Bi saindu heskualdun

Franzisko Laphitz, Bi saindu heskualdunen bizia, 1867. http://klasikoak.armiarma.com/idazlanak/L/LaphitzBisaindu.htm. Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin. Eskuineko moldaketa, gurea.

Portugaleko erregeak, Juanes hirurgarrenak, entzunik espantutan Iñazioren eta haren lagunen berri, Iñaziori bere lagunetarik sei galdatu ziotzan, Ebanjelioaren argia Indietarat ekhartzeko. Iñaziok ihardetsi zion hamar zirela guziak, eta sobera lan zela Erupan Indietarat seien igortzeko; igorriko ziotzala hatik biga, berthute eta jakitate handitakoak.Simon Rodriges eta Nikolas Bobadilla hautatu zituen lehenik; bainan Bobadillari sukhar gaxto bat lothurik, Zabier hautatu zuen haren ordain. Berri horren ekhartzean, Zabieri erran zion:

«Zeruaz deithua zare Indien konbertitzerat. Ene ahoz Aita Saindua zaizu mintzo, eta Aita Sainduaren ahoz Izpiritu Saindua. Konbertitzeko emanak zaizkitzu, ez zonbait herri, ez zonbait erresuma, bainan mundu bat, Erupa baino zabalago den mundu bat; ez zuen gutiago behar zure khar handiak. Zohazi beraz, anaia maitea, zohazi Jainkoak deitzen zaituen tokirat, eta bazter guziak erre zatzu zure bihotza erretzen duen su dibinoaz.»

Ezin erran diteke berri horrek zer atsegina egin zion Zabieri. Ametsetan jakina zen paganoen apostolu higatu beharra zela; bainan bere ethorkizunaz hobeki segurtatzearekin eskerrik handienak eman ziotzan Jainkoari, eta aita Iñaziori ihardetsi zion norat nahi juaiterat zagola.

Adioak, egun hartan berean, egin behar ukhan zituen Aita Sainduari eta Aita Iñaziori. Aita Sainduak, behex harturik, bere bihotza zabaldu zion, eta luzaz atxiki zuen, apostoluez elhe eta elhe: apostoluek zer bizia ereman zuten, zer indarrak egin zituzten; hark ere apostoluen urhatser behar zuela jarraiki, bizi bera behar zuela ereman, indar berak behar zituela egin. Azken besarka emaitean, bothererik hedatuenak eta benedizionerik aberatsenak eman ziotzan.

Erruma utzi zuen, Martxoaren hamabortzean 1540an, sotana larrutu bat soinean, kapa xahar bat bizkarrean, othoitzeko liburua besapean. Leihorrez egin zuen Lizbonarako bidea, Portugaleko enbaxadorearen lekhaio.

Zabiereko jauregian jakinak ziren Indietako urhatsa ukhan zuela Franzizkok, Portugaleko erregeak Lisbonan igurikatzen zuela, eta Lisbonarat Iruñen gaindi juan beharra zela. Guziek uste zuten sor lekhuaren eta ama xaharraren ikhusterat baztertuko zela. Ahaidego guzia, esperantza horrek bildu zuen Zabiereko jauregirat.

Amak, egun guziez muthil bat igortzen zuen Iruñerat, semearen berriketa; eta muthila hutsik ethortzean, amak hats beherapen batekin erraiten zuen:

«Bihar, behar bada, jakinen dugu zerbait; gauden begira.»

 

Portugaleko erregeak, Joanes hirugarrenak, entzunik espantutan[1] Inazioren eta haren lagunen berri, Inaziori bere lagunetarik sei galdatu zizkion, Ebanjelioaren argia Indietara ekartzeko. Inaziok ihardetsi zion hamar zirela guziak, eta sobera lan zela Europan, Indietara seien igortzeko; igorriko zizkiola haatik biga, bertute eta jakitate handitakoak.Simon Rodrigues eta Nicolas Bobadilla hautatu zituen lehenik; baina Bobadillari sukar gaizto bat loturik, Xabier hautatu zuen haren ordain. Berri horren ekartzean, Xabierri erran zion:

«Zeruaz deitua zara Indien konbertitzera. Ene ahoz Aita Saindua zaizu mintzo, eta Aita Sainduaren ahoz Izpiritu Saindua. Konbertitzeko emanak zaizkizu, ez zenbait herri, ez zenbait erresuma, baina mundu bat, Europa baino zabalago den mundu bat; ez zuen gutiago behar zure kar handiak. Zoaz beraz, anaia maitea, zoaz Jainkoak deitzen zaituen tokira, eta bazter guziak erre itzazu zure bihotza erretzen duen su dibinoaz.»

