Nazioarteko negozioetarako prest dago nire enpresa?

Gero eta euskal enpresa gehiago ari dira munduan barrena zabaltzen, negozio-aukera berriak etxetik kanpo bilatzen. Horientzat, erronka handia izaten da, besteak beste, hizkuntza eta kultura berrietara egokitzea eta komunikazioa bideratzea. Zer hizkuntzatan hitz egingo dugu frantziarrekin? Nork egingo du berba txekieraz Pragako bezeroekin? Nola bideratuko ditugu Marokoko batzarrak, hango negozio-ohituren berri ez badugu? Kezka horietaz jabetuta eta Europako proiektu bat (EPIC) baliatuta, 2015ean auditoretzak egin genituen gure inguruko hainbat enpresatan, haien jardunaren indarguneak identifikatzeko eta etorkizunari begira aukera berriak proposatzeko.

Hurrengo lerroetan, ikuskaritza haietatik ateratako ondorioak eta enpresei helarazitako zenbait proposamen jaso ditugu:

  • Hizkuntza-irizpideak. Euskararekin eta gaztelaniarekin (biekin) lan egin duten enpresek, oro har, sentsibilitate handiagoa dute eta urratsak ematen dituzte beste hizkuntzak ere aintzat hartzeko. Hala ere, ingelesa nagusi da kasu askotan, eta nazioartean erabili beharreko hizkuntza-irizpideen inguruan ez dute hausnarketa sakonik egin; unean uneko erabakiak hartu dira, eta horrek koherentzia falta ekarri du kasu batzuetan.

PROPOSAMENA: hausnarketa egitea, irizpideak adostea eta hartutako erabakiak erakundearen lantoki guztietara zabaltzea, langile guztiek berdin joka dezaten.

  • Prestakuntza. Hizkuntzak ikasteko orduan, enpresa gehienetan hainbat hizkuntza ikasteko aukera dago, bai lantokian bertan bai hizkuntza-eskoletan. Hala ere, alor horrek baditu hutsuneak:

-   Langileen hizkuntza-gaitasunak ez dira sistematikoki erregistratzen. Langile bakoitzaren kasuan, gehienez ere, hari dagokion lanposturako behar diren hizkuntzei buruzko informazioa jasotzen da, ez beste hizkuntzena. Herrialde berrietara zabaltzeko orduan, enpresak ez daki zer langilerengana jo dezakeen, herrialde berri horretako hizkuntza dakien langilerik badagoen.

-   Langileen hizkuntza-gaitasuna ez da eguneratzen behar beste. Atzerriko hizkuntzak gutxitan erabiltzen dituzten langileen kasuan, gaitasuna txikituz joaten da, baldin eta hasierako mailari eusteko berariazko lanketa bat egiten ez bada.

-   Erakundeak eskaintzen duen hizkuntza-trebakuntzaren jarraipen estuagoa egitea komeni da. Esate batera, enpresa batzuetan hiru kanaletan oinarritutako kontrol-sistema bat ezartzen da: jarraipenerako batzarrak irakasleekin; elkarrizketak ikasleekin; lankideen pertzepzio orokorra, lan-ingurunean hizkuntzen erabilera nolakoa den ebaluatzen dutenak.

PROPOSAMENA: langileen hizkuntza-gaitasunen diagnostikoa egin, horren araberako trebakuntza eskaini, lorpenen jarraipena egin eta datu-basea sistematikoki eguneratu.

  • Itzulpenak. Enpresetan, itzulpenak hainbat modutara egiten dira: erakundearen barruan, itzulpen-enpresetara bidalita, helburu den herrialdeko profesionalen bidez… Hala ere, oro har, hizkuntza-teknologien erabilera ez dago zabalduta, eta arduradunek ez dute kontuan hartzen horiek erakundeari ekar diezaioketen errentagarritasuna.

PROPOSAMENA: hizkuntza-teknologiak erabili, eraginkorragoak izateko: terminologia-hiztegiak, itzulpen-memoriak, itzulpen automatikoa testuak ulertzeko, ahotsaren sintesia ahoskera lantzeko…

  • Kultura. Txinarekin lan egiten duten enpresek argi dute txinatarrekin negozioak egiteko hango kulturara egokitu behar dutela, baina beste herrialdeekin ez da berdina gertatzen, batez ere gertuagokotzat ditugunekin. Esaterako, Frantziarekiko harremanetan ingelesa erabiltzen da askotan, eta Ameriketako herrialde batzuetan, gaztelaniaz hitz egin arren, bestelakoak dira ohiturak, eta batzuetan ez dira kontuan hartzen.

PROPOSAMENA: beste herrialdeetako kulturari buruzko informazioa jaso txosten batean, eta horren gaineko prestakuntza eskaini langileei. Horretaz gain, bezero edo hornitzailearekin konfiantzazko harremana sortu, haren herrialdeko ohituren eta hizkuntza(ar)en berri izateko eta horien arabera jokatzeko.

  • Webgunea. Zenbat eta hizkuntza gehiagotara egokitu, negozio-aukera gehiago. Horretaz gain, interesgarria da tokian tokiko kulturara egokitzea: koloreak, argazkiak, ohiturak, izenak, transmititzen den mezua…

PROPOSAMENA. Xede-herrialdeetako hizkuntza(k) eta kultura kontuan hartu. Testu-motaren arabera, webgunean txertatutako itzulpen automatikoa ere onargarria izan daiteke.

Ondorio horiek guztiak Euskalitek antolatzen duen Kalitatearen Astean aurkeztu genituen, EKIN enpresako Iker Bengoarekin batera. Ikus bideoa.

epic-elhuyar

Kategoria: Elhuyar, Hizkuntza zerbitzuak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>