Hizkuntza Ekologistak Vitoria-Gasteizen

Hiztunpolisa liburu mamitsuan, Jon Sarasuak ideia eta proposamen ugari plazaratu zituen, eta besteak beste, erein beharra aldarrikatu zuen, hurrengo hamarraldietarako subjektu eragileen masa kritiko bat sortzeko baldintzak jartzea eta horiek behar bezala trebatzea, hau da, hazian inbertitzea. Neguan gaude, baina geure txikian, ereiten aritu ginen azaroan, eta ez dugu dudarik ereindakoa erneko dela etorkizunean.

Vitoria-Gasteiz hiriak baditu bereizgarri nabarmen batzuk, eta zerrendatzen hasiz gero, hor azalduko zaigu, seguru asko, inguruko herrialdeetako ikasleak jasotzea Arabako Campusean, eta nolako ekarpena egiten dioten hiriko egunerokoari; gainera, nolako ikasketak eskaintzen diren ikusita, Campusa euskararen arnasgunetzat ere jo izan da, gazte euskaldun ugariren elkargunea delako. Ikasle horietako askok euskaraz ikasteko eta bizitzeko hautua egin dute, baina batzuetan ez zaie erraza egiten, zailtasun ugariri egin behar izaten dietelako aurre egunerokoan. Oztopo horiek, ordea, gaindi daitezke behar bezala prestatuz gero, eta horretan aritu ginen Arabako Campuseko ikasle batzuekin, soziolinguistikako eta hizkuntza-ekologiako edukietan trebatzen, Vitoria-Gasteizeko Udalak martxan jarritako “Hizkuntza Ekologistak” proiektuaren bidez eta EHU/UPVren Arabako Campusarekin elkarlanean.

Helburu nagusia gazteak trebatzea izan zen, baina bagenituen, baita ere, helburu zehatzago batzuk: hizkuntzaren erabileraz gogoeta egitea eta eragitea, argumentuak eta erremintak ematea egunerokorako, hizkuntza-lider izateko ahalduntzea, ikasleek elkar ezagutzea eta elkarlanean jartzea… Laburbilduz, gazte horiek prestatu egin genituen, gero Ekolingua solas-jolasaren saio baten bideratzaile izan zitezen. Horrela, gazteekin teoria eta praktika uztartu genituen, eta hainbat alor landu: euskararen egoera, motibazioa, erabilera, esperientzia interesgarriak, hizkuntza-ekologiaren oinarriak… Funtsean, ohiko galdera batzuk egin eta erantzunak bilatu genituen: euskara lehenestea “diskriminazioa” da? Zer da “errespetua”? Badago hizkuntza zailik edo errazik, politik edo itsusirik? Hizkuntza-aniztasuna ona da?… Prestakuntza-saioen ondoren, deialdi zabala egin genuen, nahi zuen gazte orok Ekolinguan jolasteko, eta azaroaren 14an egin genuen saioa. Bertan, aurrera begirako gako ugari azpimarratu genituen: enpatiaren eta irmotasunaren garrantzia, autoestimuaren indarra, euskalkiak ematen duen berezitasuna, euskaraz egiteko “beharra” sortzea, hizkuntzei balioa ematen dieten ezaugarriak… Halaber, etorkizunerako konpromiso batzuk ere hartu genituen: lehen hitza euskaraz egitea, euskarazko produktuak kontsumitzea, euskararen aldeko eragile aktiboak izatea… Ekolingua, berez, jolasa da, baina jolasen bidez hartzen dira, sarritan, bizitzarako armak.

“Hizkuntza Ekologistak” proiektuaren bidez gazteak trebatu genituen etorkizunerako, eta seguru asko gazte horiek orain erosoago eta irmoago egingo diete aurre euskaldun izateak dakartzan zailtasunei, oztopoei eta erronkei. Ereina dago hazia Arabako Campusean, eta ez nolanahikoa, gainera; laster erneko zaizkigu kimu eta aukera berriak.