Ezin erran daiteke berri horrek zer atsegina egin zion Xabierri. Ametsetan jakina zen paganoen apostolu higatu[2] beharra zela; baina bere etorkizunaz hobeki segurtatzearekin eskerrik handienak eman zizkion Jainkoari, eta aita Inaziori ihardetsi zion noranahi joatera zegoela[3].

Adioak, egun hartan berean, egin behar ukan zituen Aita Sainduari eta Aita Inaziori. Aita Sainduak, bereiz harturik, bere bihotza zabaldu zion, eta luzaz atxiki zuen, apostoluez ele eta ele: apostoluek zer bizia eraman zuten, zer indarrak egin zituzten; hark ere apostoluen urratsei behar zuela jarraiki, bizi bera behar zuela eraman, indar berak behar zituela egin. Azken besarkada ematean, botererik hedatuenak eta benedizionerik aberatsenak eman zizkion.

Erroma utzi zuen, martxoaren hamabortzean 1540an, sotana larrutu bat soinean, kapa xahar bat bizkarrean, otoitzeko liburua besapean. Lehorrez egin zuen Lisboarako bidea, Portugaleko enbaxadorearen lekaio.

Xabierko jauregian jakinak ziren[4] Indietako urratsa ukan zuela Frantziskok, Portugaleko erregeak Lisboan igurikatzen zuela, eta Lisboara Iruñean gaindi joan beharra zela. Guziek uste zuten sorlekuaren eta ama xaharraren ikustera baztertuko zela. Ahaidego guzia, esperantza horrek bildu zuen Xabierko jauregira.

Amak, egun guziez mutil bat igortzen zuen Iruñera, semearen berriketa; eta mutila hutsik etortzean, amak hats beherapen batekin erraten zuen:

«Bihar, beharbada, jakinen dugu zerbait; gauden begira.»

 


[1] Ikus, OEHn, espantu 1: “Sorpresa, admiración, asombro” (ez da hori, hala ere, adierarik ezagunena gaur egun). Hiztegi Batuan sartuak dira espantu, espantu egin eta espantuka.

[2] Ikus, OEHn, higatu 2: “llegar a ser, convertirse en”. Xalbadorren adibide bat ere ageri da: Biek higatu behar duzue gaur erran hitzen esklabo. Xa Odol 321.

[3] Ez dakit askorik “-t(z)era egon” egituraz. Hor, “joateko prest zegoela” ulertzen dut. Baina beste adibide bat ekarri dit gogora: «Nire aita, Pedro Páramo delako bat, hemen bizi zela esan zidatelako etorri nintzen Comalara. Amak esan zidan. Eta nik promes egin nion bera hil bezain laster etorriko nintzela haren bila. Eskuak estutu nizkion halaxe egingo nuen seinale, hiltzera baitzegoen bera, eta ni, berriz, zernahi agintzeko aldartean». (Juan Rulfo: Pedro Páramo. Itzultzailea: Juan Garzia Garmendia. Ibaizabal. Bilbo, 2002). /// «Vine a Comala porque me dijeron que acá vivía mi padre, un tal Pedro Páramo. Mi madre me lo dijo. Y yo le prometí que vendría a verlo en cuanto ella muriera. Le apreté sus manos en señal de que lo haría; pues ella estaba por morirse y yo en plan de prometerlo todo».

[4] Alegia, “(han zeudenak) jakinak ziren”, “(han zeudenek) jakina zuten”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

Aldizkari ofizialak eta beste irakurtzen eta iruzkintzen