Gai oso polit bat

Uste zabaldu samarra bide da «oso gai polita» dela forma egoki bakarra, eta, beraz, «gai oso polita» ordena desegokia dela, adibidez. Gramatika-lanetan eta ikasmaterialetan, lehena bakarrik aipatzen da gehienetan.

Orotariko Euskal Hiztegian, ordea, hainbat eta hainbat adibide aurki ditzakegu bigarren erakoak:

  • Andra oso garbixa eta zintzua arek artu dabena” Etxba Eib.
  • Gizon oso ona zen (V-gip)” Gte Erd 247.
  • Gelditu zen ekuste oso garbiarekin. Mb IArg II 311.
  • Biztu bear dogu amore oso eragingille bat. Añ LoraS 53.
  • Ordu oso luzeak igaro bear izaten zituen. Arr GB 67.
  • Lo nengoala agertu zitzaidan aingeru oso eder bat. Urruz Zer 15.
  • Nobelista oso gaizto bat zan au. Inza Azalp 131.
  • Baketsua da ta azikera oso onekua. Kk Ab II 101.
  • Bijotz orretan aspaldiz dauko / bere obi oso illuna. Laux BBa 48.
  • Bizikera edo gogo-lantze oso berezi eta bakarreko bat zerabilten. JMB ELG 24.
  • Lur oso karetsua ez du ain gogokoa. Munita 79.
  • Gizon oso jakitun bat zen hau. Mde Pr 135.
  • Ideia oso jenerala eta abstraktua da ori. Vill Jaink 165.
  • Belar oso usaitsua, zanpatuz urrin goxoa zeriona. Ibiñ Virgil 47n.
  • Momentu oso larriyak. Lopategi in Uzt Noiz 51.

Pixka bat aztertzen baditugu egiturak, zenbait ondorio atera dezakegu:

1. Izenaz eta adjektiboarekin artikuluaz bestelako determinatzaileren bat ageri denean, nahitaezkoa dirudi oso tartean sartzea. Ohart gaitezen, esaterako, hala gertatzen dela goiko adibideetan bat ageri den guztietan, edo bere ageri den horretan):

(?) oso aingeru eder bat
aingeru oso eder bat

(?) oso nobelista gaizto bat
nobelista oso gaizto bat

(?) bere oso hobi iluna?
bere hobi oso iluna

2. Oso tartean sartzea eragiten duten faktoreetako bat izan liteke izenaren luzera edo konplexutasuna ere, OEHko adibide horietako batek erakusten duenez:

(?) oso bizikera edo gogo-lantze berezi eta bakarreko bat
bizikera edo gogo-lantze oso berezi eta bakarreko bat

Ereduzko Prosa Gaurera jotzen badugu adibide bila, hor ere aurkituko ditugu adibideak, jakina. Ikus Juan Luis Zabalaren eta Josu Zabaletaren adibide bana:

  • Ez dirudi, ordea, obra hori merezi bezain ezaguna eta komeni bezain erabilia denik, behintzat profesional eta ikertzaile multzo ez oso zabal batetik kanpo (Berria, 2005-11-18).
  • Bi begien ikuseremu osoan gertatzen da, bai makilekin bai konoekin, eta sakontasunari buruzko informazio baliagarria ematen du begitik 100-120 metrorainoko distantzian; zeharbidez espazioari buruzko informazio bat ere ematen du: “erliebean” ikusten ez dena (igeltsuzko horma oso leun bat, adibidez) plano ikusiko da. (Irudia, Jacques Aumont / Josu Zabaleta, EHU, 2004).

Terminologian ere aurkitzen dugu, zenbait graduazio estandarrekin. Adibidez, faltak:

  • falta arina
  • falta astuna
  • falta oso astuna