Kategoriak Elhuyar | Erantzun

Zirrara: diru-laguntza publikoen inpaktu soziala neurtzeko metodologia

Gure inguruan gailentzen ari diren gobernantza-ereduetan, Administrazioaren aurrekontuen eraginkortasunak eta kontu-emateak leku berezia hartu dute azken urteotan. Gobernu guztiak bereziki ahalegintzen dira ongi azaltzen dirua zertan eta nola inbertitzen den. Baina, gehienetan, eraginkortasun-printzipio hori Administrazioak berak sustatu eta gauzatutako egitasmoetara mugatu izan da. Ikuspegia zabaldu eta diru-laguntza deialdietan ere txertatu beharreko kultura dela sinetsita, diru-laguntza horiek gizartean duten eragina edo inpaktua neurtzeko metodologia garatu dugu. Izan ere, maiz agintarien kezka-iturri izaten da diru-laguntzen programen eraginkortasuna, bilatzen dituzten helburuak zer neurritan betetzen diren, diruz lagundutako programa eta ekintza horiek zer inpaktu duten herritarrengan, zer balio sustatzen diren edota gobernutik bultzatu nahi den eredu sozialaren ikuspunturik txertatzen ote den diruz lagundutako egitasmo horietan. Bestalde, diru-laguntza horien onuradunek ere munta horretako galderei erantzun behar izaten diete, maiz, euren lana zalantzan jarria ikusirik. Euren lanaren eragina gizarteari ikusarazteko premia badute, hortaz. Bi aldeei (Administrazioari eta eragindako entitateei) komeni zaie, beraz, datuen bidez agertzea guztion diru hori zertarako erabili den; eta diru-laguntzen bidez egiten den lan hori egingo ez balitz herrian zer hutsune geratuko litzatekeen ikusaraztea.

Behar horiei erantzuteko sortu dugu Zirrara metodologia, diru-laguntza publikoen inpaktu soziala neurtzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren laguntzaz, Usurbil eta Oñatiko udalek sustatuta, Sinnpleren eta Elhuyar Aholkularitzen gidaritzapean. Udal horietako bakoitzean diru-laguntzen bi deialdi hautatu ditugu: kulturakoa eta auzotasun-programakoa, Oñatin; eta kulturakoa eta kiroletakoa, Usurbilen. Horrela, deialdi horien bidez emandako diruarekin egin ziren egitasmoek herrian izan duten inpaktu soziala neurtu dugu.

Metodologia diseinatzeko orduan, inguruko esperientziak eta Europan dauden joera nagusiak aztertu genituen. Literaturak argi uzten du ezinezkoa dela eraikitzea eredu bakarra, ez adminitrazio guztietarako, ezta esku-hartze guztietarako ere. Nolanahi ere, eraiki dugun eredua oso moldagarria da, bai estrategietara, bai erakundeetara, baita diru-laguntzetara ere; halaber, egokituta dago Europako estandarretara, eta bat dator inguruan dauden inpaktu soziala neurtzeko joerekin. Hala, metodologia berriak prozesu komun bat du, administrazio guztietako edozein sailetarako erabilgarria dena, baina aplikatuko den aldi bakoitzerako inpaktu-eremu eta adierazle-eredu desberdinak eraikiko dituena, errealitate bakoitzera egokituta eta moldatuta. Ereduaren arloak edo moduluak udal bakoitzaren lan-arloak eta inpaktu-eremuak kontuan hartzen ditu, eta, hala, neurketarako adierazleak benetan eragindako aldaketara bideratzea lortzen dugu. Tresna guztiz malgua da, eta aurrez definitutako adierazle-sorta batetik abiatu arren, kasuan kasu, adierazleak gehitu edo aldatzeko aukera eskaintzen du. Era berean, metodologia diseinatzerakoan, aintzat hartu dugu gero egin beharreko datu-bilketetan ahalik eta baliabide gutxien erabili behar izatea. Europako Batasuneko gomendioek jasotzen dute prozesuan zehar herriko elkarte eta eragile sozialak aintzat hartzea, inpaktu-logika barneratzen joan daitezen, eta esperientzia pilotu honetan geuk ere txertatu egin dugu eragileon ikuspegia, eurak ere prozesuan inplikatuz.

