Casares Irratia berpizten

Casares Irratia - ElhuyarDuela urtebete, 2013ko azaroaren bukaeran, hasi ginen lanean Casares Irratian. Donostiako Altza auzoko Casares-Tomasene Kultur Etxearen berezitasuna da, eta handik emititzen du FM 107.4an. Mugimendu handiko urteak bizi izan zituen, baina azken urteetan beheraldian zegoen nabarmen. Hala, irratia berpiztea zen erronka.

Aurreko hornitzaileak joandakoan emititzen jarraitzea izan zen lehenengo helburua. Horretarako, ekipamendu informatikoa jarri genuen, irratiko ekipamendua ikuskatu, garbiketa eta konponketa batzuk egin, eta lortu genuen hasierako unetik 24 orduko emisioa bermatzea. Geroztik horrelaxe dihardugu, egunero eta 24 ordutan emititzen, FM-n eta online.

Lehen ere emititzen zen online, baina webgunea oso zaharkitua eta utzita zegoen, eta ezinbestekoa zen berria egitea. www.casaresirratia.info sortu genuen. Webgunean, batetik, zuzeneko emisioa entzun daiteke streamming bidez; eta, bestetik, sortzen diren edukiak igotzen ditugu Creative Commons lizentziapean; hala, nahieran entzun, partekatu eta deskargatu daitezke. Webgunearekin batera, Facebookeko eta Twitterreko (@dk_casares) profilak ere sortu genituen. Eta, poliki poliki, jarraitzaileak gorantz doaz.

Proiektua hartu genuenean 4 irratsaiok osatzen zuten irratiaren programazioa, denak gaztelaniaz. Bertako ekoizpena indartzeko lan egin behar genuen, baina horretaz gain, Arrosa irrati-sareko edukiekin osatu genuen programazioa. Hala, bide batez, euskararen presentzia sendoa bermatu dugu. 2014ean, 33 irratsaiorekin osatutako programazioa eskaini dugu. Horietatik 16 saio Arrosa sarearen bidez eskaini ditugu, eta beste 17 Casaresen ekoitziak izan dira (maiztasun desberdinekin): irrati-tailerreko partaideek, kolektiboek, irratiko lantaldeak…

Irrati-tailerra da Casares Irratiaren funtsetako bat (Altzako Irrati Tailer gisa jaio zen). Tailerrean parte-hartzen duten pertsonei laguntza teknikoa ematen zaie, beharren arabera. Gaur egun, 9 irratsaio egiten dira irrati-tailerrean.

Lehen egiten ziren saio batzuk ere berriz martxan jarri ditugu. Esaterako, Donostiako Udalaren Plus55 programarekin lankidetzan, Narratzaileen txokoa eta Olerkarien txokoa egiten ditugu; eta, Donostiako Gazteria sailarekin lankidetzan, Gure Kabuz saioa. Azken hau gazteek egiten duten saioa da. Aurreko ikasturtean hogei gaztek parte hartu zuten, eta ikasturte honetan hamabik.

Bestalde, bereziki azpimarratu nahi ditugu aurten martxan jarri ditugun beste saio hauek: Gentequehacecosas, Ttalaka, Hemen egina, eta Cine CC Donostia. Izan ere, Donostiako kolektiboek egiten dituzte saio horiek, eta zuzenean bat egiten dute Casares Irratiaren helburu nagusietako batekin: Donostialdean sortzen diren kultura-mugimenduak aireratzea.

Ildo horretan, aipatzekoa da baita ere Gure Ahotik saioa. Donostiako musika-taldeak edo bakarlariak aurkezteko eta ezagutarazteko erreportajeak dira. Momentuz hiru egin dira, baina maiztasun handiagoz grabatzen hastea da gure asmoa.

Trebakuntzaren arloa ere garrantzitsua da, bere estudioak hiritarren eskura jarri nahi dituen irrati batentzat. Hala, Casares Irratian lanean hasi orduko antolatu genuen lehenengo ikastaroa. Forki eta Sergio Errasti profesionalek emandako irratigintzako ikastaroa izan zen, eta oso denbora-tarte txikiarekin egin zen arren, deialdiak arrakasta izan zuen.

Ikasturte honetarako, berriz, eskaintza oparoa prestatu dugu, izen handiko profesionalekin: Forki eta Sergio Errasti (irratigintza), Xabi Unanue (irrati digitala), Kiko Jauregi (lokuzio profesionala), Inko Martin eta Galder Perez (irrati-antzerkia), Joxerra Garzia (jendaurrean hitz egin), eta Xabi Erkizia (Ahotsaren laborategia). Hala ere, oraingo honetan, ikastaroek ez dute hainbesteko arrakastarik izan, eta, askotan, ez gara iristen ari ikasle-kopuru minimoa izatera.

Azkenik, aipatzekoak dira urtean zehar egin ditugun hainbat emanaldi edo ekitaldi berezi:

Hauxe da, gutxi gorabehera, Casares Irratia berpizteko intentzioz, orain arte egin duguna. Ez da erronka erraza, eta oraindik badago, nola ez, zer egina; baina bultzadatxo bat eman diogu behintzat, eta pentsatzen dugu bide onean goazela.

Kategoria: Elhuyar, Komunikazioa. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>