Egungo gizartea, neurri handi batean, gizarte digitala da. Inoiz ez dugu hain eskura izan teknologia. Hain presente dago gure gizartean, askotan, teknologiaren bidez zabaldu nahi ditugun edukiak ahaztu egiten ditugula, eta euskarria dena jartzen dugu erdigunean.
Partaidetza-prozesuetan ere antzeko joera bat ikusten ari gara: presentziala ordezkatu nahian, partaidetza digitalaren alde egin dute hainbat erakundek, soilik digitala hautatuta. Digitalak, baina, ezin du ordezkatu ez harreman presentziala, ez parte hartzeko modua ere, aurrez aurreko partaidetzak errazten baitu elkar ezagutzea, besteen ideiak eta iritziak zuzenean ezagutzea, elkarrekin eraikitzea, tarteko bideak errazago aurkitzea… Beraz, teknologia baliatu behar dugu partaidetza prozesuetan, baina ez ezer ordezkatzeko, osagarri gisa baizik.
Izan ere, IKT tresnek aukera berriak eskaintzen dituzte: prozesuak kuantitatiboki herritar gehiagorekin garatzeko; komunitatea osatzeko eta harremanetan jartzeko; herritarrek jarrera proaktiboa izateko; gardentasunean irabazteko; eta, funtsean, demokrazian sakontzeko. Beraz, Osatzeko eta errazteko erabili behar dugu teknologia partaidetza prozesuetan, ez ordezkatzeko. Eta prozesu osoko ikuspegiarekin erabili behar dugu, ahal den neurrian, parte hartzeko aukera uneoro eskainiz.
Gaur-gaurkoz, ordea, plataforma gutxik lantzen dute prozesua ikuspegi horrekin: presentziala eta sarekoa elkar osatzeko prestatuak daudenak, fase guztietan parte hartzea ahalbidetzen dutenak, herritarren zein kudeatzaileen ikuspegia bateratzen dituztenak. Balio al dute sare sozial masiboek (twitter, facebook…) partaidetza-prozesuak bideratzeko? Gobernu irekien plataformak nahikoak dira horretarako? Jendea hauetan baldin badago, zergatik ez erabili hauek? Egia da herritarrak informatzeko kanal bat gehiago izan daitezkeela, baina berez ez daude pentsatuta eta diseinatuta partaidetza ahalbidetzeko. Zarata gehiegi dago; gaietan sakontzeko aukerarik ez dute eskaintzen, eta maiz, gainera, azaleko esamesetan geratzen dira; ez dute informazioa sistematizatzeko tresna integraturik; eta, batez ere, ez daude prozesu-ikuspegitik diseinatuta.
Horregatik, bestelako tresnak garatu behar ditugu, informazioa ez ezik, eztabaida, proposamenen lanketa, azterketa eta analisia eta deliberazioa ere erraztuko dutenak. Eta, baita ere, parte hartzeko prozesu fisikoa bukatu ondoren ere hartutako konpromisoei segimendua egiteko aukera eskainiko dutenak. Digitalki esku hartzen duenean ere, herritarrak parte izatearen sentimendua eduki behar du, diskurtsoan eragiteko gaitasuna daukala sentitu behar du, eztabaidaren eta irtenbidearen parte izan behar du. Digitalki parte hartzeak arazoetan murgiltzea eskatzen du, erabakiguneetan egon ahal izatea, emaitzak partekatu eta irtenbideetan ere parte hartu ahal izatea. Eta horrek, ezinbestean, tresna egokiak eskatzen ditu.
Bide horretan ekarpena egitera dator Elhuyarrek, software librean oinarrituta, garatu duen #PartaidetzaOn plataforma (partaidetzaon.elhuyar.eus), parte-hartzea erraztera eta ahalbidetzera, eztabaida eta komunitatearen osaeran laguntzera, prozesu fisikoak eta digitalak modu osagarrian landu ahal izateko, eta, bide batez, prozesu presentziala sustatzeko eta hobetzeko. Era berean, herritarrei zein kudeatzaileei informazioa errazago lantzen laguntzeko tresna izan nahi du, sare sozialen edo Gobernu Irekiaren ikuspegi estua zabaldu egiten duena. Horretarako, hizkuntzen teknologiak barneratuak ditu plataformak, informazioaren sistematizazioa, bilaketa aurreratua zein sailkatzea errazten dituztenak.