Landa-lana

Lehenik, Gobernu-talde bakoitzak legegintzaldirako duen estrategia, sustatu nahi duen herri-eredua eta bultzatu nahi dituen balioak ezagutu ditugu. Diru-laguntzen programak aztertu ostean, udal bakoitzean bi hautatu ditugu, eta horietan balio horiek nola txertatzen diren aztertu dugu. Horrek ekarri du, gehienetan, deialdien azken xedea edo misioa berrikusi edo egokitu behar izatea, erakundearen estrategiarekin zehatzago lerrokatze aldera.

Diru-laguntzen programek aldaketak eragin nahi izaten dituzte onuradun izan daitezkeen pertsonengan eta erakundeetan. Epe motzean eta luzean diru-laguntzen deialdi bakoitzarekin bilatzen diren aldaketak aztertu ditugu, eta aldaketa horiek neurtzeko adierazleak sortu ditugu. Adierazle horien neurketak eman digu, hain zuzen ere, kasu bakoitzerako inpaktuaren emaitza.

Inpaktu hori txosten batean jaso dugu, eta irudi bidez laburbildu. Usurbil eta Oñatiko kulturako diru-laguntzen inpaktua laburbiltzen duten irudiak jaso ditugu segidan. Irudiotan ikus daiteke antzeko bi herri izanagatik ere, diru-laguntzaren xedea desberdina den neurrian, inpaktu-eremuak ere desberdinak direla, eta, beraz, azken emaitza ere desberdina dela.

Zirrara-Elhuyar-I

 

Zirrara-Elhuyar-II

Ikasitakoa

Prozesuak erakutsi digu Zirrara metodologia egokia dela Administrazioaren diru-laguntzen inpaktua kuantifikatzeko, eta diru-laguntzen bidez egindako lanaren hedapenerako oso tresna baliagarria dela. Edozein deialditan modu berean aplikatzeko urratsak sistematizatu egin ditugu, baina tresna malgua da deialdi bakoitzaren ezaugarrietara egokitzeko.

Gainera, udal-gobernuei gogoeta eragiteko tresna egokia da metodologia hau; izan ere, udalak xede komun baterantz bideratzen ditu, eta diru-laguntzen deialdien ikuspegi estrategikoa garatzen laguntzen die. Hala, metodologiak lagundu egiten du zehazten deialdi bakoitzaren bidez epe motzean, ertainean eta luzean lortu nahi den emaitza. Bestalde, metodologia honek lagundu egiten du deialdi bakoitzaren indarguneak eta hobetzeko alderdiak identifikatzen, eta aurrera begira egin daitezkeen aldaketak identifikatzen ditu. Azpimarratu beharreko beste alderdi bat bada herriko eragileak prozesuan txertatzeak dituen onurak, horiek udalen xede eta balioetan inplikatzea ahalbidetzen baitu.

Kategoriak Elhuyar | Erantzun

Udal-ordenantzak, berdintasunerako politikak indartzeko tresnak

Udal-ordenantzak

Badira bi hamarkada baino gehiago Hego Euskal Herriko udalerriak emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak lantzen hasi zirela, emakumeek bizitzako arlo guztietan jasaten duten zapalkuntza-egoera iraultzeko eta euren bizi-baldintzak hobetzeko helburuarekin.

Urte horietan zehar, udaletako berdintasunerako zerbitzuak kanpora begirako jardueran zentratu dira batez ere, besteak beste, herritarrak berdintasunaren beharraz sentsibilizatzeko eta emakumeak ahalduntzeko ekimenak antolatuz. Genero-zeharlerrotasunaren estrategiak ez du hainbesteko ibilbiderik egin oraindik, langintza zaila baita inondik inora, estrategia honen arrakasta ez baitago Berdintasun Sailaren esku soilik. Genero-zeharlerrotasunaren erronka eta zailtasun nagusia bat eta bera dira, labur esatearren: berdintasunaz udaleko sail guztiak arduratzea, Berdintasun Sailetik harago, politika publikoetan genero-ikuspegia txertatuz. Eta langintza hau arrakastatsua izateko beharrezkoak dira konpromiso politiko sendoa, Berdintasun Sailak udal barruan errekonozimendua izatea eta udaleko periferiatik erdigunera ekartzea, langileen gutxieneko sentsibilizazioa eta inplikazioa, baliabideak jartzea eta udaleko kultura lantzea, elkarlanean aritzeko dinamikak sortuz.

