Elhuyarrek eta UPV/EHUko Aholab ikerketa-taldeak, ahots-sintesi bidez (Text-To-Speech) webguneak entzuteko teknologia garatu berri dugu. Urteetan hainbat hainbat ikerketa-proiektutan aritu gara elkarlanean, eta hasi gara ikerketa horien emaitzak gizarteratzen eta enpresetara zabaltzen: merkaturatzen, alegia.
Ahots-teknologietan gaur egun lortu den aurrerapen-maila teknologiaren eta hizkuntzaren araberakoa da. Nahiz eta ahots-ezagutzan oraindik badagoen zer hobeturik hizkuntza guztietan, ahotsaren sorkuntza naturalean oso emaitza onak lortzen dira; baita euskararen kasuan ere. Aholabek oso kalitate oneko ahots sintetiko neutroa lortu du euskararako, aplikazioetan erabiltzeko; horregatik, Aholabekin elkarlanean, ahots sintetikoa webguneetan integratzeko teknologia garatu dugu.
Ahots-sintesian oinarritutako teknologiak gero eta garrantzi handiagoa ari dira hartzen, eta Elhuyarren oso interesgarritzat jo dugu webguneak entzuteko aukera izatea. Horregatik, ahots-sintesian oinarritutako teknologiak garatu eta merkatuan jartzea erabaki dugu.
Webguneak entzuteko teknologia horren bidez, erabiltzaileek aukera dute webgune horietako edukiak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, katalanez eta galegoz modu naturalean entzuteko, eta enpresa eta erakundeen webgune, intranet eta sareko proiektuetan teknologia hori txertatzeak hainbat onura dakartza:
- Ikusmen-arazoak eta desgaitasunak dituzten pertsonentzako zerbitzu gehigarri bat eskaintzen du enpresak, erakundearen testuak eta edukiak irakurtzeko aukera emango duena. Hainbat ikerketak diote biztaleen % 15-% 20k duela hizkuntzarekin zerikusia duen arazoren bat, ulertzeko edo ikasteko desgaitasunen bat (Ikusmena, dislexia…)
- Mugikorren eztandaren ondorioz, irakurtzea zailagoa da orain, pantailen tamainagatik edo mugimenduagatik. Horregatik, testuak entzun ahal izateak erraztasun handiagoak ematen ditu
- Erakundearen edukia ahalik eta irisgarriena izateko eta ahalik eta jende gehienarengana iristeko aukera ematen du, horretarako komunikazio-kanal berri bat irekiz.
Hainbat funtzionalitate eskaintzen ditu teknologiak: artikulu, testu-albiste eta erreportajeak entzutean, erabiltzaileek gizonezko- edo emakumezko-ahotsa aukeratu ahal izatea; esaldiz esaldi edo paragrafoz paragrafo nabigatu eta entzuteko aukera izatea; irakurketaren erritmoa eta abiadura zehazteko aukera. HTML5 teknologia estandarrarekin garatua dago guztia.
Bestalde, hainbat funtzionalitate eta hobekuntza ere gara ditzakegu bezeroaren beharrei egokituz: webguneko edukiez gainera, dokumentuak eta aurkezpenak entzuteko aukera ematea; edukiak entzuteko eta audioan gordetzeko aukera ematea; ahots berriak txertatzea, domeinura egokitzea edo intonazioa bera ere hobetzea.
Teknologia eta zerbitzua etengabe hobetzen ari gara, eta gertutasuna ardatz bezeroak dituen iradokizun, ekarpen eta beharrei etengabe erantzuteko prest egongo gara beti.
Teknologia hau dagoeneko aplikatu da Elhuyar hiztegietan, enpresen hizkuntza-kudeaketarako Hizkuna plataforman, Matxin gaztelania euskara itzultzaile automatikoan Elhuyar aldizkariko webgunean, Zientzia.net-en, Xuxen zuzentzailearen webgunean eta EITB.eus-en..
Horretaz gainera, teknologia eta zerbitzu honen inguruan probaren egin nahiko bazenute hemen dituzue demoak:
Informazio gehiago:
- Norteko Ferrokarrila irratsaioan Igor Leturiari elkarrizketa
- Basque Research webgunean albistea
- Zientzia.net webgunean Igor Leturiaren artikulua
- Berbatek bikoizketa automatikoaren demoa