“Basauri oso herri erdalduna da. Kanpotik etorritako jende asko bizi da, eta gehienek ez dakite euskaraz. Udaletxean, dena gaztelaniaz egiten da: langileek gaztelaniaz egiten dute haien artean, gaztelaniaz egiten dute lan, eta gaztelaniaz hartzen dituzte herritarrak. Ez dute zerbitzua euskaraz emateko gaitasunik.”
Hori da kontatu digutena. Baina, benetan hala da?
2015eko udaberrian, Basauriko Udalean euskararen erabilera bultzatzeko sentsibilizazio- eta motibazio-saioak abiatu genituen. Aurretik, elkarrizketak egin genituen ataletako arduradunekin eta zenbait langilerekin, eta saioei ekin aurretik ere bagenekien Udalaren barruan euskararen erabilera oso txikia zela, bai zerbitzu-hizkuntzari bai lan-hizkuntzari zegokienez. “Basauri herri erdalduna da, eta ez dago udal-zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskaerarik”. Langileak eroso sentitzen ziren uste horren atzean ezkutatuta.
Sentsibilizazioa lantzeko saioak atalez atal egin genituen, 10-15 laguneko taldetan banatuta, eta hiru txandatan egin genituen, 2+1 egiturarekin: ondoz ondoko bi saio, 2-3 asteko tartearekin, eta jarraipeneko saio bat, hilabeteko tartearekin.
Lehenengo saioan, aukera izan genuen norberak euskararekin izandako ibilbidearen gainean hausnarketa egiteko, bai eta ingurukoen berri izateko ere. Horrela jakin genuen lankide bat Irlandan euskaldundu zela, nafarren artean, eta hainbat lagunek koskortzean ahaztu zutela txikitan aitita-amamengandik jasotako euskara. Batzuek unibertsitatera iristean utzi zioten euskaraz ikasteari; beste batzuek, berriz, ikasketak amaitu eta gero erabaki zuten euskara berreskuratzea. Aho zabalik begiratzen zioten elkarri, euskararen doinua lankidearen ahotan lehenengoz entzunda. Tartean, bazen euskaraz jakin ez arren bere ikuspuntua ere aintzat hartzeagatik hunkitu zenik ere.
Bigarren saioan, eguneroko lanean euskaraz egin daitezkeen funtzioak identifikatu genituen, eta horretarako ditugun oztopoak eta baliabideak aztertu genituen. Gehien aipatu zirenak hauek izan ziren:
- telefonoz euskaraz erantzutea
- herritarrei bilerak euskaraz egiteko aukera eskaintzea
- lankide euskaldunekin eta euskara ikasten ari direnekin euskaraz egitea
- telefonoan euskaraz egiten digutenean, gure euskara-maila txikia dela adierazteko eta nahi izanez gero deia beste lankide batengana bideratzeko eskaintza egiteko moduak lantzea
- itzultzailearen eta euskara-trebatzaileen laguntzarekin txantiloiak prestatzea eta euskarazko sorkuntza bultzatzea (itzulpen-eskaera jaitsi eta zuzenketa lehenestea)
- euskara-gaitasuna hobetzen jarraitzea
Saio horietan, gobernu-taldeak ere parte hartu zuen, gogo onez hartu ere. Taldeko gehienak euskaldunak dira, eta haien artean ohikoa da euskaraz berba egitea. Batez ere, herritarrenganako jarrera proaktiboa landu genuen; hau da, zer egin dezakegu gaztelaniaz egiten diguten herritar euskaldunek euskaraz egin diezaguten, solasaldi informaletan zein batzarretan?
Saioen balorazioa oso ona izan zen, eta gu aurrerapauso bat ematen lagundu izanaren poztasunarekin itzuli ginen bulegora. Han utzi genituen langileak, harreman batzuk euskaldunduta, telefonoa euskaraz hartzeari beldurra kenduta eta hiztun pasibo izateko urratsak egiten.
Zulotxo bat egin nahi genuke udaletxeko pareta batean, orain zelan ari diren ikusteko. Euskaraz jarraituko ote dute?