Berdintasunean ibilbide bat egin ondoren, udal asko hasi dira genero-zeharlerrotasunaren estrategia garatzeko pausoak ematen eta, iruditzen zait, horretarako tresna indartsua dela berdintasunerako ordenantza. Hain zuzen ere, hori da Zarauzko Udalaren kasua: ahalegin handia egin da Udalaren barne-jarduera berdintasunaren ikuspegitik arautzeko.

Zein une da egokia udal-ordenantza lantzeko? Udal-ordenantza bat plan soil bat ez den neurrian,  gomendagarria da ordenantzei heldu aurretik berdintasun-politikatan bide bat egitea,  prozesua gidatuko duen berdintasunerako sailak sendotasuna eta errekonozimendua izatea, konpromiso politiko argia… Izan ere, ordenantzek, lege-maila altuagoa duten neurrian, aldaketak eragin behar dituzte, eta aldaketa horiei aurre egiteko oinarri sendo samarra behar da, ordenantza baliorik gabeko arau-multzo bat bilakatzea nahi ez badugu.

Zarauzko Udalak 2017ko maiatzeko Osoko Bilkuran onartu berri du Berdintasunerako Udal-ordenantza: 21 kapitulu, 63 artikulu, eztabaida askoren ondorengo fruitu. Emaitza garrantzitsua, inondik inora. Berdintasun-politikak lege-mandatua dira hemendik aurrera Zarautzen.

Emaitza ez ezik, ordea, ordenantza eraikitzeko prozesuak berak garrantzia eta protagonismo berezia izan du. Ordenantza garatzeko baldintzak sortzen hasteko baliatu dugu prozesua, Udal-langileak, teknikariak eta ordezkari politikoak sentsibilizatzeko, trebatzeko eta elkarlanean jartzeko ariketa eginez. 100 lagun baino gehiagok parte hartu dute trebakuntza-saioetan, orokorrak batzuk eta sail jakinen beharrak lantzeko, beste batzuk: Berdintasunerako ordenantzak, araudiak eta lege-markoa; hirigintzan genero-ikuspegia nola txertatu; politika publikoetan genero-ikuspegia txertatzea; herritarrentzako ekitaldietan eta jardueratan genero-ikuspegia; Gizarte Zerbitzuetan herritarrekin lan egitean genero-ikuspegia aintzat hartzea, lehenengo elkarrizketak nola egin, etab; eta kontratu nahiz diru-laguntza publikoetan berdintasuneko klausulak sartzea.

Behin Udal-ordenantza onartuta, ordea, inoiz baino ageriago jartzen da bitartekoen beharra. Udal-ordenantzak iparra marrazten du, egin beharrekoa, baina, kasu askotan, lanketa bat egitea eskatzen du, bide bat; eta horretarako, funtsezkoa da Udalak beharrezkoak diren baliabide guztiak jartzea; hori egin ezean, asko murriztuko baita Udal-ordenantzaren indar arauemailea.

Agian oraindik goiz samar da udal-ordenantzek emakumeen bizi-baldintzak hobetzeko eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzeko duten ahalmena neurtzeko. Ziurrenik araua ez da nahikoa izango; baina ordenantzek duten indar arauemaileak, epaitegien aurrean erreklama daitezkeen eskubide eta betebeharrak sortzeaz gain, beste udal-arau batzuk alda ditzake, eta maila bereko edo apalagoko arauek gai baten inguruan bere kontra egiten badute, indargabetu egiten ditu. Eta hori bera, bere horretan, bada zerbait, ezta?

Kategoriak Elhuyar | Erantzun

Une jakin batean lortutako arrakastaren zein zati dagokio aurretik egindako lanari?

