatu izan ditu Maitek, eta, bere esanetan, “ezinbestekoa da langileak gustura sentiaraztea, pentsatzen eta sentitzen dutena lasai esateko moduko giroa sortzea. Umorea ere oso garrantzitsua da. Prozesu horietan kide guztiek dute lekua, eta guztiek dute zeresana, zer irakatsia eta zer ikasia. Horretarako, eguneroko dinamikatik atera behar dugu, ohiko bileretatik, beste formatu bat erabili konfiantza-giro hori sortzeko. Euskararen inguruan sentitzen eta pentsatzen duguna mahai gainean jarri behar dugu, eta teknikariok gogoeta sustatu behar dugu, pentsatzen dugun horren atzean benetan zer dagoen azaleratzeko. Egiten duguna zergatik egiten dugun kontziente izan behar dugu, jarrera eta jokaerak aldatu ahal izateko”.

Beraz, nork bere urratsak eman behar ditu, taldeak pausoak egin ditzan. Emaitzak ere halaxe zabaltzen dira, norberarengandik hasi eta talderaino: langile batzuek euskaltegian izena emateko motibazioa aurkitzen dute, eta beste batzuek haien arteko hizkuntza-ohiturak aldatzen dituzte, horrelaxe erabakitzen dutelako: “Bakoitzak nahi duen pertsonarekin hartzen du euskaraz egiteko eta ohiturak aldatzeko konpromisoa. Gainera, abiatzea eginda dago: dagoeneko prozesuan euskaraz egin dute beraien artean, eta, beraz, errazagoa da lotsak eta beldurrak alde batera uztea”.

Kategoria: Elhuyar. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>