For the Women’s House, Faith Ringgold.  Rikers Island emakumezkoen espetxean margotutako murala, 1971

For the Women’s House, Faith Ringgold.
Rikers Island emakumezkoen espetxean margotutako murala, 1971

Mari Luz Estebanek argitaratu duen azken liburuan honela dio: “azken aldian,  funtsezko hiru eremu iraunkor daude feminismoan ekintza espezifikoak bideratzeaz gain mota askotako emakumeen (eta gizon batzuen) bilgune gisa dihardutenak, eta aukera ematen dutenak ezagutza eta ekintzailetza uztartzeko, modu asko eta interesgarrietan”. Hiru eremu horien artean aipatzen ditu, hain juxtu, Emakumeen Etxeak. Eta, egia esanda, norberaren errealitate hurbilenetik begirada altxatuta badago nora begiratu: mugimendu feministaren aldarrikapena izan denak dagoeneko hainbat herritan izan du bere isla. Hor daude Arrasateko Emakumeen Txokoa, Azpeitiko Emakumeen Txokoa, Basauriko Marienea, Donostiako Emakumeen Etxea, Durangoko Andragunea, Eibarko Andretxea, Ermuko Emakumeen Topalekua eta Ondarroako Etxelila, egun Emakumeen Etxeen Sarea osatzen dutenak. Baina gehiago dira, han eta hemen, horrelako egitasmoak garatzen edo garatzeko asmotan diren udalerriak. Guk 2016-2017 ikasturtean garatutako Errenteriako Emakumeen Etxearen egitasmoa lehen pertsonan bizitzeko aukera izan dugu eta, egia esan, gozatu dugu.

Emakumeen Etxea definitzeko prozesuak hainbat lanketa egin beharra eskatzen zuen, hainbat galdera mahai gainean jarri eta horiei erantzun adostuak emateko ariketa egitea, alegia: Nolako Emakumeen Etxea nahi dugu? Zertarako? Zer eratako ekimenak egiteko? Zein ezaugarri fisiko behar ditu? Nortzuk izango dira erabiltzaileak eta bertako kideak? Zer nolako erabilerak ahalbidetuko ditu? Udalak eta emakumeek zer ekarpen egin beharko liokete Etxeari proiektua sendoa eta jasangarria izan dadin? Nola gobernatuko da Etxea eta zer erabaki-gune izango ditu? Bada, galdera horien guztien aurrean jarri, gogoeta egin eta adostasunetara iristeko, 6 bileratan elkartu dira ia 80 emakume, gazteak eta helduak; antolatuak eta antolatu gabeak; auzo desberdinetakoak; jatorri desberdinetakoak; parte hartzen ohituak eta horrelako prozesu batean lehen aldiz parte hartu dutenak. Hartu dute denbora, utzi dituzte alde batera bestelako eginkizunak, lotsak eta nekeak; egin dituzte proposamenak; iritzia eman eta besteena entzun dute; posizionatu dira; eta azkenik, adostu dute.

Adostu den proiektua bere osotasunean ezagutu nahi duenak ez du hona joan besterik. Bertan topatuko du Emakumeen Etxearen proiektua bera eta, baita prozesuan zehar egindako bileren aktak eta prozesua aberasteko egindako jardunaldiaren inguruko informazioa ere. Jardunaldi hartan azaldu ziren beste esperientzia batzuk, inspiratzaileak izan zitezkeenak. Zehazki, aurkeztu ziren Azpeitia, Ondarroa eta Donostiako Emakumeen Etxeen ezaugarriak eta dinamikak. Emakumeen Etxeen arteko antzekotasunak antzekotasun, Errenteriakoa ezaugarrituko duten elementu nagusiak, nire ustez, hauek dira:

  • Errenteriako Emakumeen Etxeak erreferentziazko gunea izan nahi du beste emakume batzuekin egon nahi duten Errenteriako zein eskualdeko emakumeentzat: erreferentzia, maila fisikoan zein sinbolikoan. Eta erreferentzia zertarako? Trebakuntzarako, aktibismo sozio-politikorako, harremanetarako, laguntza eskatu edo baliabideak eskuratzeko, eta, informazio-iturri gisa.
  • Ahalik eta emakume gehien erakarriko dituen proiektua izan nahi du, herrian egituratuta, Etxetik harago herriko talde eta elkarteekin sare gisa artikulatuta egongo dena. Etxeak Etxetik harago presente egon nahi du eta herriko elkarte eta kolektiboak Etxera erakarri, beti ere, emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta feminismoa lanketagai hartuta.
  • Jarduera irekia zein itxia izan nahi du Etxeak. Emakume elkarte eta taldeentzako bilgune eta lanerako gune izan nahi du, baina baita bertako jarduerekiko interesa duten herritar guztientzako trebakuntza- eta sentsibilizazio-gune ere. Ordutegiaren ikuspegitik ere, halakoxea izatea proposatzen da: ordu jakinetan publikoarentzako irekia, ordu jakinetan publikoarentzako itxia, baina Etxekideentzako erabilgarri.
  • Bere organoek irekiak eta gardenak izan nahi dute eta Emakumeen Etxearen organo gorena izango den Asanbladaren deialdiak publikoak izango dira. Asanblada proiektuaren helburu eta balioekin bat egin eta parte hartu nahi duten emakume (eta eragile) guztiek osatu ahal izango dute. Organo gorena dela diogu, bertan egingo direlako gogoeta eta eztabaida nagusiak eta bertan adostuko direlako Etxearen jarduerarekin lotutako erabaki nagusiak.
  • Etxearen ardura eta kudeaketa Udalaren eta bertako kide izan nahi duten emakumeen eta emakume-elkarteen arteko lankidetzan eta ardura partekatuan oinarrituta egin nahi da, bakoitzak dagokiona bere eginez eta lankidetza hori garatzeko espazioak sortuz. Besteak beste, Udalak eta Etxean parte hartzen duten elkarte eta emakumeek lankidetzan jarduteko Koordinazio Organo bat aurreikusi da.

Prozesuan gauza gutxi batzuk erabakita etorri dira: etxearen kokalekua, adibidez. Udalak berak proposatu du eta proposamen horri ez zaio eragozpenik jarri. Beste kontu batzuk, prozesuan landu diren arren, erabaki edo adostu gabe geratu dira, Etxearen izena kasu. Edonola ere, prozesuan parte hartu duten emakumeek, sentsibilitate desberdinetako emakumeen arteko lankidetzaren aldeko hautua egin duten bezalaxe, Udalaren eta emakumeen arteko lankidetza-markoen aldeko hautua egin dute.

Politika publikoak gizarte gisa ditugun erronkei eta arazoei aurre egiteko ditugun tresna garrantzitsuenak dira. Eta arazo eta erronka horiei modu egoki eta jasangarrian erantzun nahi badiegu, garrantzitsua da bakoitzak dagoen tokitik duen ezagutza partekatuz, arazoak eta erronkak zein diren elkarrekin identifikatzea eta arazo eta erronka horiei zer erantzun emango diegun elkarrekin adostea, Joan Subiratsek politika publikoen koprodukzioa deitzen duen hori. Baina horretarako, baldintzak sortu behar dira. Emakumeek (feminismoak) eta udalek elkarrekin jardungo badute, elkarrekikotasuna ezinbesteko printzipioa da: besteak beste, elkarren interesek eta nahiek tokia izatea; eman bai, baina jaso ere egiten dutela sentitzea; egindako ahaleginak nolabaiteko emaitza izango duela sinistea; bestearen asmoengan konfiantza izatea. Eta hori ez da prozesu bakarrean edo prozesu puntual batekin lortzen. Lanerako oinarri horiek denbora eskatzen dute eta dinamika jakinak etengabe elikatzea.

Errenteriako prozesuaren arrakastaren gakoetako bat hor dagoela esango nuke: azken urteetan sustatu diren elkarlanerako egitura iraunkorretan eta dinamiketan. Horregatik komeni da geure buruari galdetzea une jakin batean lortutako arrakastaren zein zati dagokion prozesuari berari eta zer aurretik egindako lanari.

Kategoriak Elhuyar, Emakume eta gizonen berdintasuna | 2 erantzun